Eliza katolikoa. Aita santuaren aukeraketa

Jesuita eta latinoamerikarra

Jorge Mario Bergoglio artzapezpiku argentinarra aukeratu dute 115 kardinalek; Frantzisko I.a aita santua izango daKirchnerren gobernuarekin muturtuta ibilitakoa da sexu berekoen ezkontzagatik

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
San Petri tximiniatik 19:07an atera zen atzo ke zuria. Kanpaiak jo eta jo, milaka lagun ikusminez zain egon ziren, Jean-Louis Tauran kardinalak izena noiz eman, Erromako euri finaren pean. Eliza katolikoak badu aita santu berria: Jorge Mario Bergoglio, 76 urteko jesuita, Buenos Airesko artzapezpikua, lehen aita santu latinoamerikarra eta jesuita ere bai. «Gaur hasi dugun bidea Elizarentzat emankorra izango dela iragartzen dut. Orain bedeinka zaitzatedan nahiko duzue, baina lehenik, jaunak babes nazan zuek egitea otoi eskatuko nizueke». Horiek izan ziren aita santu gisara egindako lehen hitzak.

Ez da aitasantugaien kinieletatikatera. Ez zegoen Angelo Scola, Gianfranco Ravasi, Marc Oullet edota Sean O'Malley buru ziren hamabi izenen artean, baina bi bloke nagusien arteko lehiak—italiarrak eta estatubatuarrak—inoren aldera egiten ez bazuen, hautagai egokitzat jotzen zuten, batez ere bere alde zeudenek. Halaxe izan da, aita santu trantsiziokoaren planta ere hartu diote. Bergogliok aurreko konklabean, 2005ean, boto asko eskuratu zituen, eta sektore moderatu-progresistaren faborito bilakatu zen, Ratzingerren lehiakiderik garrantzitsuena. Haren oinordekoa konklabearen bigarren egunean aukeratu dute, bosgarren bozketan. Joan Paulo I.a eta Benedikto XVI.a ere bi egunen ostean aukeratu zituzten,Joan Paulo II.arekin egun bat gehiago behar izan zuten.

Apala

Ezagutzen dutenek jesuita zuzena eta zorrotza dela nabarmentzen dute, erreforma zalea; pobreen alde eta ustelkeriaren kontra maiz aritu izan da, eta predikatzen duena praktikan jartzen du; bizitzeko moduak sinesgarritasuna ematen die esandakoei: Buenos Airesen metroz edo autobusez ibiltzen dela goraipatu dute aita santu egin dutenetik, apala dela nabarmentzeko; Aita Bergoglio deitzea gustatzen zitzaiola, ez gorentasuna, eta langileen aurreko mezak gustatzen zitzaiozkiola, beste edozeren gainetik0.

Iazko abuztuan esandakoa da hau: «Haserretu zaitezte injustiziaren kontra, ogia eta lana ez delako denontzat iristen». Haren ustez giza eskubideak ez dira urratzen indarkeria erabiliz edo hilez bakarrik: «Muturreko pobreziaren baldintzak eta ezberdintasun handiak sortzen dituzten egitura ekonomiko injustuek ere urratzen dituzte giza eskubideak». Denontzat dagoen lekuan gutxi batzuek izatea «tristea» iruditzen zitzaion. «Bizitzan asko dago nork bere alde egiten duena, batzuek bedeinkapen berezia izango balute bezala. Hori ez da bedeinkapena, maldizioa baizik».

Umeengatik sufritzen du asko, immigranteekin, eta prostitutekin. «Esklabotza ez da deuseztatu. Hiri honeran egunerokoa da, esan zuen Buenos Airesen giza trafikoaz ari zela. «Hiri honetan langileek esplorazioa pairatzen dute, tailer klandestinoetan».

Ezkontzak

Ricardo Corleto agustindarraren arabera, «horren zintzoa da gizona,Kirchnerren gobernuak ere ezin izan zuela alde ilunik topatu bere bidean, nahiz eta gogoz saiatu zen. Ez dago bera bezalakorik». Cristina Fernandezek gay eta lesbianen ezkontzen legea bultzatu zuenean jo zuen goia gobernuarekin zuen ika-mikak.

Eliza katolikoaren alderik kontserbadoreenetik urrun dago, baina abortuaz edo sexu berekoen ezkontzez esandakoak ez dute Elizako progresistenek amesten duten aita santuarekin zerikusirik. «Jainkoaren planaren aurkako asmo suntsitzailea» dira gay eta lesbianen ezkontzak. Abortua, berriz, ez du onartzen, ezta bortxaketa kasuetan ere: «Inoiz ez da irtenbidea; bizitza, ororen gainetik dago». Eustanasia, abortua bezala, heriotzaren kulturaren parte dira.

Beti izan da Eliza katolikoarekiko fidela. Ez dator korronte progresistetatik edota Askapen Teologiatik. Beti ordezkatu izan du Argentinako ortodoxoen alternatiba. Vatikanoaren burokraziatik urrun sentitu izan da, eta Erromara joatea ere zaiola gustatzen esaten dute.

Italiar immigranteen semea, 1936an jaio zen. 1998an egin zuten Buenos Airesko artzapezpiku. Argentinako 2001eko krisi ekonomikoan parte garrantzitsua izan zuen elkarrizketa politiko eta soziala bultzatzen. Nestor Kirchnerrekin harreman txarra izan zuen presidentetza hartu zuenetik, 2003tik. Diktadurako kriminalen kontra zabaldu zituen neurriengatik «exibizionista» deitu zion presidenteari. Kichner eta Fernandez aldaretik kritikatzea gustatzen zitzaion. Diktadurarekin harremana beti ukatu izan du.

Elizak ezagutu du garai samurragorik. Ustezko ustelkeria kasuek, pederastia akusazioek etaVatileaks auziko filtrazioek agerian utzi dute aita santu bakar batek ezin dezakeela kontrola bere inperioa, ministerio bakoitzak bere aldetik hartu dituelako hainbat erabaki. Horregatik, Vatikanoko ministerioak ongi antolatzen jakin beharko du aita santu berriak, guztiak gobernatu nahi baditu. Horrez gain, Elizaren irudia garbitzea, emakumeen rola berraztertzea eta krisiak gehien jotzen dituen behartsuen ondoan egoten asmatu beharko du. Urtez urte fededunak galtzen dituen erakundeak erakutsi beharko du gizartearen eskakizunetara moldatzen dakiela.

Erreakzioak

Latinoamerikako hainbat presidentek ongi hartu dute izendapena: Rafael Correa Ekuadorko presidenteak hauxe esan du: «Latinoamerikako aita santua dugu! Inoiz izan gabeko momentu historikoak ditugu hauek! Gora Frantzisko I.a!». Twitter bidez zabaldu du mezua.

Enrique Peña Mexikoko presidenteak, berriz, «Oniritzia» eman dio aita santu berriari Twitter bidez. Harekin harreman «adiskidetsu eta gertukoa» izatea espero du.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak ere Latinoamerikakoa izatea goraipatu du: «Frantzisko I.a aita santua agurtzen dugu, Latinoamerikako lehen aita santua». Twitter bidez zabaldu du mezua.

Vatikanotik ere ke zuriaren bidez adierazi eta gero, twitter bidez eman dute berria, eta Benedikto XVI.ak erabilitako kontua zabaldu dute berriz, denborak aldatzen diren seinale. Ikusi beharko da Elizaren gainerako erronketan ere aldatzen diren denborak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.