Jesus Rodriguez. 'La directa'-ko kazetaria

«Gizartean eragina izan dezake ikerketa lanak»

Victor Gibanel Bartzelonako Udaltzaingoaren informazioburu ohiak salaketak jarri zituen, 'Ciutat morta' zentsuratu nahian. Eutsi dioen bakarra Rodriguezen aurkakoa da, ohorea urratu diolakoan.
BERRIA

Urtzi Urkizu -

2015eko urtarrilak 23
Bederatzi urtez aritu da ikertzen Bartzelonako O-4 auzia. Ciutat morta-ren gidoilarietako bat da Jesus Rodriguez (Santa Coloma de Gramanet, Katalunia, 1974). Polizien presioak eta mehatxuak jaso ditu; batek «lepoa moztuko dizugu!» esan zion. «Baina ez didate beldurrik eragin».

Joan Delort Bartzelonako Udaltzaingoaren kudeatzaileak ukatu egin du Ciutat morta-ren bertsioa. Udaltzaingoak itxitzat jo nahi du auzia. Zergatik ez dituzte aintzat hartu auzia berriz zabaltzeko eskaerak?

Delortek nahi duena ezezta dezake, baina 2006ko gertaerez ez daki ezer. Mossoen buru zen orduan. Xavier Triasen eskutik Udaltzaingora iritsi zenean, aurreko burua bota zuen, eta ez daki txostenik baden ala ez. Arinegi egindako adierazpenak dira. Bestetik, atzo udaltzainburu batek esan zuen ez dela inoiz tortura kasurik izan. Horrek guztiak erakusten du iritziak berdintzeko nahia dagoela, justu udaltzain izandako zenbaitek tratu txarrez hitz egin duten garaian.

Justiziak zergatik uko egin zion ikertzeari?

Dinamika gaizto bat sortu zen. Aurreiritziak izan ziren pertsona batzuen aurka [atxilotuak]; komunikabideetan ez zitzaien kasurik egiten, eta haien hitza gutxi hartu zen kontuan, gehienak latinoamerikarrak zirelako jatorriz. Haien estetikaren eta janzkeraren estigma ere tartean zen. Bestalde, Bartzelonako Udalak interes berezia zuen gertaerak hango eraikinarekin ez lotzeko, udalarena baitzen, eta 1,5 milioi euroko erantzukizun zibila udalaren esku geldi zitekeen. Errudunak bilatzeko presio gogorra zegoen. Prozesua bizkortu egin zuten, pagaburu batzuk erruduntzat jotzeko.

Dokumentalaren taldeak lekukotza garrantzitsu bat eraman zuen atzo TV3era. Loreontzia nork bota zuen badakiela dio.

Dokumentalerako elkarrizketa labur bat grabatu zen lekuko batekin, baina nor zen ezkutatu nahi zuen. Aurpegia estalita eta ahotsa distortsionatuta grabatu zen, eta horrek sinesgarritasuna ken zezakeelakoan, ez sartzea erabaki zen. Gaiak hartu duen neurria ikusita, zuzendariek elkarrizketa hori argitaratzea erabaki dute.

Victor Gibanelek jarritako salaketa zeren adierazgarri da?

Dokumentalean, udalean zeuden karguak nortzuk ziren azaltzen ditugu. Udaltzaingoaren informazioburua ez zen ezaguna, eta nor zen azaldu genuen. Gibanelek dio bere aurkako erasoa dela, eta lana ematea galarazten saiatu zen. Bartzelonako epaitegiak hura azaltzen zen bost minutuak zentsuratzeko agindua eman zuen. Gero eutsi dion salaketa bakarra nire aurkakoa da, nor zen esateagatik ohorea urratu diodalakoan. 45.000 euro eskatzen dizkit. Ez dakit aurrera egingo duen.

Zentsura asmoak Streisand efektua ekarri du, ordea.

Canal33 katearen 26 urteko historian ikusle gehien izan duen emanaldia izan da: 569.000 ikusle. Internetez ere 200.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute.

Euskal Herrian polizia azpijokoak salatu izan dituzte. Halakoak ikertzera animatuko zenuke?

Oso garrantzitsua da halako azpijokoak dokumentatzea. Ciutat morta-ko ia informazio guztia La directa-k argitaratu zuen, idatziz, eta oihartzun mugatua izan zuen. Ikus-entzunezko lanak bere fruitua izan du, eta eragina izan du Katalunian. Polizia indarren jokabidearen inguruko ikusmoldea aldarazi du. Informazioaren kalitatea lehenetsi behar da, pazientziaz eta su motelean lan egin. Ikerketa lan batean denbora jartzeak eragina izan dezake gizartearen eraldaketan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna