Irrati lizentziak banatzeko lehiaketa berriz egiteko eskatu du Hala Bedik

Irrati komunitario eta euskaldunek lekua izatea ziurtatzeko eskatu dute Eusko Legebiltzarrean

Ainhoa Villaverde Hala Bedi irratiko ordezkaria, atzo, Eusko Legebiltzarreko batzordean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2017ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ez da Iruñea, eta ez da Euskalerria Irratia, baina egoerak badu antza. Hala Bedi irratiak 30 urte baino gehiago daramatza lanean Gasteizen, Araba osorako, eta, oraindik ere, lizentziarik gabe daukate. Egoera salatzera joan ziren irratiaren ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarrera, eta legebiltzarkideei esan zieten Eusko Jaurlaritzari eskatzeko «irrati komunitarioen presentzia bermatuko duen beste lehiaketa bat» abiatzeko, 2012ko lizentzia banaketa egiteko prozesuan gertaturiko «irregulartasunak ikertzeko», eta euskarazko Halabedi2 irratiari behin-behinean adjudikatutako lizentzia behin betiko emateko.

Ilegala banaiz, alda zuen legea leloa zuen pankarta baten atzean bildu ziren Arabako hainbat herri mugimendutako kideak eta Hala Bediko ordezkariak legebiltzarraren aurrean. Tartean zen Ainhoa Villaverde irratiko kidea. Bilkura utzi, eta legebiltzarrean sartu zen Villaverde gero, legebiltzarkideei egoera salatzera eta eskaerak egitera.

Lizentziarik gabe 34 urtez

Hala Bedi irratia 1983. urtean sortu zela gogoratu zien Villaverdek ordezkari politikoei, eta «gordin» hitz egingo ziela ohartarazi zien. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako uhinetan «oihanaren legea» nagusi dela adierazi zuen. Lizentziak emateko lehiaketetan «euskararentzat gutxienekoak eta irrati komunitarioen ezaugarriak» kontuan hartzen ez direla salatu zuen. «Soilik dirua duten irratiek» har dezakete parte lehiaketetan, adierazi zuenez. Izan ere, lizentzia banatzeko orduan, irrati komertzialekin lehiatzera behartzen dituzte irabazteko asmorik gabekoak. Frantziak irrati komunitarioen legea du 1986. urtetik, eta horrek aukera eman die garatzeko irrati ez-publiko eta ez-komertzialei. Izan ere, zigorra kendu zieten irrati libreei, espektroaren heren bat eman zieten irabazi asmorik gabekoei, eta, gainera, laguntza publikoak jasotzeko aukera. Iparraldeko herri irratien loraldia legedi horretan oinarritzen da, hein batean.

Oso ezberdina da, ordea, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako egoera. Adibide bat: Eusko Jaurlaritzak 100.000 euroko bermea eskatzen die irratiei, lizentzia lehiaketetan parte hartzeko. «Hori urte osorakodaukagun aurrekontua baino gehiago da», esan zuen atzo Villaverdek.

EH Bildu eta Podemosek babestu egin zituzten atzo Hala Bediren eskaerak. «Egoeraren erantzule nagusiek, —PSE-EE eta EAJ— berriz, erantzutea saihestu dute», adierazi zuen Hala Bediko kideak, agerraldiaren ondoren.

Konpromisorik ez zen egon, beraz, atzoko saioan. «Halere, agerraldiak balio izan du erakusteko diala kate handien esku utzi nahi izan dutela EAJketa PSE-EEk», Villaverdek adierazi zuenez. Beste lizentzia banaketa bat egiteko eskaera berretsi zuen Hala Bediko kideak, aurrekoak izan zituen «irregulartasunak eta gabeziak konpontzeko». Hau da, irrati komunitarioentzat eta euskarazkoentzat kuota bat gordeko duen lehiaketa egiteko behingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.