Nazaret Castro eta Helena Silvestre. Kazetari feministak

«'Amazonas' andreen garrasira batu da»

Amerikako eta Espainiako hainbat andrek 'Amazonas' aldizkari feminista eta antikapitalista sortu berri dute. Silvestreren ideia batetik abiatuta eratu dute kolektiboa; «transbertsalitatea» dute oinarri.
BERRIA

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 14
Ikerketa kazetaritza independenteko Carro de Combate kolektiboaren sortzaileetako bat da Nazaret Castro (Jaraiz de la Vera, Espainia, 1980). Helena Silvestrek (Cidade de Maua, Brasil, 1984) ibilbide luzea egin du komunikazio arloko militante gisa.

Nola sortu duzue Amazonas aldizkaria, eta nola elkartu zarete?

NAZARET CASTRO: Ideia otsailean sortu zen. Sao Paulon, Helena Silvestrek ideia proposatu zidan, eta ezagutzen ditugun beste emakume batzuei deika hasi ginen. Bi hilabetean hogei kolaboratzaile lortu genituen: Argentina, Brasil, Mexiko, Kolonbia, Nikaragua eta Espainiakoak dira. Aldizkaria berriki eman dugu argitara, eta askoz andre gehiago gara orain. Amazonas beharrezko espazio bat da, espazio bat non emakumeek kezkatzen gaituzten gaien inguruan idatz dezakegun libreki. Baina Amazonas ez da komunikabide bat, kolektibo bat baizik. Emakumeen sare bat da, eta aldizkaria adierazpide eta artikulazio gisa erabiltzen du.

Zeintzuk izango dira proiektuaren helburu nagusiak?

N. C.: Aldizkariaren xedea da tresna bat izatea mundu osoko emakume kolektiboen artikulazioan laguntzeko, bereziki Latinoamerikan eta Espainian. Helburu nagusia gu geu ezagutzea izango da: apurka sarea egin eta bidean gure ahizpen borrokak ezagutzea. Veronica Gago Ni Una Menos-eko militanteak dioen moduan, mugimendu feministaren inteligentzia kolektiboa asmatzen ari da hainbat borroka artikulatzen.

Artikuluak gaztelaniaz eta portugesez daude. Beste hizkuntza batzuetan ere argitaratzeko asmorik ba al duzue?

HELENA SILVESTRE: Etorkizunean, testuak ingelesera itzulita argitaratzea espero dugu. Brasilen, bestalde, Assata Shakurren testuak portugesez itzultzen hasia da talde bat.

Nola finantzatuko duzue aldizkaria?

H. S.: Aldizkariko emakumeok jarritako diruarekin abiatu gara, eta lagunei eta aktibistei eskatu dizkiegun sosekin. Kontua da proiektua hazten ari dela, eta beste finantzaketa modu batzuk pentsatzera behartu gaituela. Gure oinarriekin bat egiten duten taldeek eta eragileek etorkizunean laguntzea espero dugu, betiere ez badiote mugarik jartzen gure adierazpen kritikoari.

Aldizkaria feministatzat eta antikapitalistatzat jo duzue. Zer balio feministak izango dute lehentasuna?

N. C.: Hainbat zapalkuntzaren transbertsalitatean gaude: genero zapalkuntzak, baina baita arrazakoak edota geografikoak ere: Europa versus herrialde kolonizatuak. Gure gogoetaren erdian dago bizitzari eusteko tradizionalki emakumeei egotzi zaien lana. Ikuspuntu horretatik, uste dugu funtsezkoa dela landa giroko emakume arrazializatuen sentimenduetara eta bizitzeko moduetara gerturatzea.

Etorkizunean ikus-entzunezko lanak egingo dituzue?

H.S.: Bai; etorkizun oso hurbilean, gainera. Ekainean bertan argitaratuko dugu lehen bideoa, Espainiako feminista batek egina. Amazonas-en gaudenen artean web diseinatzaileak daude, ilustratzaileak, itzultzaileak eta bideoak egiten dituztenak. Webgunean [www.revistaamazonas.com] hobekuntza txiki batzuk egin nahi ditugu.

Nola ikusten dituzue berdintasunarekin lotutako gaiak komunikabide handietan?

N. C.: Azkeneko urteetan, ikusi dugu emakumeen kontzientzia esnatu egin dela, borroken batuketari erantzunez. Gaur egun, ematen du jende guztiak izan nahi duela feminista, baina guk uste dugu feminismoa erradikala bakarrik izan daitekeela. Feminismoa da emakumeak pertsona garela jasotzen duen ideia erradikala. Genero gaien ikuspuntuak ezin du hori galdu; bestela, hedabide batean erreferente feminista baten elkarrizketa aterako dute, eta ondoko orrialdean dietak eta pasarelak azalduko dira. Ikuspegi antipatriarkalak argitaratzen den osotasunari eragin behar dio.

Gaur egun, zer ekarpen egin dezake Amazonas-ek?

H. S.: Amazonas emakumeen garrasira batu da, eta beste tresna bat da gogoetarako, trukeetarako eta pentsamenduetarako. Emakumeen borrokak indartzen lagundu nahi du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna