Joxe Manuel Odriozola.

Katalunia ispilu

2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Zer ikusten dugu Katalunian gertatutakoaren ispiluan? Besteak beste, gure historia hurbilean gertatutako gauza batzuk ulertzen lagun diezaguke. Zuzenbide estatuaren eta demokraziaren bidean sinesten dute katalanek, eta horra zertan diren gauzak gaur egun. Guk ez genuen sekula sinetsi Espainiako estatuaren balio horietan eta badakigu zer-nolako atarramentua izan duen hemengo borroka bortitzak. Batean bide baketsua, bestean bortitza, baina azken beltzean, bietan, emaitza antzekoa.

«Gerra beste bitarteko batzuekin egindako politikaren jarraipena dela» esan zuena ez zebilen batere oker. Egia latz horren beste froga bat behar zuenak orain begien bistan dauka Katalunian. Kataluniak politika egin du, eta orain dagoen lekura iritsi da politika «hutsa» eginda. Usteak uste, Espainiak ere politika egin du Kataluniako auzian eta badakigu zertan den bere eragin-ahalmena. Zertan datza bi jokamolde horien arteko aldea funts-funtsean? Kataluniak egindako politikaren jarraipenean ez dagoela bortxa-ahalmenik, eta Espainiakoaren jarraipenean bai.

Puntu honetan, bortxa politikoari buruz daukagun kontzeptuaren hutsaltasunak ez dauka neurririk. Dirudienez, Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka politiko-nazional honetan ez da egon bortxarik; ez duzu beste ahotsik irakurri eta adituko iritzi-emaileen artean. Katalanek ekintza gogor eta bortitzen bat egin arte ez dago nonbait bortxarik diskurtso hegemonikoaren ustez. Espainiaren garaipena, hala ere, hurrenez hurren, bortxa estrukturalari eta bortxa mota horri darion legediari eta legedi horri darion errepresioari zor zaio osoki. Baina bortxa estrukturala ez da bortxa ideologia hegemonikoaren interpreteentzat.

Katalanek Europako Batasunaren izaera demokratikoan sinetsi izan dute egin duten politika egiteko. Ez dakit oraindik sinesmen horrekin jarraitzen duten guztiek. Kataluniako soziolinguistika eskolak sortu zuen kultura soziolinguistikoa sortuta harrigarri samarra ere bada Europako estatuetan horrenbeste sinestea. Iñaki Larrañagak asko edan zuen eskola soziolinguistiko horretatik: «Badirudi estatuak direla nagusi Europan, eta estatuek kontrolatuko dutela guztia, eta kontestu horretan kokatuko dela hizkuntza komunitateen borroka». Jean-Louis Davantek Frantzia definitzeko oraindik orain erabili duen hizkera erabiliz, «xede etnozidista» nagusi duten Europako estatuen demokrazian sinesten duenak, ez bide daki askorik Europa zer den. Kataluniako auzian Europak hartu duen jokabidea ikusita oraindik Europan sinesten duenak gehiegi sinesten du eta gutxiegi ikasi du.

Kataluniaren arerio nagusia Espainia da, baina Espainia estatu etnozidistez inguraturik eta babesturik dago. Are gehiago, Europa bera ere ez da salbuespena nazio eta hizkuntza ukatu eta zapalduen historia beltz honetan. Unescoren txostenak irakurtzen dituenak badaki mundu etnozidista batean bizi garela. Beraz, Espainiako estatu totalitarioa ez da salbuespena mundu totalitario honetan (Kurdistan, lekuko). Esan gabe doa totalitarismoaren kontzeptua adiera «nazionalean» darabildala hemen, nazio boteretsuek botere nazionalik gabekoei beren hizkuntza eta nazio identitatea inposatzeko daukaten zentzuan, alegia.

