Kataluniako erreferenduma. Elkarrizketa. Jordi Cuixart. Omnium Culturaleko presidentea

«Nazioartearekin izango da lehen negoziazioa»

Ezinbestekoa iruditzen zaio liskarrik sortu gabe bozkatzea, horren arabera garatuko baita datozen egunetako bidea. Errepresioaren gainetik, «herri mobilizatu eta baketsua» aldarrikatu du. Itxaropentsu mintzo da etorkizunaz.

DANI CODINA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Bartzelona
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Jordi Cuixartek (Bartzelona, 1975) neke zantzuak ditu aurpegian, baina BERRIArekin gustura hitz egiteko tartea hartu du, baita galderak egin ere, egunkariari buruz. Egunero-egunero, hamaika ekitalditan parte hartzen du, orduero-orduero gertatzen direnei erantzuteko bilera inprobisatuak egiten dituzten bitartean. Herritarren mobilizazioen aurpegi bilakatu da, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentearekin batera. Urduri dago, bihar gerta daitekeenari begira, baina «irrikaz, pozez, benetan errepublika independentea egingo dugula sinistuta gaudelako».

Espainiako Auzitegi Nazionalak tramiterako onartu du zuen kontrako kereila. Noiz joan behar duzue deklaratzera?

Oraingoz dakiguna da fiskaltzaren dokumentua aztertzea onartu duela, zeina zehaztugabetasunez eta faltsukeriaz betea dagoen. Sedizio delitua leporatzen digute, baina gure ekintzetan zein delitu dago? Jordi Sanchez eta bion zeregina izan zen jendeari lasai egon zedin esatea. Bartzelona erdian 30.000 edo 40.000 pertsona lasaitzera atera ginen, Espainiako Estatuaren ekintza probokatzaile baten ondoren, egoitza autonomikoak miatzera joan zirenean, hamabost zerbitzari publiko atxilotu eta gero. Beraz, ordena publikoa aztoratzeko helburu argia izan dutenak Espainiako Gobernua eta justizia izan dira.

Deklaratuko duzue?

Deitzen gaituzten momentuan aztertuko dugu. Guk gureari eutsiko diogu: ez diogu inori utziko fokutik ken gaitzaten, biharko erreferendumaren eta ondorengo egunen fokutik. Badakigu Espainiako Estatua saiatzen ari dela,15.000 polizia zabalduz, kalean liskarrak sortzen. Ez dira lortzen ari, eta, beraz, atxiloketa hipotetiko batzuk egongo balira ere, gu geu tartean, ez dugu nahi jendea aztoratzeko balio izatea. Beraz, saiatuko gara oso kontuz ibiltzen, baloratuz azken unera arte egin behar duguna. Helburua argia da: erreferenduma ahalik eta berme gehienekin egitea. Eta hori ere kalean egon daitezkeen liskarren menpe dago. Denon artean eusten ari garen giro baketsu honetan egin behar dugu. Ez dagoelako ernegaziorik, baizik eta herri mobilizatu eta oso konbentzitu bat, hautetsontziak defendatu behar direla uste duena.

Erreferendumaren arrakastak erabat baldintza dezake datorren astean gerta litekeena.

Segurtasun osoa daukagu herritarrak masiboki aterako direla parte hartzera. Baina azken egunetan ikusten ari garena da noraino heldu nahi duen Espainiako Estatuak bere errepresioarekin, eta ezin dugu onartu indarkeriazko gertaerak egotea. Jendeari esaten ari gara, bai eta ezetz bozkatu nahi duen jendeari ere, indarkeria ekintza baten aurrean ipurdia lurrean izan behar dugula, jarrera baketsuan, eta desobedientzia zibikoa egin. Esaten ari gara jende guztiak bozkatu nahi duela, eta norbaitek azaldu beharko du nola Espainiako lau poliziak eta lau guardia zibilek geldiaraziko dituzten 5.000 pertsona baino gehiago eskola batean bozkatzen saiatzen ari direnean. Proportzionaltasun printzipioak behartzen ditu indarkeria ez erabiltzera, eta guk uste dugu eskola guztiak jendez gainezka egongo direla, bozkatzeko zain dagoen jendez.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak fiskaltzaren estrategia aldatu du. Alde onak eta txarrak ditu horrek.

Uste dut konturatu direla estrategia frankistak erabiltzea ez dela komenigarriena: hau da, segurtasun kate bat jartzea eskolatik ehun metrora. Jaun-andreok, hori egiteko 2.800 eskoletan 100.000 polizia, guardia zibil, mosso, ertzain eta Interpol erdia behar dituzue. Berri ona da auzitegiak esatea fiskaltzari ezin duela horrela jokatu. Baina zintzoak izan gaitezen: auzitegia ere ez da ari oso modu bidezkoan jokatzen. Ehun metroko debekua kendu badu ere, mossoak bidaltzen jarraituko du, eta, gainera, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila gehitu dizkio, nahi baitute indarkeria eragin. Baina horrenbeste urtean milaka modutara probokatzen saiatu dira, eta okertu dira esaten zutenak indarkeria gabe denaz hitz egin zitekeela.

Madrilek ere estrategiaz aldatu du azken asteon. Aurrekoan, atxiloketak, miaketak... Aste honetan, ekintzak egunero izan dira, baina ez halakoak. Zergatik dela uste duzu?

Bai, badirudi hala izan dela, baina asko kostatzen zait Espainiako Estatuaren logika ulertzea. Indar eta denboragutxi eskaintzen diot gainera. Atxiloketen ondoren, 30.000 lagun baino gehiago kalera atera ziren, erakundeak atera ziren horiek geldiaraztera... Bartzelonan, herenegun manifestazio bat egin zuten ikasleek, zeina egoera normal batean izugarria izango zen, eta ia oharkabean igaro da. Ikusten ari gara suhiltzaileak demokraziaren alde, zamaketariak demokraziaren alde, irakasleak demokraziaren alde... Kostatzen zait hau esatea, baina uste dut oraindik zentzu pixka-pixka bat geratzen dela hor nonbait Espainiako Estatuan, buruzagi eta justizia espainiarrean, pentsatzen dutenak hau ez dela errepresioarekin konpontzen. Baina nik ez dut baztertzen gaur bertan atxiloketak egon daitezkeenik, zuzenbide estatua lehertu baitute, eta, orain, erabakiak arbitrarioak dira.

Txantxa baten antza luke horren larria ez balitz.

Bai, dudarik gabe. Espero dut hemendik urte batzuetara gure seme-alabek gertatu dena irakurtzen dutenean pentsatuko dutela: «Benetan hau gertatu al zen? Poliziak bidali zituzten Piolinen irudiak marraztutako barku batean, paper zatiak suntsitzeko, XXI. mendean? Jende guztiak inprimagailu bat etxean duenean, edo joan zaitezkeenean edozein dendatara zure botopapera inprimatzera?».

Edozein modutan, ezin diogu, zoritxarrez, umore puntu hori jarri oraindik, askatasun indibidual eta kolektiboei egiten ari zaizkien urraketak Katalunian izugarriak baitira, eta estatu osoari eragiten diote. Uste dut Herrialde Katalanetan, Euskal Herrian eta estatuko beste hainbat lekutan gauzak ez direla berdin izango, gizartearen zati handi batek erreakzionatu duelako, zentzugabekeria honek ez duelako mugarik.

Pentsa dezagun jendeak azkenean bihar bozkatzeko aukera izango duela, eta baiezkoak irabazten duela. Zein da urriaren 2ko panorama? Zein aukera dituzue mahai gainean?

Omnium Culturalek, 70.000 bazkide baino gehiagoren babesarekin, eta 56 urteko historiarekin, daukagun guztia jarri dugu aurrera egiteko, eta hauxe diogu: erreferendumaren lege bat daukagu, eta trantsiziorako lege bat, eta Erreferendum Legeak dio baiezkoak irabaziz gero independentzia aldarrikatu behar dela Katalunian. Eta ez gara zuhurrak izango: 48 ordutan aldarrikatzeko, edo 72 ordutan. 300 urte daramatzagu borrokan Gaztelako instituzioekin, baina agindua argia da: errepublika aldarrikatzearena, independentea. Eta elkarrizketa hasi beharko litzateke Espainiako Estatuarekin.

Baina jarrera ikusita, hitz egiterik egongo al da ba Madrilekin?

Uste dut nazioarteko komunitateak horretara behartuko duela, eta kaleko mobilizazioaren arabera egongo da hori. Eutsi egin behar dugu, eta erakutsi herria gera dezakegula, behar izanez gero, eta martxan ere jarri dezakegula, horretarako prest gaudela. Alegia, barruko eta kanpoko kontrola dugula. Negoziazioa egongo da, nazioarteko komunitatearekin izango da lehenik, ez Espainiarekin.

Kosta egin zaio erreakzionatzea, ordea, nazioarteari. Europako Batasuna oraindik ez da mugitu.

Uste dut isiltasun lotsagarri bat dagoela demokraziari eta askatasunen defentsari dagokionez, batez ere Europako hainbat buruzagiren partetik. Baina erreferendumari berari dagokionez, uste dut gauza asko esaten duten isiltasunak daudela. Eta ikusten dituzunean Angela Merkelek edo Emmanuel Macronek ez dutela adierazpen bakar bat ere egin erreferendumaren bezperan... susmagarria iruditzen zait. John Walker AEBetako estatu idazkaria Europara etorri zen esatera errepublika baltikoek oso ongi pentsatu behar zutela independentziaren alde bozkatzea, EBtik kanpo geratuko zirela... Eta, bi astera, independentzia onartu zieten.

Katalunian horrelako zerbait gertatuko dela uste duzu?

