Familia osoarentzako lehiaketa

'Burubero' dema «berritzailea» estreinatuko du Kike Amonarrizek astelehenean, ETB1en

Edu Lartzanguren.
2015eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Tonu «umoretsu eta alaia» hitzeman du Kike Amonarriz telebista aurkezle eta soziolinguistak. Lehiaketa berri batekin itzuliko da ETB1era astelehenean. Astero bost egunez, astelehenetik ostiralera ikusi ahalko da Burubero dema, 19:00etatik 20:00etara. «Familiarentzako» saioa izango da, eta Euskal Herriko tokien zein jendearen inguruko galdera orokor eta errazek mugituko dute lehia.

Orio Ekoiztetxearen ideia originala da Burubero, eta joko «berritzailea» dela esan du Amonarrizek, lehiatzeko hainbat modu erabiliko dituelako, eta azken atala zoruan jokatuko delako. Estudioko zorua pantaila erraldoi edo «tableta» bihurtuko dute, lehiakideak sariz eta zuloz beteriko ibilbide bat egin dezan. «Ezagutza, zortea eta estrategia» uztartu nahi izan dute horren bidez, Amonarrizek esan duenez. Azkeneko jokoa txingoka jokoarekin parekatu du aurkezleak.

Egunero bost lehiakide arituko dira Burubero-n. Saioa amaitutakoan puntu gutxien duenak etxerako bidea hartuko du.

Lehiaketa «zabala»

Familia osoarentzat, Euskal Herriko lurralde guztietako eta adin tarte ororentzako saioa izango dela hitzeman du Amonarrizek. «Lehiaketa oso zabala izango da, ahalik eta jende gehienarengana heltzeko».

Helburu diren horien artean euskara ikasten ari direnak daude. «Batzuetan badirudi ETB1 ikusteko euskara maila jasoa behar dela. Honekin erakutsi nahi dugu besteek ere hobetu, freskatu eta praktika dezaketela euskara telebistaren bidez». Ez dute hizkuntza sinpleagoa erabiliko, baina galderak idatzita ere agertuko dira pantailan. «Horrek asko lagunduko die».

Lehiaketak aurkezten aditua da Amonarriz. Mihiluze izan zuen azkena. «Mihiluze-n hizkuntzarekin jolastu ginen, eta Burubero-n Euskal Herriarekin jolastuko gara», esan du.

Zazpi proba

Saio bakoitzean zazpi erronkari aurre egin beharko diete lehiakideek. Errondan proban, Amonarrizen galderei erantzun zuzena eman beharko diete lehiakideek.

Kontzeptu ezkutu baten inguruan mintzatuko dira bi pertsonaTransmisioa proban, eta lehiakideek asmatu egin beharko dute zertaz ari diren.

Definizioa atalean, gauza bat definituko diete, eta zer den esateko eskatuko diete.

Bost pertsona ikusiko dituzte lehiakideek pantailetan Aurpegiak proban: ezezagunak, hainbat lanbidetakoak. Horietako bat aukeratu beharko dute, eta hark egingo dizkien galderei erantzun.

Buruz burukoa tartera bi lehiakide baino ez dira helduko. Bide bat aurkitu beharko dute helmugara ahalik eta lasterren iristeko. Oztopoak izango dituzte bidean, baina baita laguntzak ere.

Lehiaketa Zakuaren Bila probarekin amaituko da. Finalera iritsiko den lehiakideari gai bat ezarriko diote, eta sei galderari erantzun egokia aurkitu beharko die, emango dizkioten aukeren artean. Erantzun zuzen bakoitzeko 100 euro irabaziko ditu, eta denak asmatuz gero, zakua eramango du. Burubero-k 1.000 euro jarriko ditu jokoan egunero. Lehiakideek irabazten ez dutena zakura joango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.