Irati Elizalde. Hamaika telebistako aurkezlea

«Ikusleei ezustekoa ematea espero dut»

'Bidegurutzea' saioa zuzentzeari eta aurkezteari ekin dio Elizaldek —bihar emango dute bigarren atala—. Kazetariak nabarmendu du «patxadaz» hitz egin nahi duela «zerbait kontatzeko dutenekin».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Hamaikan urte eta erdi darama lanean Irati Elizalde kazetariak (Donostia, 1990). Uda iritsi bitartean, Bidegurutzea gidatuko du asteazkenetan. Saioarekin «oso motibatua» dagoela azaldu du.

Aktualitatea hainbat formatutan landu izan duzu. Esatea libre saioa aurkeztu zenuen iaz. Zertan da ezberdina Bidegurutzea?

Formatua ezberdina da. Esatea libre mahai inguru bat zen, eta Bidegurutzea malguagoa izango da. Jokatuko dugu solasaldiekin, baina baita ere analisiekin, elkarrizketekin eta erreportajeekin.

Gurean gaur albistegian berriak labur ematen ditu Hamaikak. Gaiak sakonago lantzeko aukera emango dizu saioak, ezta?

Saio honek erroan dagoen zerbaitetara joko du: zerbait kontatzeko daukan pertsona. Aukera eman nahi diegu pertsona horiei esateko duten hori lasai eta patxadaz esateko.

Zergatik jarri diozue saoari Bidegurutzea izena?

Bidegurutze horretara gerturatzen denak senti dezake hori dela toki bat non erabaki dezakezun zer bide hartuko duzun. Iritzi askoren elkargune bat ere izan daiteke bidegurutzea.

Platoan eta platotik kanpo azaldu zara elkarrizketak egiten aurreneko emanaldian.

Platotik irtetea interesatzen zait zentzu estetiko batean, dinamismoa ematen diolako saioari, eta horrek ematen dit Euskal Herri osoan ibiltzeko aukera, eta jende gehiagorengana iristekoa. Platoan ditugun aulki berak autoan sartu, eta eramango ditugu Euskal Herriko edozein txokotara.

Elkarrizketak luze samarrak izango dira. Baina ez al doa egun dena bizkorregi telebistan?

Badaukagu joera jendeari esaldia amaitu aurretik mozteko, bereziki eztabaida politikoetan. Eta, aldi berean, bizi gara garai batean non jendea oso mobilizatua dagoen sozialki, asko ateratzen ari den kalera, eta interesatzen zait jakitea zein diren pertsona horien proposamen politikoak. Proposamen horiek entzuteko, nire denbora izango dute. Aktualitatean bete-betean inplikatuta daudenak elkarrizketatuko ditut, eta interesatzen zait haiekin sakonean hitz egiteko aukera izatea.

Saioa Baleztenak elkarrizketa bat katalanez egin zuen joan den astean. Sarri entzungo da programan katalanez?

Bai, katalanez, eta aukera dugun guztietan euskarazko azpidatziekin. Kataluniako prozesua jorratuko dugu, baina baita horren inguruan maila sozialean gertatzen ari den guztia ere. Herri mugimenduetan aldaketa handiak gertatzen ari dira, eta ordezkari politikoen planoa bezain interesgarria izan daiteke euskal ikusleentzat. Saioa Baleztenak gertutik ezagutzen ditu horiek, eta aukera ona da guretzat.

Askotariko iritzien artean, kolaboratzaileenak izango dituzue. Lehena Mirari Martiarenaren bideoa izan zen, umore berezikoa.

Astez aste joango gara kolaboratzaileak aurkezten. Kolaboratzaileek aktualitateari begiratuko diote umorez, satira eginez. Ikuspuntu propioa dute, erabateko askatasuna eman diegu, baina hiruzpalau minutuko bideo batean egin beharko dute hori.

Zer erronka jarri diozu zeure buruari saioarekin uda iritsi bitartean?

Espero dut ikusleentzat ezustekoa izatea, interesatzen zaizkien gaiei buruz hitz egitea orain arte telebistan ikusi ez ditugun pertsonekin. Orain arte ikusi ditugunak ere entzun nahiko genituzke, baina beste patxada batez.

Azkeneko bi urteetan jende askori egin dizkiozu galderak. Nor elkarrizketatuko zenuke orain arte elkarrizketatu ez duzuna?

Gustu handiz elkarrizketatuko dut laster Anaitz Funosas. Berak ordezkatzen duen Bake Bideak-ek rol erabakigarria izan du, eta emakume gisa hartu duen posizioa ere oso interesgarria iruditzen zait. Espero dut Kanbokoaren ostean, lasai hitz egin ahal izatea berak ere egin duen bideaz.

Zer moduz sentitzen zara kamera aurrean?

Ari naiz neurria hartzen telebistari. Gogoko dut zuzeneko saioetandugun adrenalina.

Webgunea eta aplikazioa berritu dituzue Hamaikan. Pozik?

Euskarri guztietan modu eroso eta errazean ikus daitezke orain Hamaikan, eta horri garrantzia handia ematen diogu. Badakigu ikusle askok sare sozialetan jarraitzen gaituztela, eta hor ere apustu handia egin dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.