Frantziako Tourra

Txiki ez, Martin hau handi da

Dan Martinek eraso ausarta egin du Bretainiako Horman gora, eta, azken kilometroa ihesean bakarrik egin ondoren, merezita irabazi du etapa. Bardetek 31 segundo galdu ditu, eta Dumoulinek, 1.10

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 13
Gipuzkoako Goierri eskualdeko ipuinetan, Martin Txikiren ausardia eta argitasuna goresten da. Ezagunenean, pertsonaia mitologikoa jentilengana joaten da, eta gari ale preziatuak lapurtzen dizkie abarketan. Argitzeko dago Martin hura Dan Martinen (UAE) arbasoa zen, edo izen-abizen kointzidentzia hutsa den. Izan ere, hark ere balentria egin zuen atzo Tourrean, ausardia eta aztikeria uztartuz, eta horrek eragiten du bien arteko harremanaren galdera. Martin Txikik, kondairaren arabera, garia munduan barrena zabal zedin lortu zuen. Dan Martinek, berriz, etapa ikusgarri bat baino ez zuen irabazi, eta, ondorioz, eragin txikiagoa izan zuen gizateriarengan. Hori bai, irabazteko moduak merezi du txirrindularitza ipuin liburuetan agertzea.

Dan Martinek, izan ere, jota utzi zituen tropeleko jentilak azken kilometroan. Atzoko etapa Mur-en amaitu zen, Bretainiako Horman: bi kilometro luze, batez besteko %6,9ko pendiza eta %15era arteko tarteak dituen koskatzarra. Fleche Wallonne edo Euskal Herriko Itzulian ohiko bihurtu diren etapa horien itxura zuen. 2015ean iritsi zen Tourra azkenekoz hara, eta irlandar ausarta bigarren izan zen. Arantza sartua zuen, hala onartu zuen helmugan besoak altxatu eta gero, eta hartaz geroztik mila aldiz kartografiatua zuen ibilbidea bere oroimenean. «Oso ondo ezagutzen nuen igoera».

Horregatik egin zuen saiakera ausarta. Helmugarako kilometro bat baino gehiago falta zenean egin zuen aurrera Martinek. Atzetik zituen, labana ahoan hartuta, sailkapeneko izen handi eta klasikozale onenak: Alejandro Valverde (Movistar), Peter Sagan (Bora), Phillipp Gilbert (BMC), Geraint Thomas (Sky)... eta, batez ere, Julian Alaphilippe (Quick Step). Frantziarraren neurrira eginiko etapa amaiera zen, eta, Quick Stepek etapa osoan eginiko kontrol lan handiaren ondoren, ziurtzat jo zitekeen eraso egingo zuela.

Baina ez, Sky taldea ziztu bizian sartu zen muinoan, eta haien erritmoari erantzunez egin zuen alde Martinek. Goizegi jo zuela zirudien, azken kilometro osoa tropelaren aurretik egitea desafio eroegia zela, baina ondo eutsi zion hogei metro eta bizpahiru segundoren abantailari. Pierre Latour (AG2r) izan zen Martin urduritu zuen bakarra, baina ez zuen harrapatu. Igoerak ehun metro gehiago izan balitu, agian bai, baina Martin Handik ondo zekien non zegoen helmuga marra.

Zigorra Dumoulini

Igoera motz eta gogorrak zehar kalteak eragin zituen sailkapenean. Esaterako, Chris Froomek (Sky) bost segundo galdu zituen faboritoekiko. Jakina da horrelako akaberak ez dituela gustuko. Rigoberto Uranek (Cannondale) 11 galdu zituen, eta Romain Bardetek (Ag2r), 26. Igoera hasi berritan, arazo mekanikoak izan zituen, eta Tony Gallopinekin aldatu behar izan zuen bizikleta.

Eguneko kaltetu nagusia, dena den, Tom Dumoulin izan zen, hark 1.10 galdu baitzuen. 50 segundo helmugan galdu zituen, eta beste hogei zigor baten ondorioz. Helmugatik bost kilometrora gurpila zulatu, eta jazarpen proba hasi zuen tropelarekin. Ordurako, ziztu bizian zihoan igoerarantz, eta ez zuen harrapatu. Ekinean, baina, metro asko egin zituen Sunweb taldearen autoaren babesean, eta horregatik zigortu zuen zuzendaritzak. Atzo arte, aurrenekoa zen irabazteko faboritoen artean, eta arazorik izan gabeko bakarrenetakoa.

Etapak, bestela, ohiko bilakaera izan zuen. Ihesaldia helmugatik 13 kilometrora harrapatu zuen tropelak. Errutina hautsi zuen bakarra Quick Stepek eragindako haize babesa izan zen. Helmugatik 100 kilometrora eragin, eta bitan zatitu zuen tropela. Nairo Quintanak eta Mikel Landak (Movistar) bost kilometro egin zituzten atzeko multzoan. Halere, gehien sufritu zuena Primoz Roglic (Lotto Jumbo) izan zen: hark 25 egin zituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria