Sei bertso saio Gasteizen

Santa Maria plazan bertso saioak izango dira egunero, asteartetik igandera. Haurrentzat 'Urpekariak' antzerkia egingo dute hilaren 4an

Miren Amuriza, bertsolaria eta idazlea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Erredakzioa
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Datorren astean, asteartetik igandera bitartean, sei bertso saio antolatu dituzte Arabako Bertsozaleen Elkarteak eta Gasteizko Udalak. Sei saioak Santa Maria plazan izango dira, bazkal aurretik, 13:30ean hasita.

Lehendabiziko saioan, abuztuaren 3an, Miren Amurizak, Unai Andak, Maddalen Arzallusek eta Xabi Igoak kantatuko dute. Oier Suarez izango da gai jartzailea. Bigarren saioan, hilaren 4an, Irati Anda, Aroa Arrizubieta, Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendi ariko dira, eta Uxue Diaz de Zeriok jardungo du gaia jartzen.

Abuztuaren 5ean Alaia Martinen eta Iñaki Viñaspreren txanda izango da; Etxaun Olanok jarritako gaiei emango diete arrapostu.

Manex Agirrek, Maialen Akizuk, Odei Barrosok eta Eli Zalduak jardungo dute hilaren 6an. Arantxa Sobrinok emango ditu gaiak.

Larunbatean, abuztuaren 7an, Peru Abarrategik, Oihana Aranak, Oihane Pereak eta Julio Sotok kantatuko dute. Aintzane Irazustak jarriko ditu gaiak. Eta musikari biren laguntza izango dute: Araitz Bizkai eta Gari Otamendi.

Igandean, hilaren 8an, Amaia Agirrek, Beñat Garaiok, Erika Lagomak eta Aitor Ugartek kantatuko dute. Nieves del Alamok jardungo du gai jartzaile.

Antzerkia haurrentzat

Asteazkenean, abuztuaren 4an, 12:00etan, Urpekariak haurrentzako antzerkia izango da Gasteizko Elvira Zulueta jauregiko lorategian.

Miren Amurizak eta Ane Labakak egindako gidoiaz, Eneko Arrate eta Lierni Hernandez aktoreek jokatuko dituzte Galtzerdi eta Leotardo pertsonaiak. Bi lagun horiek igerileku batean topo egin dute; aspertu samar daudenez, bihurrikeria bat bururatu zaie: igerilekua hustea, hondoan den tapoia kenduta. Asmatu beharko dute zerbait, sorosle begiluzearen zaintzari ihes egiteko.

Beste bertso-antzerki bat ere izango da datorren astean. Abuztuaren 5ean, 19:00etan, Zarauzko Villa Manuelako frontoian Hor konpon, Marianton egingo dute Eneko Arratek eta Aissa Intxaustik.

Abuztuaren 12an Ez da kasualitatea bertso saio musikatua egingo dute 12:00etan, Bilboko Abandoibarran, Guggenheim aldamenean. Miren Amurizak, Oihana Bartrak, Onintza Enbeitak, Jone Uriak, Ixak Arrutik eta Gari Otamendik parte hartuko dute.

Hilaren 12an bertso saio literarioa izango da Lekeition. Galarrena elkartean, 20:00etan, Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolarien kantuen gidaria izango da Miren Agur Meabe idazlea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.