Baskonia 86-77 Panathinaikos

Pultsua itzuli zaio

Baskoniak defentsako lan onari esker irabazi dio Panathinaikosi. Euroligako egoera asko okertzea eragotzi du garaipena lortuta
Jayson Granger Baskoniako antolatzailea esku bakarrez sasklra jaurtitzen, atzoko partidan.
Jayson Granger Baskoniako antolatzailea esku bakarrez sasklra jaurtitzen, atzoko partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko azaroak 24
Baskonia. Granger (11), Hilliard (12), Shields (4), Xengelia (16), Poirier (10) —hasierako bostekoa— Vildoza (10), Huertas (4), Janning (12), Garino, Voigtmann (7) eta Diop.

Panathinaikos. Calathes (5), Langford (33), Antetokunpo, Gist (2), Mitoglu —hasierako bostekoa— Lekavicius (2), Pappas (16), Lojeski (2), Papapetru, Thomas (3), Vougioukas (8) eta Lasme (6).

Markagailua. 20-12, 44-32; 73-55 eta 86-77.

Epaileak. Lamonica, Rizhik eta Pastusiak. Ez zuten inor kanporatu faltengatik.

Bestelakoak. 10.827 ikusle Buesa Arena pabilioian.

Baskoniaren sukarrak behera egin du. Euroligako egoerak hobera egin du, eta taldeari, apurka, pultsua bere onera itzultzen ari zaio. Panathinaikosen aurka irabazi zuen atzo, eta aurpegi hobea du orain. Horrek ez du esan nahi osasuntsu dagoenik, baina galdu izan balu egoera larria zatekeen. Egoera larria bederatzigarren jardunaldian? Bada, bai, hiru garaipenera lituzkeelako kanporaketa postuak. Orain, aldiz, bira ditu, eta garrantzitsuagoa dena, behingoz izen handiko talde baten aurka irabazi du Euroligan.

Perasovicek Euroligako lehen partida zuen etxean Gasteizera itzuli denetik. Esana du bere lehentasuna Europako egoera zuzentzea dela, eta jokalariek mezua ulertu dute. Hasieratik partidan sartuta egon ziren, kontzentrazio maila oso altuarekin, eta defentsan estutu zuten. Xengelia kapitaina izan zen inor erlaxatu ez zedin zaindu zuena. Milanen gau txarra izan ondoren atzo liderra izan zen. Lehen laurdenean 11 puntu sartu eta lau asistentzia eman zituen. Lider onak eredua emanez agintzen dutenak dira.

Xengeliak sozio ona aurkitu zuen Grangerrengan. Antolatzailea erabat osatu da, eta bien artean defentsa onaren oinarria ezarri zuten. Lehen laurdenean 20-12 zen aurretik Baskonia eta 44-32 atsedenaldian. Panathinaikos, aldiz, ez zebilen fin, oso deseroso erasoa. Calathesen jarduna izan zen horren eredu, bi puntu zeramatzan bakarrik atsedenaldian. Kanpokoek Pappasen ekinari esker eutsi zioten orekari.

Baskoniak alde polita lortu zuen, eta erabakigarria izan zen hirugarren laurdenean. Panathinaikosek oldarraldi txikiak izan zituen Langford eta Lasmeren eskutik, baina ez zuen errenta zazpi puntutik jaitsi eta Baskoniak lasai jokatzen jarraitzeko aukera izan zuen. Are gehiago, laurdenaren amaieran Vildozak eta Hilliarden eskutik aldea hemezortzi puntura zabaldu zuen (73-55). Une horretan, etxeko taldeak bederatzi hiruko zeramatzan hamahiru saiakeratik (%69). Sasoiko egunik onena izan zuen hiruko marratik.

Azken laurdenean Langfordek Panathinaikosen pisua hartu zuen bere gain —26 puntu sartu zituen azken bi laurdenetan—, eta izua barreiatu zuen Buesa Arenan (81-75, 37.min.). Eskolta trebeak erasorako bertute erakustaldia eman zuen buruz buruko jokaldietan, baina Janningek eragotzi zuen hondamendia hiruko saskiraketa batekin (84-75, 38. min).
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria