KRITIKA. Donostiako 78. Hamabostaldia

Mundu berriaren bila

Arkaitz Mendoza.
2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun

CincinnatiOrkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Louis Langree Biolina: Renaud Capuçon Egitaraua: J. Adamsen Short Ride in a Fa st Machine, M. Bruchen Biolinerako 1go Kontzertua eta A. Dvoraken Mundu Berria Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 30.

Hilabeteko iraupena duen hamabostaldi musikatu hau amaitutzat eman dugu Cincinnatiko orkestrak burutu dituen bi emanaldiekin. Orkestra oso ona dela argi ikusi da, batez ere musika estatubatuarra jorratzean; tartean, John Adamsen piezan erakutsitako intentsitate ikaragarria. Oso orkestra biziak izaten dira estatubatuarrak, eta Cincinnatikoa ez da atzean geratzen. Perkusio talde fidagarria, haize metal indartsuak —nekatuagoak nabaritu nituen bigarren saio honetan, eta istant bakoitzean dena ematen duten harizko instrumentuak argudio osoz bete ziren interpretazio boteretsuak eskaintzeko. Agian ez dira oso finak izango une kilikagarrietan, baina Louis Langree zuzendari titularraren eskuetan musikalki dotore agertzen dira.

Renaud Capuçon biolinistak kontrabaxu baten arkua zuela zirudien. Soinu bortitza, ikaragarri handia, Max Bruchen Kontzertu famatuari astindu ederra emateko. Biolin ikasketetan lantzen den lehenetarikoa izaten da Bruchen Kontzertua. Teknikoki ez da zaila, heldutasun berezirik gabe jorratu daiteke, berebiziko zailtasuna osagai gutxirekin asko egitean datza-eta. Askeegi sentitu nuen Capuçon, orkestrari eta espresuki Langreeri jaramon asko egin gabe. Kontrabaxuak oso umil, lehen atalean duten erritmoaren garrantzitik jokoz kanpo. Zuzendariak oztopo gehiegi izan zituen bakarlariak ziztu bizian ihes egin ez zezan. Adagio pasartean konexio hobeagoan murgildu ziren, nahiz eta musika esaldi amaieretako itxarote desiragarriak ezerezean geratu.

Hilabete honetako azken platerkada Anton Dvoraken Mundu Berria Sinfonia izan da. Arrisku gutxiko erabakia egitarau ekoizpenean, baina jendaurrean dotore jasotzen den jakia da txekiarrarena. Urteetan Kursaaleko auditoriumean entzun ez den maila ikusgarrian azaldu zen tronpa bakarlaria, haluzinagarria! Bestela, bezperako maila berean aritu ziren beste atrilak; haize egurra itxuroso, harizko instrumentuen ahots grabeak egokitasunetik irten gabe, eta perkusioa lehergai rolean. Ea hurrengo edizioan mundu berriren bat bizitzeko aukera dugun, aurtengoa kontserbadorea, euskal musika eta musikari gutxikoa eta aurreikusgarriegia azaldu baitzaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.