Indarkeria matxista

Bidean harrera zentroan ez dute «hutsegiterik» ikusi, baina neurriak ezarriko dira

Gipuzkoako Diputazioak aldaketak agindu ditu indarkeria matxistaren biktimentzako zentroan, arta okerrari buruzko kritikak kontuan hartuta

Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, erdian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
Donostia
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Maiatzaren 8an agerraldi bat izan zen Donostian, salatzeko hainbat andre era «arduragabean» tratatu zituztela indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko Gipuzkoako zentro batean. Mugimendu feministako zenbait ordezkari mintzatu ziren zentro horren erabiltzaileen izenean. Atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak arazo horren aurka hartutako neurrien berri eman zuen; izan ere, aldundiaren ardurapeko zentro bat da —Bidean izenekoa—. Aditzera eman zuenez, aldundiak espediente bat ireki zuen zer gertatu zen argitzeko, eta zentroari buruzko espediente informatibo hori itxi egin dute; izan ere, ez dute detektatu «hutsunerik» espedientean. Hala ere, neurriak hartuko dituzte zentroaren funtzionamendua aldatzeko.

Mugimendu feministaren arabera, zentroan egondako hainbat emakumek eta haien seme-alabek tratu desegokiak jasan zituzten 2014tik 2018ra. Andre horien arabera, bertako langileek jarrera «okerra» izan zuten, eta emandako tratua «arduragabea» izan zen. Zentroan «osasunarenkalterako» baldintzak ere bazeudela azaldu zuten, eta hori langileen utzikeriaren ondorio zela. Peñak, ordea, esan zuen ez dela aparteko arazorik: «Egindako ikuspen, elkarrizketa eta jardueren bidez ezin izan dugu hutsune larririk detektatu. Aurrez hartutako neurriei esker, ez dago salatutako gabeziarik, eta arreta egokia eskaintzen da». Zehaztu zuenez, «irregulartasunak egiaztatu» ez badituzte ere, kexa horiek «aukera bat» dira zentroan eskaintzen den arreta hobetzeko.

Atzo, aldundiak hurrengo lau hilabeteetarako plangintza eta landu beharreko ikuspegiak aurreratu zituen, bilera tekniko batean. Bertan izan ziren, diputazioko ordezkariekin batera, Emakunde, Eusko Jaurlaritzako Biktimen arreta zerbitzua eta Gipuzkoan indarkeria matxistako biktimei arta ematen dieten hainbat zentrotako ordezkariak.

Neurri berriak

Egoera aztertu eta kolektiboko ordezkarien ekarpenak eta iritziak jaso ondoren, aldundiak hainbat neurri ezarriko ditu. Besteak beste, zentroa beste toki batera eramango dute. Hobekuntza plan bat ere abian jarriko dute. Horrez gain, emakumeen artarako baliabide berriak irekiko dituzte Donostialdean. Zentroaren egungo kudeaketa aldatu eta kontratazio agiri berriak prestatuko dituzte. Kontrola ere areagotuko da: emakumeei eskaintzen zaizkien laguntza zerbitzuak ebaluatu eta ikuskapenak ugarituko dituzte, eta koordinazioa sustatuko da alorreko gainerako eragileekin.

Foru aldundiaren ustez, «ezinbestekoa» da neurri horiek hartzea, indarkeria matxistaren biktima direnei eskaintzen zaien arreta «hobetzeko». Diputatuak «lasaitasun mezu bat» bidali die tratu txarrak jasaten dituzten edo jasateko arriskuan dauden emakumeei; adierazi du andre horiek «berme guztiarekin» egin ahal izango dutela baliabide horietarako urratsa.

EH Bilduren adierazpenak

EH Bilduk adierazi duenez, ordea, EAEko Arartekoaren behin-behineko txosten batean baieztatuta dago arazo «objektibo eta larriak» zeudela Bidean zentroan. Uste du aldundiak ez duela behar bezala jokatu, eta oposizioak hedabideetan egindako galderek ekarri dutela orain funtzionamenduaren gaineko neurriak hartzea. Gainera, salatu du erabaki hori «oso berandu» datorrela, tratu desegoki gehiegiren ostean: «Arazoari garaiz heldu izan baliote, gehienak saihesteko modukoak izango lirateke».

EH Bilduren arabera, ez da erantzun onik izan: «Batzar Nagusietan frogatu ahal izan dugu aldundiak utzikeriaz jokatu duela egoeraren larritasunaren berri izan zuenetik, eta ondorioz egoera muturreraino iritsi dela. Horregatik, aldundiari dei egiten diogu arazoak duen neurria onartzeko eta konponbideak lehenbailehen bilatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.