Empar Marco. Valentziako irrati-telebista publikoko zuzendaria

«Hil edo bizikoak gara gure hizkuntzarentzat»

A Punt taldeko telebistak gaur hasiko ditu probako emankizun teknikoak. Marcok iragarri du telebistak bere martxa hartuko duela uda aurretik. Abenduaren 11n hasi zituzten irratiko emankizunak.

JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Kazetaria eta filologoa da Empar Marco (Godella, Herrialde Katalanak, 1959). TV3ren ordezkaria izan da Valentzian, 2004tik 2017ra. Lehiaketa publiko bidez iritsi da Valentziako irrati-telebista publikoko —aurrekoa 2013an itxi zuten— zuzendari kargura. Esan du466 langile ariko direla A Punt Media taldean.

Nolako zailtasunak izaten ari zarete irrati-telebista publiko berria martxan jartzeko?

Proiektu handia da, eta askotariko zailtasunak sortzen dira. Produkzio sistema berria artxiboarekin eta kontrol zentralarekin integratu behar dugu, eta hor teknologiarekin lotutako arazoak sortzen dira. Dena berria da, sortu eta integratu egin behar da, baina baita egonkortu ere. Langileek, gainera, teknologia berriari buruzko formakuntza behar dute. Bestetik, adjudikazio eta zerbitzuen kontratazio guztiak atzeratuz joan dira, denak lehiaketa publiko bidez egin behar direlako eta Europako Batasunetik pasatu behar dutelako.

Gaur hasiko dituzue telebistaren probako emisioak. Nolakoa izango da hasiera hori?

Proba teknikoekin zera ikusi nahi dugu, ea sistema guztiek behar bezala funtzionatzen duten. Lehenik eta behin, Canal9ko artxiboko saio batzuk eta haurrentzako eduki berri batzuk emango ditugu.

Nola egingo duzue lan ekoizpen etxeekin?

Leihatila sistema bat sortu dugu, proiektuak jasotzeko. Iristen zaizkigun proiektu guztiak aztertzen ditugu, eta erantzuna ematen dugu. Produktu batekin interesa dugunean, zorrotz jarraitzen diogu ekoizpen prozesuari.

A Punt Mediaren webgunea estreinatu duzue. Zer indargune izango ditu?

Albistegien weba, nahieran zerbitzuak, irratia, telebista eta haurren ataria ditugu plataforma horretan. Irrati eta telebistatik harago doan komunikabide publiko bat bihurtuko gaituzte streaming emankizunek eta zerbitzu guztiek.

Nolako saiakerak egin nahi dituzue gailu eramangarrietarako aplikazioetan?

Lehen aplikazioa orotarikoa izango da. Gero, La Colla haurren komunitatearena iritsiko da; kontrol mekanismoak izango ditu gurasoentzat. Guretzat funtsezkoak dira haurrak. Ez dugu nahi La Colla edukiak berriz jartzeko gune hutsa izatea. Beste balio bat eman nahi diogu, topagune eta parte hartzeko tresna izatea.

Zer moduz doaz irratiko emankizunak?

Irratia oso harrera ona izaten ari da, nahiz eta programazioa ez dagoen %100 egonkortuta. Kalean gabiltza, eta hartzaileak entzun nahi ditugu. Herritarrek eskatzen duten zerbitzu bat da irratia, eta funtsezkotzat jotzen dugu.

Taldeko edukiak valentzieraz dira. Zer garrantzia du hizkuntzarentzat eta hiztun komunitatearentzat irrati-telebista publikoa berriro martxan egoteak?

Oraintxe bertan, Europako eskualde bakarra ginen bere hizkuntzan hedabiderik ez zuena. Lauzpabost urtean, haurrek ez dituzte marrazki bizidunak valentzieraz ikusi, eta ahalegin aparta egin da hizkuntzaren iraupenerako. Bestetik, pozgarria da entzutea A Punti esker musikari edo idazle bat aurkitu dutela. Valentzieraren iraupenerako, hil edo bizikoa da hedabide normalizatuak izatea.

Nolako kontrol mekanismoak izango ditu zuzendaritzak?

Valentziako Gorteak dira kontrola. Errektore kontseiluko presidenteak eta neronek taldearen jardueren azalpenak ematen ditugu. Herritarren kontseilu bat sortu dute, gizarte zibileko eragileen hamazazpi ordezkarirekin. Kontseilu horrek aholkulari lanak beteko ditu. Finantza kontrolerako eta gobernu onerako mekanismoak ere ezarri nahi ditugu.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira erronka garrantzitsuenak?

Lehen erronka da herritarrak identifikatuta sentitzea hedabide publikoekin. Hori lortuz gero, errazagoa izango da dena. Baina horretarako kalitatezko informazioa eskaini behar diegu. Saio pluralak eskaini behar ditugu, egiazkoak, ikuskizun hutsari ihes egingo diotenak eta aldi berean gertukoak. Irizpide horiek entretenimenduzko saioetarako eta fikziorako balio dute. Hartzaile potentzialengana gerturatzeko betebeharra dugu, eta mundu digitalak eskaintzen dizkigun tresnekin egin nahi dugu hori. Egungo kontsumo ohiturak hartu behar ditugu kontuan. Arrakala digitalean daudenak abandonatu gabe, garai berrietara egokitu, eta ez diogu inori huts egin behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.