Ni zain nago ea Amazoneko kontseilari ordezkariak noiz hitz egingo duen: 15.000 metro koadro baino gehiagoko eraikinean bulegoetarako egin ditu inbertsioak, eta esango du zerbait, ezta? Isilik dago. Eta isilik dago jende guztiak ikusten duelako zerbait gertatuko dela garrantzitsua, eta zuhurtziaz jokatu behar dela. Ez dut uste Kataluniako independentzia inori interesatzen zaionik, besteak beste, katalanoi eta euskal herritarroi ez bada, baina, bestalde, ikusten dute Espainia ez dela ezer eskaintzen ari. 2010etik, ez dute ezer eskaini, ezta ere 2007tik Mariano Rajoy sinadurak biltzen hasi zenetik estatutua onar ez zedin, Auzitegi Konstituzionalera eramateko.

Katalunia independenteak ba al du arriskurik?

Arriskua da ez dakigula noraino iritsiko den Espainiako Estatua errepresioarekin, baina, une honetan, herri, gizarte eta nazio moduan ahaldundu garenean, daukagun arrisku handiena da ez amaitzea lan hura, zeinarengatik batzuek bizitza galdu zuten. Frankismoaren kontrako borrokalarietan, berdintasunaren aldeko borroketan aritu direnetan pentsatzen dut. Herri handi honen oinarria beren esfortzuari esker eraiki da, eta Senecaren esaldi bat aipatu nahi nuke, lagun izaten ari baita gure ibilbidean. Neroni esan zion: «Zure boterea nire beldurrean oinarritzen da. Nik beldurra galtzen badut, zuk boterea galduko duzu». Eta ez dira konturatu Katalunian beldurra galdu dugula, eta beldurrik gabe ia dena egin dezakegula, okerrak ere bai, baina dena daukagu egiteko.

Zertan aldatuko litzateke Katalunia independentea?

Garrantzitsua da pentsatzea okerrago ezin dugula egon. Gizarte katalana ezberdintasun sozial batean bizi da, ez datorrena bat bere gaitasun ekonomikoarekin. Bazterketa soziala pairatzeko arriskuan daude herritarren %20; 1.500.000 pertsona pobrezian bizi dira, 300.000 pobrezia energetikoaren biktima dira, eta, aurten, 15.000 hipoteka exekuzio izan dira. Kataluniak Espainiako Estatuaren BPGaren %20 ordezkatzen du, eta herritarren %16 dira, eta esportazioen %30. Beraz, errepublika katalanak arazo horiek konpontzeko aukera ematen du, gurean enkistatu direnak arrazoi sinple batengatik: %20ko ekarpena egiten dugu, eta desinbertsio sistematikoa datorkigu bueltan. Hau da, Espainiako Estatutik iristen zaizkigun inbertsioak ez dira %10era iristen. Gure ustez, egiten dugun ekarpenaren hiru edo lau puntu behetik egon beharko luke. Komunitate aberatsenek pobreenak lagundu behar dituztelako, bai, bai, baina noraino? Ekonomikoki, aukerak handiak ditugu. Mediterraneoko korridorea, adibidez, blokeatuta dago, Espainiak EBn duen jarrerarengatik. Multinazionalak dauzkagu, normaltasun osoz ari direnak, eta penintsulara datozen eta doazen merkantzien %70 korridore honetatik igarotzen dira, multinazional horienak asko eta asko. Kontuz, beraz, esatearekin EBtik kanpo geratuko garela. Ez dakit Merkeli grazia handia egingo dion bat batean 1.600 milioi euro jasotzeari uztea, hori baita netoa urtean. Eta ja, borobiltzeko, ulertuta oso konplexua izango dela dena, Europako herritar gisa egin dugun ekarpena aldarrikatzen dut.

Kultura eta hizkuntzaren aldetik ere aldatuko dira gauzak.

Hamar milioi hiztun daude ikusten dutenak beren hizkuntza ez dagoela onartua Europako Batasunean. Hamar milioi herritarrek ikusten dute Cervantes institutuak ez duela sustapenik egiten kultura eta hizkuntza katalanaren alde. Ikusten ari gara gaur egun nola saiatzen ari diren sistematikoki zalantzan jartzen hezkuntza eredua, eskola katalana erabat inklusiboa eta bakarra dena Europan, umeak ez dituena banatzen etxean hitz egiten duten hizkuntzaren arabera; alderantziz, eskola berean denak, hitz egiten dutena hitz egiten dutela, eta sistema bakarrean, denek ezagutza bera izateko aukera bermatzen duena.

Beraz, honen guztiaren goxokia izaten bada muga diren 300 bat lege gainetik kentzea, pentsa! Espainiako Estatuko hizkuntza koofizialen erabilera normala, euskara, katalana, galiziera... Pentsa nolako etorkizuna ari diren galtzen gure kulturak; normaltasunean aritzea, idazteko orduan, ikus-entzunezkoetan, obra literarioan, antzerkian... Irudikatu estatu bat kontrara ez datorkiguna. Aukera eta esperantza itsaso bat zabaldu zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.