Kurdistan. Bake prozesurako urratsak

Armak utzi, eta politikaren garaia heldu da Kurdistanen

Ocalan PKK-ko buruak su-etena ezartzeko, gerrillariak Turkiatik erretiratzeko eta bide politikoari ekiteko deia egin du espetxetik«Bakerako gerrarako bezain prest» daudela esan du Karayilan PKK-ko buru militarrak

Armak utzi, eta politikaren garaia heldu da Kurdistanen.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Newroz egunean ospatzen dute urteberria kurduek, eta aurten urte berriak esanahi berezia hartu du eurentzat, iragana atzean uzten saiatu eta etorkizuna asmatzen hasteko ordua dela erabaki dutelako, armak isilarazi eta indarrak borroka politikoan jartzeko. Abdulla Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagiak iragarritako mezua entzun nahi zuten Diyarbakirren, eta horixe egin zuten bi milioi bat lagunek: «Aro berri baten hasiera da», utzi du idatzia Ocalanek eskuz idatzitako gutunean. Imrali espetxetik bidalitako hitzei Pervin Buldan BDP Bakea eta Demokrazia alderdiko presidenteak eman zien bizia, kurdueraz.

Su-etenaren garaia da, PKKren indar armatuak Turkiako mugatik kanpora erretiratzekoa, eta indarrak lan politikoan jartzekoa. «Iritsia da garaia armak isilarazi eta ideiak mintzo daitezen. Amaitua da lurralde honetan jende guztiari eragin dion odol isuria. Politikak armak ordezkatu behar ditu orain». Beste borroka baten hasiera da datorrena, «pentsamenduan, ideologian eta prozesu demokratikoan» oinarritua. Modernitate demokratikoa deitu dio ezarri behar den eredu berriari, aliantzetan oinarritua, ez gatazkan, eta auzian diren alde guztiei dagokie eredu hori lantzea, Ekialde Hurbileko eta Asia erdialdeko jende guztiarentzat. Esnatzen ari diren herriek bat egiteko deia ere egin du, prozesua oztopa dezaketenen aurka.

Gerrillarien erantzuna

Ocalanen eskutitza irakurri eta gutxira, PKK-ko buruzagi militarraren erantzuna etorri da. Murat Karayilanek babesa eman dio Ocalanen adierazpenari, eta nabarmendu du «bakerako gerrarako bezain prest» daudela. «Oinarri horren gainean bizitza emango diogu modu erabakigarrian Apo-k hasitako aro berriari»—Ocalanen ezizena—. «Konfiantza osoa daukagu guregan, gure indarrean, eta gure aukeretan, Kurdistan askatzeko, baina ez dugu gerra nahi gauza guztien gainetik; Estatuko buruzagiakprest badaude, gu ere prest egongo gara Kurdistan bide baketsuetatik askatzeko».

Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak esan duena kontuan hartuta, gerrillariei ez zaie Turkia uzteko trabarik jarriko, su-etena indarrean jartzen baldin bada. Su-etena aplikatzea «bereziki» da garrantzitsua lehen ministroarentzat, «esan nahiko bailuke segurtasun indarrek ez luketela ekin beharko». Ocalanen eskutitzaren edukiaren gainean, berriz, «ikuspuntu oso positiboa» duela uste du, «dei oso positiboa, baina garrantzitsuena da noraino aplikatuko den, eta nola jarriko den indarrean». Su-etena ezartzearekin batera «Turkia eta eskualde osoaren klima aldatu egingo» dela ere ziurtatu du, eta PKKren indar armatuak Turkiatik erretiratzeak «baretasuna» ekarriko du.

Baretasun hori eskertuko dutenek ere zeresanik izan dute atzoko adierazpena eta gero, hain zuzen, politikagintzan aritzeagatik jazarpena besterik izan ez duten BDP Bakea eta Demokrazia alderdiak eta DTK Gizarte Demokratikoaren Biltzarrekoak, besteak beste. Atzokoa prozesu demokratikoaren lehen eguntzat jo du Aysel Tuglukek, DTKpresidenteak, hitzordu historikoa, eta espero du Turkiako Gobernuak «arrazoizko erantzuna» ematea Ocalanen eskutitzari, prozesuan alde guztiek parte hartzeko deia egiten baitu, eta adierazteko askatasuna bide orri dutela.Mesopotamiako eta Anatoliako jende bezala, «bakea eta elkarbizitza» eskatu du Tuglukek. DTK-k 800 kide baino gehiago ditu, eta gehienak kurduak badira ere turkiarrak ere badaude tartean.

BDPko diputatu Sirri Sureyya Onderrentzat, «ate berri bat ireki da prozesu armatutik demokratizaziora. Garesti ordaindu dugu, baina kurduon ezein borroka ez da alferrikakoa izan. Injustiziaren kontra borrokatzen jarraitu behar dugu orain».

Bake prozesua

Abdulla Ocalan PKK-ko burua iazko urritik elkarrizketetan aritu da Turkiako Gobernuko zerbitzu sekretuko ordezkariekin, Marmara itsasoan dagoen Imrali uharteko espetxean, eta urtarrilean bildu zen lehenengoz Kurdistango ordezkaritza politiko bat harekin. Hilabeteotan, bake prozesurako estrategia bat marrazten aritu da. BDPko diputatuekin Imrali espetxean egindako bileraz hitz egindakoaren zati bat baino ez zuten jakinarazi, baina Turkiako Radikal egunkariak Ocalanen asmo zehatzen berri eman zuen otsailaren 25ean.

Horren arabera, hiru urrats nagusi bereizten ditu lider politikoak baketzerako bidean: su-etena adostea, PKK-ko militanteak arriskurik gabe Turkiaren menpeko eremutik ateratzea eta, azkenik, armak uztea. Azken hori gauzatzeko, beharrezkoa izango da lehen bi baldintzak betetzea. Horrez gain, PKKren eskakizun nagusiak bete beharko ditu Turkiako Gobernuak, besteak beste, tokiko administrazioen autonomia handitzea eta kurduerari jartzen dizkioten legezko oztopoak kentzea.

Zuhurtziaz jokatzeko eskatu izan dute PKKko hainbat buruzagik, haien ustez, okerra delako pentsatzea orain arteko urratsengatik lortu dutela irtenbide bat. Ocalanekin egindako elkarrizketez gain, Turkiako Estatuak ez du asmo sendorik adierazi 90 urtez errotuta dagoen arazoa konpontzeko. Gatazka armatua ingurune politiko batera ekartzeko Ocalanek bideratu dituen negoziazioek irtenbiderako perspektiba bat argitzea dute helburu, eta hori bada ahalegin esanguratsu, historiko eta baliotsua. Baina prozesuak bakea ekar dezakeen bezala, edozein unetan eten ere egin daiteke, AKP prozesura behar adina gerturatzen ez bada, eta gerrillariei erasotzen jarraitzen badute, ez dira euren burua defendatu gabe geratuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.