Oihane Agirre. Goiena telebistako programazio arduraduna

«Sortzaileak ekartzen lagunduko digu sariak»

Rikardo Arregi saria jaso berri du Goiena telebistak 'Kulturrizketak' saioarengatik. Kazetaririk gabeko elkarrizketa formatu berezia nola abiatu zuten azaldu du, eta saioaren etorkizunaz mintzatu da.
GOIENA

Edu Lartzanguren

2017ko uztailak 13
Oihane Agirre (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1972) Goiena telebistako programazio zuzendaria izan da azken hogei urteotan. Gipuzkoako telebistako Kulturrizketak saioak irabazi du Rikardo Arregi kazetaritza saria.

Rikardo Arregi saria jasotzeak saioari «hauspoa» eman diola esan duzu. Nola bultza dezake?

Alde batetik, jende gehiagok ikusiko duelako gure Interneteko kanalean. Beraz, sariaren eraginez, bigarren loraldia izan dezakete dagoeneko emaniko saioek. Bestalde, laster hasiko gara berriz ekoizpen lanetan, eta sortzaileak ekartzen lagunduko digu sariak. Gainera, saria bultzada handia da saioa egiten duen lantaldearentzat, hau talde lana delako. Formatuak funtzionatzen du, beraz, eta, orain arte, hamabi saio egin ditugu, eta sortzaileak, oraindik ere, pilo bat daude. Gu eskualde bateko telebista gara, baina argi dugu Euskal Herri osoko sortzaileengana heldu nahi dugula.

Durangoko Azokarako sortu zenuten Kulturrizketak saioa, 2014. urtean. Zer lortu nahi zenuten?

Kulturak beti izan du leku handia Goienan. Gipuzkoa kultura egin genuen hainbat urtez, baina, amaitu zenean, beste zerbait egin nahi genuen. Durangoko Azokan bertan hainbat saio ekoizten ditugu, baina gauza batzuk aurretik prestatuta eramaten ditugu. Urri-azaroan hasten gara ekoizten, eta beti geure platotik kanpo. Leku bereziak bilatu ditugu hasieratik.

Izan ere, lantegi batean aritu zarete azken boladan. Non dago?

Arrasateko sarraila lantegia izan zen. Orain hutsik dago. Lehen, Kulturateko klaustroan grabatzen genuen, baina arazoak genituen ordutegiekin. Taldeko batek lantegiaren berri eman zigun, grabatzeko leku aproposa zelakoan. Izan ere, eskualdeko telebista bati beti tokatzen zaio irudimena erabiltzea.

Kulturaren ikuspegi modernoagoa eman nahi zenuten horrekin?

Dekoratua irudi errealaren eta birtualen arteko hibridoa da. Hizkiak post-produkzioan gehitzen dizkiogu.

Hasieran, kazetari batek egiten zituen galderak. Gero, bina sortzaile parez pare jartzea erabaki zenuten. Zergatik kendu kazetaria?

Publizitatean erabili izan den formatua erabili nahi genuen; kasu honetan, bi sortzaile aurrez aurre. Gidoia lantzen genuen, eta protagonistekin hitz egiten genuen jorratu nahi zituzten gaien inguruan. Baina berehala ikusi genuen sortzaileek gidoiak baino asko gehiago ematen zigutela, eta ez ziotela kasu handirik egiten gidoiari, batez ere, girotzen zirenean.

Igor Elorza Unai Iturriagarekin jarri duzue; Kattalin Miner Karmele Jaiorekin; Harkaitz Cano Manu Muniategiandikoetxearekin; Alex Sardui Izaro Andresekin. Nola dakizue aurrez aurretik zein bikotek izango duen kimika ona?

Batzuetan bagenekien horietako batzuk elkarrekin lan egindakoak zirela, esaterako, edo elkar ezagutzen zutela. Adin kontrastea ere bilatu izan dugu. Bestetan, berriz, lanbide berekoak ziren, baina elkar ezagutu gabekoak: Kepa Errasti eta Ander Lipus, esaterako. Durangorako sortu ditugu bost saio, eta hor saiatu gara azokaren programazioarekin loturiko jendea biltzen, Errasti eta Lipus, kasurako. Gero, ikusi dugu, elkarrizketaren ondoren, harremana egin dela bi gonbidatuen artean; zerbait sortu dela.

Erraza izan da horrenbeste jende elkartzea?

Oso ekoizpen zaila izan da. Oso gaitza da agendak batzea, horietako askok sorkuntzaz gain beste lanbide bat dutelako. Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten guztiei.

Sariak irabaziko dituen beste formatu bereziren bat al duzue esku artean?

Rikardo Arregi saria irazi genuen 2015ean, Jon Salaberriren inguruko erreportajearekin [hiesaren kontrako borrokan aitzindaria izan zen Salaberri]. Badakigu halako lanek beste bitarteko batzuk eskatzen dituztela eta beste patxada batekin egin behar direla, baina horretan ari gara lanean. Emaitza lortzen dela ikusten dugu. Gertuko istorioak dira, azken batean, eta jendeak gustura ikusten ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna