Canal+ek euskarazko azpidatziekin estreinatuko ditu filmak abendutik

Jaurlaritzarekin elkarlanean, 247 filmetik gora eta 24 telesail euskaratuko dituzte 2016ra bitartean
Canal +eko Alex Martinez, atzo, Jaurlaritzako Uriarte sailburuarekin eta Baztarrika sailburuordearekin.
Canal +eko Alex Martinez, atzo, Jaurlaritzako Uriarte sailburuarekin eta Baztarrika sailburuordearekin. GORKA RUBIO / ARP

Edu Lartzanguren -

2014ko azaroak 18
«Edozein hizkuntzak fikziozko edukiak behar ditu, erreala izatekotan», esan zuen atzo Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Gasteizko gobernuak Canal+ katearekin sinaturiko ituna aurkeztu zuen Donostian. Horren bitartez, kateak aurrerantzean estreinatuko dituen film gehienak euskarazko azpidatziekin emango dituzte. Filmak zinema aretoetan eman eta lau hilabetera ematen dituzte Canal+ katean. Aretoetan arrakasta handiena lortu dutenak euskaratuko dituzte. Abenduan hasiko dira azpidatziak zabaltzen. Denera, 2016. urtera arte, 247 filmetik gora euskaratuko dituzte, eta nazioartean arrakasta handia lortutako 24 telesail.

Prentsa aurrean agertu ziren Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Baztarrika bera eta Alex Martinez Roig Canal+eko edukien zuzendari nagusia. Uriartek gogoratu zuen Euskararen Legeak herritarrei eskubidea ematen diela informazioa euskaraz jasotzeko: «Euskara aterako da garaile».

Hiru urterako egin dute hitzarmena, ikusleek denbora behar dutelako euskarazko azpidatziak erabiltzen ohitzeko, Baztarrikak esan zuenez. Euskaraturiko filmen kalitatea eta kantitatea nabarmendu zuten itunaren sinatzaileek. Izan ere, Canal+ek estreinatuko dituen filmen %60 azpidatziko dituzte euskaraz, betiere zinema aretoetan jasotako diruaren %90 irabazi dutenak. Aurten, 47 filmen eta bi telesailen azpidatziak egin eta emango dituzte. Datorren urtean, gutxienez ehun film eta 11 telesail azpidatziko dituzte, eta 2016an, beste horrenbeste. «Itun hau oso ona da euskararentzat eta euskal herritarrentzat, euskaraz gozatzeko aukera emango dielako», esan zuen Baztarrikak.

Ituna gauzatzeko aurrekontua 369.332 eurokoa da, eta, horretako, 200.000 inguru Jaurlaritzak jarriko du; gainerakoa, Canal+ek. Gobernua izango da azpidatzien jabe. Urtebetez, telebista kateak bakarrik erabili ahalko ditu azpidatzi horiek. Urtebete pasatuta, Jaurlaritzak eskuragarri jarriko ditu, Baztarrikak atzo esan zuenez. Halere, ez zuen argitu zein lizentziarekin eskainiko dituzten. «Ez dago merkataritza helbururik», adierazi zuen.

Canal+ «eredugarria» izan dela nabarmendu zuen sailburuordeak, eta «beste telebisten jarrera agerian uzten» duela iritzi zion. Baztarrikak salatu zuen Espainiako Konstituzioak hizkuntza eskubideen inguruan dioena «fikzioa» izan dela 36 urteotan. Telebistek doan izango dituzte azpidatziak, Canal+en urtebeteko epea bukatu ondoren. Canal+en bidea hartu beharko luketela adierazi zuen: «Inork ez dio uko egiten doan eskain dezakeenari».

Itunak «normaltasuna»ekarriko duela nabarmendu zuen Canal+eko ordezkariak. Gazteen artean ohiturak aldatu direla adierazi zuen: «Pirateriarekin, gazteak ohitu egin dira telesailak jatorriko hizkuntzan eta azpidatziekin ikusten». Euskarazko azpidatziak beti egongo dira eskura, ikuslea Euskal Herritik kanpo egonda ere. Baita Smart TV, Yombi eta beste plataforma guztietan ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna