Lehengo moldean

'A French Session' diskoa atera du Paul San Martin piano jotzaileak. Bakarkako laugarrena du, eta bluesaren klasikoetan arakatzen du

Miren Garate.
Donostia
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
2017ko abenduko egun batean joan zen Paul San Martinpiano jotzailea (Donostia, 1979) Abdell B. Bop kontrabaxu jolearen Big Spoon estudiora, Frantziara, kantu batzuk grabatzera. Eta iazko otsaileko beste egun batean berriro. Hor geratu zen kontua. Ez zuen oso argi kantu horiek argitaratuko zituen edo ez. Abdell B. Bop bera arduratu zen nahasketak egiteaz, eta ekain aldera bidali zien materiala San Martini eta Romain Gratalon bateria jotzaileari. «Oso esku ona dauka vintage soinuarentzat, eta asko gustatu zitzaigun, oso-oso antzinako kutsua duen grabazioa da». Hala, bi egun horietako lanaren emaitza da A French Session diskoa (Gaztelupeko Hotsak).

Stay Blues taldearekin hasi zen San Martin. Tracks izan zen haren bakarkako lehen diskoa, eta Paul's Moods eta Paul San Martin & Romain Gratalon lanak etorri ziren gero. Zerikusi txikia du azken diskoak haiekin. «Hau askoz biziagoa da. Besteak ere bluesa grabatzen den moduan daude grabatuta, zuzenean, baina landuagoak dira». Hain azkar egitearen arrazoia zein izan den ere kontatu du: «Agendagatik. Eskolak ematen ditut, kontzertuak... Horrela egiten duzu edo ez duzu egiten. Azkenean, disko oso-oso bizia geratu da, jam session bat balitz bezala».

Aurrekoekin alderatuta, bada beste ezberdintasun esanguratsu bat ere. Ez dago bakarrik. Abdell B. Bopen kontrabaxuaren eta Gratalonen bateriaren laguntzaz gain, bi kolaborazio izan ditu. Alde batetik, Texasko Chris Ruest gitarra jotzailearena. «Askotan etortzen da Europara, eta aurrez ere harekin lan egindakoa nintzen». Eta, bestalde, Sylvain Tejerizo saxo tenor jotzailearena. «Blues estiloak eskatzen duen estilo jakin hori du, nik hot esaten diodana. Zigilu hori jarri dio».

Zortzi abestik osatzen dute A French Session. Blues, boogie woogie eta New Orleans estilokoak dira —ez du sartu konposizio propiorik—. «Beti gustatzen zait omenaldi txikiak egitea niri gustatzen zaidan jendeari. Denetik pixka bat aukeratu dut». Diskoan bertan ageri dira artista horietako batzuk. Hain zuzen, bereziki gustura geratu da San Martin Cheli Lanzagortak CDarentzat egindako diseinuarekin. «Ia binilo txiki bat da. Oso ondo harrapatzen du musikaren kontzeptua. Hizkiak ere satinatuta bezala daude azalean, binilo bat hartzea bezalakoa da sentsazioa».

Frantziarekin duen lotura berezia nabarmendu du piano jotzaileak. «Oso kuriosoa da, ez baitakit frantsesez. Urte asko pasatu dira Niko Wayne musikaria ezagutu nuenetik. Bi astean behin-edo etortzen zen jam session bat egitera Donostiara, elkar ezagutu genuen pixkanaka, eta ni Frantziara eramaten hasi zen. Orain ez dago jo ez dudan lekurik». Hango publikoak «pentsamolde mitomanoagoa» duela iruditzen zaiola kontatu du. «Norbait jotzen ikusten dutenean, asko gustatzen zaie diskoa erostea».

Azaldu du halakoetan posible dela 50 disko saltzea ere; izaten dira, ordea, lan bakarra saldutako egunak ere. Hala, batez ere bere buruarentzat egin duela diskoa kontatu du. «Lehenik eta behin, niretzat egin dut, egin nahi nuelako. Bestetik zerbaiten lekukotasuna uzteko, artxibatzeko modu bat da, bestela ohe azpian geratzen dira gauzak. Iñaki Salvadorrek esango lukeen bezala, momentuaren argazkiak dira diskoak, bestela galdu egiten dira».

Diskoa atera berritan, hainbat proiektu ditu esku artean San Martinek. Mojo Workin' jaialdia da gorriz markatuta duen hitzorduetako bat. Martxoaren 14tik 18ra izango da, Donostian. Musika afro-amerikarreko mitoetako batzuk gonbidatu ohi dituzte antolatzaileek, eta horiei laguntzen dien bandan ariko da pianista bosgarren aldiz. «Lau kontzertu izango ditut bi egunean, lau errepertorio, eta dezenteko lana da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.