'Barrura begiratzeko leihoak' filma emango dute ETB2n igandean

Dokumentala lagundu izana Bildu legez kanpo uzteko arrazoia zela esan zuen Madrilek 2012an

Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo eta Josu Martinez, zuzendarietatik hiru, estreinaldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2015eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Estreinatu zutenetik hiru urte eta erdi pasatu ondoren, Barrura begiratzeko leihoak filma datorren igandean ematea erabaki du Euskal Telebistak. Bost presoren inguruko bost atalez dago osatuta dokumentala, bakoitza zuzendari batek gidatutakoa. Historia gorabeheratsua izan du lanak. Donostiako Udalak diruz lagunduko zuela erabaki zuen 2012. urtean. Ordu gutxira, erabaki hori Bildu legez kanpo uzteko arrazoia zela esan zuen Espainiako Barne Ministro Jorge Fernandezek. Donostiako Zinemaldiak ez ematea erabaki zuen urte horretako jaialdian, eta zuzendariei kopia bat eskatu zien Madrilgo Auzitegi Nazionalak, ikertzeko.

«Apur bat berandu da, baina pozik gaude, galdutzat ematen genuelako bataila», esan du Josu Martinezek. Hark zuzendu zuen ataletako bat, eta beste zuzendarien lana koordinatu zuen. Irati Tobar preso gaztearen istorioa kontatu zuen Martinezek. Txaber Larreategik, berriz, espetxean 17 urte eman ondoren aske utzitako Jon Ugarterena zuzendu zuen. Jesus Mari Zalakain kazetaritza irakasle presoaren egoeraz aritu zen Enara Goikoetxea. Mireia Gabilondok Gotzone Lopez de Luzuriagaren kasua kontatu zuen, eta, azkenik, Mikel Antza ETAko buruzagi eta idazlearen berri eman zuen Eneko Olasagastik.

«Esperientzia mikatza izan zen alde askotatik», esan du Martinezek. Zinema egiten jarraitzeko gogoa kendu egin ziola gaineratu du; «eskerrak azkenean pasatu egin zitzaidala». Orain telebista publikoan emateak ez du kentzen orduan pairatu zuten «boikot eta jazarpena», baina pozik dago zuzendari taldea, aste honetanETBren zuzendaritzarekin hitz egin ondoren.

Azken hilabeteotan prentsan argitaraturiko hainbat gutun eraginkorrak izan direla uste du zuzendariak. ETBn Euskal Herriaren historia politikoaren inguruko dokumentalak ematen ari direla eta, Barrura begiratzeko leihoak zergatik ez eman galdetzen zioten gutunotan telebista publikoko zuzendaritzari. «Denbora pasatu izanak lagundu duela esango nuke, eta Edu Barinaga ETBko zuzendariaren apustu pertsonala ere izan dela».

Aurtengo martxoan Belfasten (Ipar Irlanda) izan da Martinez, zinema eta gatazkaren inguruan hitz egiten hango Quee's unibertsitatean. Euskal Herriko gatazkaren inguruko film bat egitea oraindik «apustu suizida» dela adierazi zuen han, egilea aldez aurretik epaitu egiten dutelako bere jarrera politikoarengatik.«Espero dezagun normaltasunez ematea dokumentala igandean, eta jendeak normaltasunez ikustea», adierazi du zuzendariak. Barrura begiratzeko leihoak 22:30ean emango dute, ETB2n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.