'The New York Times', kazetaritza bisualagoaren eta arinagoaren bila

Datozen urteetarako plana argitaratu du AEBetako kazetak, «aldaketaren erritmoa azkartzeko»
<em>The New York Times</em> egunkariaren eraikina, hiriko Zortzigarren Etorbideko 620. zenbakian.
The New York Times egunkariaren eraikina, hiriko Zortzigarren Etorbideko 620. zenbakian. ALEX TORRENEGRA

Edu Lartzanguren

2017ko urtarrilak 26
Internet bidezko kazetaritzaren alde apusturik argiena egin duen egunkari tradizionaletako bat izan da The New York Times azken urteotan. Eraldaketa azkartzeko, 2020 arteko plana egin dute, eta kazetaritza bisualagoa egiteko eta idazteko estilo informalagoa erabiltzeko dei egin diete kazetariei.

Zazpi kazetariko talde bat osatu du The New York Times-ek ikerketa egiteko. Kanpoko adituak eta barruko langileak elkarrizketatu dituzte, eta erredakzioaren egoera aztertu dute. Journalism That Stands Apart (Nabarmentzen den kazetaritza) txostena argitaratu berri dute, eta datozen hiru urterako zein ildo hartuko duten zehaztu dute.

Ez du apaltasun faltsurik The New York Times-ek, eta zenbaki erakustaldia egiten du: iaz ia 466 milioi euro poltsikoratu zituen Interneteko edukien bidez bakarrik. «Hori beste hedabide nagusietako askok batera irabazitakoa baino askoz gehiago da (tartean, BuzzFeed-ek, The Guardian-ek eta The Washington Post-ek)», idatzi du David Leonhardt kazetaria buru duen taldeak.

Kazetaren negozio eredua, publizitatean barik, harpidetzan oinarritzen dela adierazi dute. Izan ere, 2011. urtean hasi ziren irakurle-harpidedunetatik publizitatetik baino diru gehiago lortzen. Duela sei urte ezarri zuten harpidetza Interneten bidezko irakurleentzat. 2015erako milioi bat harpidedun digital zituzten, bakarrik Internetekoak. Gaur, milioi eta erdi dira.

Halako zenbakiak eduki arren, taldeak ez ditu aski ikusten gaurko erredakzioa mantentzeko. «Irabazten ari gara, baina ez konpainiaren helburuak betetzeko edo gure erredakzioaren lan kutunari eusteko adina», idatzi du taldeak. Izan ere, The New York Times-ek 1.100 kazetari baino gehiago ditu, eta ia 3.600 lagunek egiten dute lan kazeta argitaratzen duen konpainia osoan.

Interneten edukiengatik jasotzen duen dirua bikoizteko helburua jarri dio kazetak bere buruari: 745 milioi euro 2020rako.

Kazetak 200 artikulu inguru argitaratzen ditu egunero. «Informatzeko moduak bisualagoa izan behar du», ondorioztatu du aztertzaile taldeak. Horretako, Oak (haritz) izeneko erredakzio aplikazio bat ezarri dute: osagai bisualak sartzea errazten die kazetariei, direla irudiak, direla bideoak, direla grafikoak.

Kazetaritza digitalerako estiloa aldatu behar dutela esan diete erredaktoreei: «Idazteko modu instituzional gutxiago eta lagunarteko [conversational] gehiago». Hori «Interneteko lingua franca-rekin» bat datorrela azaldu dute. Horrez gain, lehen pertsona lasai erabiltzeko esan diete kazetariei.

Erredakzioan aniztasuna sustatu behar dutela ondorioztatu du taldeak: «Beltz gehiago, emakume gehiago, hiri nagusietatik kanpoko jende gehiago, kazetari gazteagoak eta ez-estatubatuar gehiago». Iazko udaberrian, auzitara eraman zituzten egunkariko buruak hainbat langile beltz botatzea leporatuta. Gazte zuriak lehenestea egotzi zieten.

Paperezko egunkariak antolakuntza eta lan erritmoa ezartzeko duen ahalmena txikiagotzeko dei egin du aztertzaile taldeak. «Gaurko antolakuntzak galarazten digu aldaketa digital gehiago egitea».

Edonola ere, Interneten arriskuez ohartarazten die txostenak kazetariei. Azaldu dutenez, 200.000 irakurle erakarri eta gogobete dituen artikulu batek askoz balio handiagoa du kazetarentzat, «biral bihurtu baina harpidedunik ekarri ez duen artikulu dibertigarri batek baino». Horregatik, arrakasta zer den berriz definitu beharra dagoela ondorioztatu du taldeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna