Literatura. 'Beltzak, juduak eta beste euskalduntasun batzuk'

Euskalduntasun konparatuak

Egilea: Joxe Azurmendi. Argitaletxea: Elkar.

2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941) da Euskal Herriaren pentsalari izateko lana hartu duten filosofo garrantzitsuenetako bat. Bere lan zabala eta oparoa —argitaratu dituen saiakeren zerrenda ikusi besterik ez dago— funtsezkoa da Euskal Herriaren gaur egungo egoera ulertzeko, egiten dituen gogoeten zorroztasuna eta pertinentzia eredu.

Hitzaurrean Xabier Mendiguren editoreak aitortzen duenez, Beltzak, juduak eta beste euskalduntasun batzuk (Elkar, 2018) liburua osatzen duten saiakerak ez dira berriak, 2002 eta 2011. urteen artean idatzi eta beste liburu batzuen baitan argitaratutakoak dira: hitzaurre gisa bi eta hitz-atze eta liburu kolektibo bateko atal gisa beste bana; saiakera hauek bilduma honetan elkarrekin ematea ez da, haatik, lan zentzugabea.

Azurmendik aurkezpenean esan zuen estaturik gabeko nazioen abertzaletasuna auzitan jartzen duten moduak direla liburuan agertzen direnak. Esan daiteke euskalduntasunen ukazioaren (eta, ondorioz, erresistentziaren) azterketa konparatu bat osatzen dutela testuok, konplexua eta ertz ugarikoa. Mendigurenek dioen bezala, Azurmendiren gogoeten ñabarduretan datza liburuaren balio osoa.

Mestizajea, multikulturalismoa izeneko saiakera, liburuko lehena, Ignazio Aiestaranen Munstro abertzalea (Elkar, 2003) poema-liburuan azaleratzen diren arazoen artikulazioa da. Négritudeko egileek eta nazio kolonizatuek aurre egin behar izan zieten arazoetatik abiatuta heltzen dio unibertsaltasunaren eta partikulartasunaren arteko kinkari, bere burua unibertsaltzat aurkezten (inposatzen) duenaren partikulartasuna agerian jarriz.

Juduaren ispiluan euskaldun bat ikusten da saiakeran judutasuna bizitzeko ereduez dihardu, eta paralelismoa egiten estaturik gabeko beste nazio batzuetako identitateekin, baina batez ere, beste saiakeretan bezala, euskalduntasunarekin. Puntu interesgarria iruditu zait, baita ere, XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera hebreeraren —eta, azkenean, Israelen— berrindartzeak inguru euskaltzaleetan izan zuen eraginarena.

Hirugarren atalaren izenburuak argi dio: Historia ez da ikusten, asmatu egiten da. Nazioaren justifikazio historikoaz mintzo da, justifikazio historiko horretan mitoak duen garrantziaz gehienbat. Amaieran, historia «asmatzeko» —aurrera egiteko— errezeta osasungarri bat ematen du: «Mito pixka bat —libertatez—, utopia apal bat, eta mundua gure aurrean zabalik».

Azken atala egin zait, dena dela, intentsuena; duen prosa asaldatuarengatik edo gaiaren gertukotasunagatik, agian. Espainiaz ari da, konkretuki, Espainola izateaz saiakera. 2006koa da, gero eta urrunago egon arren gertu dirudien garaikoa. Orduan bezala gaur gure ahotan dabiltzan Egunkaria-ren eta Egin-en itxiera bortitzak dauzka gogoan, besteak beste, euskaldun izatea beste irtenbiderik uzten ez duen Espainiaren (eta Frantziaren) zapalkuntza «irrazionala» salatzean.

Azurmendiren pentsamendura, filosofiara, hurbiltzeko aukera paregabea da liburu hau: bere laburrean eta egokitasunean irisgarria bezain interesgarri eta gogo-astintzailea. Obra arnasberritzailea da Azurmendirena, perspektiba argi batekin eta zentzuz garatua, Euskal Herritik mundua azaltzen duena, munduan duen lekua aldarrikatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.