Bera Bera 24-28 Elx

Aurrenekoan esan du agur

Bera Bera Kopatik kanpo geratu da final-laurdenetan, Elxen aurka 24-28 galdu ostean

Bera Berako jokalariak Elxeko Tchapcheti enbarazu egiten jaurtiketa batean. J.L. RECIO / RFEBM.
ainara arratibel gascon
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Bera Bera. Arruda, Etxeberria (3), Menendez (1), Cesareo, Arrojeria (1), Hernandez (3), Gil (5) —hasierako zazpikoa— Teres (2), Cavo, Fernandes, Pizzo (8, 5p.), Cardoso eta Silva.

Elx. Morales, Gasco (1), Flores (1), Martinez (5,3 p.), Tchapchet (3), Musons (11, 2p.), Bolling (2) —hasierako zazpikoa— Guillabert (1), Beatriz, Andreu (4), Zhukova, Duque eta Encinas.

Markagailua: 1-2; 4-5; 7-7; 8-10; 11-12; 13-14 (atsedenaldian); 14-16; 15-18; 17-22; 19-25; 21-28; eta 24-28. Epaileak. Macias eta Ruiz. Bera Berako Cesareo eta Etxeberria, eta Elxeko Zhukova, Bolling eta Martin egotzi dituzte.

Izaten dira egunak non talde bati ez zaion ezer ateratzen. Bada, hori pasatu zitzaion atzo Super Amara Berari. Kale edo baleko partida batean gertatu zitzaion, gainera, Espainiako Kopako azken faseko final-laurdenetan. Hala, txapelduna, eta irabazteko hautagai nagusia, etxera itzuli da, Eltxen aurka 24-28 galdu eta gero. Imanol Alvarezen jokalariak katalanen defentsan zulorik topatu ezinda aritu ziren, eta hori izan zen kanporaketaren gakoa. Donostiarrek espero dute atzokoa bezalako partidak ez izatea normaltasun berriaren parte, eta datorren larunbatean Ligari ohiko bidetik hastea: garaipenarekin.

Bera Berako jokalariek eta Alvarezek berak aurretik esana zuten ez zela partida erraza izango. «Elxek tranpa asko jarriko dizkigu, eta horiek gainditzen jakin behar dugu», adierazi zuen bezperan teknikariak. Kataluniako taldea bigarren izan zen aurreko ligan, gipuzkoarren atzetik. Gainera, Espainiako Kopan beti izaten dira ezusteak; eta, oraingoan, pandemiak eragindako eten luzearen ostean, gehiago izan zitezkeela aurreikusten zen.

Hori dena batu zen atzoko neurketan. Donostiarrak kontrakarrean aritu ziren neurketa hasieratik. Ez zuten beren lekua topatu, ez erasoan, ezta defentsan ere. Erasoan, Morales atezainarekin eta Elxek egindako defentsako lan onarekin egin zuten topo. Defentsan, aldiz, Musosns geratu ezinik aritu ziren. Ezker hegalekoak 11 gol sartu zituen, horietatik bi penaltiz. Amesgaiztoa izan zen. Ana Isabel Martinezek ere bost egin zituen.

Lehen zatian gorabehera gehiago izan ziren partidan. 2-4 hartu zuten aurre kataluniarrek. Bera Bera ez zegoen eroso, batez ere erasoan. Baina Pizzok penaltiz sartutako golei eta Arrudaren geldituei gertu segitu zuen. Aurretik ere jarri zen (8-7, 16. min). Baina Elxek estutzen jarraitu zuen, eta 0-3ko partzial batekin, 13-14 iritsi zen aurretik atsedenaldira. Partida airean zen.

Bigarren zatian Morales atezaina agertzen hasi zen. Gipuzkoarren eraso ahalegin ugari zapuztu zituen, eta taldekideek ondo baliatu zuten kontraerasoa partida hausteko. Musonsi Tchaptchet pibota gehitu zitzaion golak egiteko orduan. Jokaldiz jokaldi kataluniarrak aldea areagotuz joan ziren. Handiena zazpi golekoa izan zen: 20-27.

Partida amaitzeko hamar minutu baino gutxiago falta ziren, eta Bera Berak oso zail zuen kanporaketa igarotzea. Imanol Alvarezek arriskatu egin zuen. Atea hutsik utzi, eta erasoan zazpi jokalarirekin jokatu zuen. Baina aldea apur bat murrizteko baino ez zion balio izan. Azken emaitza 24-28 izan zen.

2011tik Bera Bera ez zen final-laurdenetan Kopatik kanpo geratzen. Partida amaieran argi mintzatu zen Alvarez. «Jakitun ginen zer egin behar genuen, baina gauzak ez zaizkigu ondo atera. Ez dugu asmatu Elxen defentsa gainditzen. Entrenatzaile naizen aldetik, ardura osoa nirea da. Burua altxatu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.