Bartzelona 76 Baskonia 79

Sintoma onak, gehiago

Baskoniari ihes egin dio hogei punturen aldeak, eta azken txanpan behar baino gehiago sufritu du Superkopako finalerako sailkatzeko

Jayson Granger eta Shavon Shields Baskoniako jokalariak, atzo irabazitako partida ospatzen. XOAN REY / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Bartzelona. Heurtel, Blazic (3), Claver (13), Singleton (6), Tomic (9) —hasierako bostekoa— Pangos (10), Kuric (16), Font (2), Smits (9) eta Oriola (8), Pustovyi.

Kirolbet Baskonia. Granger (8), Janning (6), Shields (13), Voigtmann (5), Poirier (10) —hasierako bostekoa— Huertas (6), Vildoza, Hilliard (3), Garino (16), Xengelia (7) eta Diop (5).

Markagailua. 21-22, 34-49; 56-66 eta 76-79.Epaileak. Hierrezuelo, Perez Pizarro eta Peruga. Ez zuten inor kanporatu.Bestelakoak. 6.000 ikusle inguru Fontes do Sar pabiloian, Santiagon (Galizia).

Baskoniak atzo eman zituen sasoiko lehen pausoak, eta pauso sendoak balantzaka emanikoak baino gehiago izan ziren. Gasteizko taldeak maila oso ona eman zuen partidako lehen 25 minutuetan, eta horri esker irabazi zion Bartzelonari Superkopako lehen finalerdian. Hala ere, erdibiderik gabeko partida izan zen, bolada onak oso onak izan zirelako, eta txarrak, oso txarrak. Zorionez, tarte onak luzeagoak izan ziren, eta, hala ere, Bartzelonak partida luzapenera bidaltzeko aukera izan zuen. Kuricek, baina, ez zuen hirukoa sartu azken jabetzan.

Baskoniak seigarren aldiz jokatuko du gaur Superkopako finala (19:15, Movistar). Aurrenekoa du 2011z geroztik, eta Real Madrilek eta Obradoirok bart gauean jokaturiko beste finalerdiko irabazlea izango du aurkari. Urtez urte Superkopa garrantzia hartzen ari den titulu bat da, eta, logikoa denez, hobe da hasieratik itxura ona ematea. Horregatik da gazi-gozoa Baskoniak atzo lorturiko garaipena, hasieran eginiko lan onaren fruitua kareletik botatzeko zorian egon baitzen.

Baskoniak oso gutxi aldatu du taldea iragan sasoitik. Iazko denboraldi hasiera kaskarra izan zen, eta zama hori sasoi osoan nozitu zuen, Euroligan bereziki. Aurten, filmak ezberdin behar du, multzoari eutsi izanak hasiera ona ziurtatu beharko lukeelako, eta sentsazio hori zabaldu zuen atzoko partidaren hasieran. Baskoniak lehen zati oso ona jokatu zuen. Lehen zatia bainoago, bigarren laurdena. Defentsan oso estu hartu zuen Bartzelona, eta 34-49 iritsi zen aurretik atsedenaldira. Garinok 11 puntu sartu zituen, eta taldeak ondo mugitu zuen baloia.

Bartzelonak, berriz, itxura kaskarra eman zuen, zabarkeriaren mugan. Hirugarren laurdenaren hasiera aurrekoaren jarraipena izan zen. Baskoniak hogei punturen aldea ere izan zuen (40-60, 24. min), hein handi batean Shavon Shieldsen ekimenarengatik. Hiruko jaurtitzaile fina ez izan arren, trebea da barnealdietan, eta hamahiru puntu sartu zituen guztira; horietatik sei, jarraian. Hori bai, zuloa du defentsan.

Txakalaldi larria

Bartzelonaren susperraldiak ezinezkoa zirudien, baina Baskoniak hazten utzi zion. Bartzelonak, defentsa estutu, eta gasteiztarrak lotu zituen. Argia itzali egin zitzaion Baskoniari. Laurdenaren amaieran hamar puntura zegoen Bartzelona 56-66 (30. min), eta puntu bakarrera gerturatu zen (72-73, 37. min). Baskonia urduri zegoen, eta partida hasierako ahalegin fisikoa ordaindu zuen. Jokalari asko sasoitik kanpo daude oraindik.

Egoera oso zaila zen, eta ondo kudeatu zuen taldeak. Xengeliak egun txarra izan zuen, baina, une erabakigarrian pauso bat aurrera eman, eta lau puntu zituen jarraian giroa lasaitzeko. Baskoniak, baina, azken hiru erasoak huts egin zituen, eta Kuricek hiruko jaurtiketa garbia izan zuen partida berdintzeko. Eskolta izan zen Bartzelonaren jokalari onena, baina ezin izan zuen lana biribildu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.