Iturberen dimisioaren alde bozkatu du oposizio osoak legebiltzarrean

Erabakia ez da nahitaez bete beharrekoa EITBrentzat, baina balio politiko handia du

Maite Iturbe Mendialdua EITBko zuzendari nagusia da 2013. urtetik. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2015eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren dimisioa eskatzeko mozioa eztabaidatu eta onartu egin zuten atzo Eusko Legebiltzarrean. PSEren eta UPDren taldeek aurkeztu zuten mozioa, eta horren alde bozkatuko zuen EH Bilduk. Irrati publikoetan 30 lanpostu kenduko lituzkeen erregulazio espedientea aurkezteagatik eskatu dute Iturberen dimisioa. Mozioaren alde 47 boto zenbatu zituzten, eta kontra, 27. Oposizio osoak bozkatu zuen Iturberen aurka.

EITBk ez du zertan bete legebiltzarrak eskaturikoa, baina balio politiko nabarmena du erabakiak. Enplegua erregulatzeko EITBko zuzendaritzak aurkezturiko dosierrak 79 langileri eragingo die. Mugagabeko kontratu ez-finkoa dute gehienek, eta Andoni Ortuzarren garaian kontratatu zituzten. Auzitegiek erabaki dute kontratu horiek ez direla legezkoak. Horren eraginez, lan eskaintza publikoa egingo du EITBk, baina 49 postu baino ez dituzte aterako lehiaketara.

PSE-EEren taldeak aurkeztu zuen mozioa, eta Mikel Unzalu eledunak defendatu zuen atzo legebiltzarrean. Lana erregulatzeko espedientea atzera botatzeko eskatu zion EITBri, eta Jaurlaritzari dei egin zion, lanpostuak gordetzeko ahalegina egin dezan. Mozioak Javier Salcedo EITBko giza baliabideen zuzendariaren dimisioa ere eskatzen duela gogoratu zuen Unzaluk.

EH Bilduko Urruzunok ETBren ikusle datu txarrak gogora ekarri zituen, eta ez zuela Iturberen alde bozkatu haren izendapenean. EITBren «informazio ildoa eta kontratazio politika bidegabea» salatu zituen. «Arazoa EITB osora hedatua dago, minbizia balitz bezala», esan zuen. EH Bilduren «marra gorria» lanpostuen murrizketan dagoela esan zuen.

EITBko organigrama «puztuta» dagoela gaineratu zuen, eta zuzendaritza postuak direla puztutakoak, ez langile postuak. «Beste zuzendari bat jarri beharko da EITBn, baina arazoak hor jarraituko du», gaineratu zuen. «Ez dugu Telemadrid bat nahi», esan zuen, «ez dugu beste EAJ-PSE akordio ilunik nahi».

PPko Nerea Llanosek gogoratu zuen EITBko «behin-behineko» langile batzuek hogei urte daramatzatela lanean. «Irratien ondoren zer, telebista izango da hurrengoa?», galdetu zuen. Edonola ere, EITB osorako azterketa eskatu zuen ondoren, lanpostuak «egokitze» aldera.

PPk ahal balu, EITBn «alimaleko erregulazioa» egingo lukeela erantzun zion EAJko Luke Uribe-Etxebarriak Llanosi. EITBko zuzendaritza «txukun» dabilela adierazi zuen. Lan eskaintza publikoa erregulazio espedientearekin «ez nahasteko» eskatu zuen, eta auzitegien erabakiek eragin dutela egoera. Bere garaian lan eskaintza publikoa sindikatuekin adostu zela nabarmendu zuen Uribe-Etxebarriak, eta gaineratu zuen PSE-EEk, orain mozioa aurkeztu duen horrek, ez zuela kontra bozkatu. «Inauteriak datoz, eta batzuek jantzi dute mozorroa», esan zuen, eta EH Bilduri «kikildu» izana egotzi zion.

Erregulazio espediente honen kontra egon arren, EITB osoa «argaltzeko» eskatu zuen UPDko Gorka Maneirok. ETBko kazetariak jomugan hartu zituen, bereziki eztabaida saioetako aurkezleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.