Silenci plataforma, Espainian «isiltasuna hausteko»

Iosu Alberdi.
Madril
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
«Gehien kezkatzen nauena onen isiltasuna da». Martin Luther King ekintzaile estatubatuarraren esaldi hori du oinarri Silenci plataformak. Kataluniako buruzagi politikoen aurkako epaiketa hastearekin batera iritsi ziren taldekideak Madrilera, eta egunean zortzi ordu emango dituzte Espainiako Auzitegi Gorenaren inguruan, prozesuak iraun bitartean. Tarte horretan, ordu erdiko bi isilune egiten dituzte, epaileen, fiskalen eta polizien kolektiboei «euren isiltasuna hautsi» eta aurrerapauso bat emateko eskatzeko, «injustizia egoeraren aurrean». Taldeko kide Lluis Pastranaren esanetan, «hainbeste amorruri» erantzuteko modu eraginkorra da isiltasuna.

Ekinaldiari duela zortzi hilabete eman zioten hasiera Katalunian. Eta fruituak eman ditu. Aste honetan, epaiketa hastearekin batera, Tarragonako epaitegietako hogei bat langile batu zitzaizkien isilunera. «Prozesua motela da, baina halako ekintza eta erantzunak daudenean bide onetik goazela ikusten dugu. Gure ekintzak zer pentsa ematen diela uste dugu», azaldu du Pastranak.

Madrildarrak Erabakitze Eskubidearen Alde plataformaren laguntzarekin iritsi dira orain Madrilera, Espainiako hiriburuan ere eragiteko. Oro har, epaiketaren aurka dauden herritarrei eta, zehazki, prozesua gaitzesten duten auzitegietako langileei zuzendu zaizkie horretarako. «Astearte arratsaldean, goizez lanean aritu zen polizia bat etorri zitzaigun, eta hainbat aholku eman zizkigun. Halako jendeari zuzendua dago, eurek hitz egin dezaten», nabarmendu du Pastranak.

Horrez gain, auzitegi aurrera gerturatzea Espainian dagoen «desinformazio handiari» aurre egiteko aukera bat dela uste du Pastranak, gertatzen ari dena hobeto azaltzeko: «Ziurrenik gu guztiz ere ez, baina hemen jendea ez da konturatzen zer gertatzen den. Gakoa ez da independentzia bai edo ez; gaia askatasuna da. Ulertezina da demokratak eta ezkerrekoak borroka honen lehen lerroan ez egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.