Antzerkiaren mundua eta punkaren historia, Hala Bediren saio berrietan

Gasteizko irrati libreak aurki beteko du 35. urteurrena, eta «sasoi berezia» iragarri du ospatzeko

Josune Velez de Mendizabal, Jason Guerra eta Marina Suarez, Kakatzarra irratsaioko aurkezleak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Gasteizko Hala Bedi irratiak 35 urte beteko ditu 2018. urtean, eta, horregatik, berriki iragarri duten sasoia berezia izango dela adierazi dute. Aurrerago esango dute zein ekitaldi prestatuko dituzten urteurrena ospatzeko, baina dagoeneko programazio berria aurkeztu du irratiak. Horretan, hainbat berrikuntza daude; tartean, hainbat musika estilori eskainitako saioak, eta, lehen, aldiz, antzerkigintzari begirako tarte bat.

Josune Velez de Mendizabal Parasite Kolektiboa taldean dabil antzerkigintzan, eta aste honetan Jokoa antzezlana estreinatuko du. Kazetari lanetan ibilitakoa da, baina duela bi urte antzerkira dedikatzea erabaki zuen. Orain, bi munduetan aritu ahalko da, Hala Bediko Kakatzarra saioa aurkezten hasiko baita. «Antzerkigileok oholtzara atera aurretik 'kakatzarra' oihukatzen dugu, elkarri zoriona opatzeko», azaldu du. «Oso ondo adierazten du irratsaioa zertaz izango den». Antzerkiaren, dantzaren, performancearen eta zirku modernoaren inguruko gaiak landuko dituzte. Velez de Mendizabalekin, Jason Guerra eta Marina Suarez antzerkigileak arituko dira saioa aurkezten.

Gaur bertan emango dute lehen saioa, 21:30ean. «Ostegunetan pintxo-pote dago Gasteizen, baina irratikoek prime time zela esanez engainatu gintuzten». Edonola ere, Hala Bediko saioak batez ere sarean entzuten dira gaur, entzuleak nahi duenean, azaldu duenez.

Zirkuitu komertzialetako ikuskizunez aritzeaz gain, horren ezagunak ez diren proiektuak ere ezagutarazi nahi dituzte saioan. Euskarazko eta gaztelerazko atalak izango dituzte. Elkarrizketak egingo dituzte antzezleekin edo zuzendariekin. Gaurko lehen saioan, Unai Lopez de Armentia zuzendariarekin arituko dira. Agenda saila izango du saioak, eta baita antzezlanen kritikari eskainitako atal bat ere. «Batzuetan, kritika elkarrizketarekin lotuta egongo da». Antzerkigintzaren terminologia azalduko dute sail didaktiko batean. Azkenik, irrati nobela egingo dute. Gidoilariak lanean ari dira, eta datorren astetik aurrera hasiko dira antzezten. «Antzerkizale komunitate polita dago Gasteizen, eta horren elkargunea izan nahi dugu».

Hala Bedi irratiko denboraldiko beste berrikuntza deigarrienetako bat No Fun(k) saioa izango da. Euskara hutsez, punk musikaren historia landuko dute, 1977an piztu zenetik gaur arte.

Iaz atsedena hartu zuen Laboratorio plat de cine irratsaioak, baina itzuli egingo da sasoi berrian. Komertziala ez den zinema lantzen du, asteazkenero, 23:00etatik 00:00etara.

Bi kate ditu irrati libre beteranoak: Hala Bedi Bat elebiduna da, eta 107.4 FMn entzun daiteke Gasteizen eta Lautadan, eta 107.7 FMn Arabako Errioxan. Hala Bedi Bi euskara hutsez da, eta 88.8 FMn dago entzungai Gasteizen eta Lautadan. Ohiko magazinez gain, 34 irratsaio propio izango dira programazio berrian. Horietatik hamar euskaraz, 22 gazteleraz eta bana ingelesez eta galizieraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.