Kataluniak etsai nazionalaren zelaian jokatu du nazio askapenaren partida; jakinda, hori bai, jokoaren arau nagusiak Espainiak ezarrita zeudela. Joko arau horietan ez zuten sinesten Txillardegik eta enparauek ETA erakundea frankismoaren hondarrean sortu zutenean. Zentzuzkoa zen hori diktadura-sistema batean. Frankismoaren erregimena itxuraz amaitu zenean gurean borroka armatuak aurrera jarraitu zuen oinarrizko joko-arauak funtsean ez zirela aldatu uste izanda. Arrazoi zuten, orain Katalunian gertatu dena da horren erakusgarri. Espainiar demokraziaren mitoak bizirik iraun du Kataluniakoa gertatu arte askoren itxaropenean. Gezurra badirudi ere, oraindik ere espainiar demokraziaren mitoan sinetsi nahi duen jende gehiegi dago gure artean.

Demokraziaren mitoa nazionalismo hegemonistak (bere nazio-identitatea beste nazio bati inposatzen dion politika) sortutako mitoa da. Demokrazia modernoaren arau-sistema estatuaren botereaz baliatzeko ahalmena eta bortxa politikoaren monopolioa zuten estatu nazionalen asmakizuna da. Demosaren (gehiengo demokratikoaren printzipioa) kontrola eskura zeukaten estatuek beren ethnosaren (nazio-identitate bereko komunitatea) helburu nazionalak ezarri zituzten beren mendeko nazio guztietan. Egia esan, asmakizuna ezin biribilagoa atera zaie. Ahots totalitario hori honelatsu mintzatuko litzateke: hemendik aurrera demokrazian biziko gara, gehiengoak erabakiko du zer egin eta zer ez egin gure estatuaren luze-zabalean. Eta baldin eta neurri hori ere aski ez balitzaie, hau da, nazio-asimilazioaren mekanismoek behar adinako espainoltzea eragin ez badute, adibidez, Katalunian gertatu den bezala, lege konstituzionalaren arauak (155. artikulua) aplikatuko ditu estatuak bere gordintasun guztian. Kito, ez dago besterik. Ez dago zertaz hitz eginik.

Espainiaren jokabidea koherentea izan da alde horretatik: alegia, nazionalismo hegemonistaren (lehen nazionalismo inperialista esango genuen) demokrazia-logika inposatu du Espainiak. Hala ere, politikaren izaera aratzean sinesten duenak ezin du ulertu demokraziarekin, zuzenbide estatuarekin eta botereen banaketarekin Espainian zer gertatu den. Demokraziaren mitoan sinesten duenak honelatsu zurkaizten du bere arrazoia: hots, Espainiaren demokrazia defizitarioa dela esango dizu, ez duela kultura demokratikoaren arabera funtzionatzen, ez dituela giza eskubideak errespetatzen eta abar eta abar.

Bi bide eta atarramentu bertsua Katalunian eta hemen. Nolanahi ere, Katalunian nazio eraikuntzarako masa kritikoa sortzeko eta antolatzeko eta sendotzeko balio izan badu, gaitz erdi. Besterik ezean eta hobe beharrez estatua baino garrantzitsuagoa da nazioaren osasun-egoera, betiere, jakina, nazioa «nazio forala» edo etnokultural hutsa ez bada. Ezin dugu beste horrenbeste esan gurean naziogintzari dagokionez; hasieran izan ezik, hemengo borroka armatuak ez du nazio euskaldunaren oinarriak finkatzeko borondaterik erakutsi. Edonola ere, kontua da hemen bortxa politiko matxinatuaren kontrako argudio politiko-morala funts-funtsean espainolismoaren «arrazoia» izan dela orain Katalunian ikusitakoa ikusita. Izan ere, bortxaren ordez demokraziaren bide baketsua aukeratzen duzunean ere, ondorioak oso antzekoak dira. Bortxarik gabeko politikarik ez baitago, nazioen arteko harremanak munduan eraikita dauden bezala dauden bitartean.

Gauza hauetaz dihardudanean Benito Lertxundiren harako esaldi hura datorkit burura: «Demokrazian baldin bagaude, ez daukagu nazio arazorik, eta nazio arazoa baldin badaukagu, ez daukagu demokraziarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.