'Gauzak'

Aberastasun hutsa

2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Egilea: Georges Perec. Itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun. Argitaletxea: Igela.

Gauzak izenburua du Georges Perec, XX. mendeko bigarren erdialdeko frantses literaturaren idazle ospetsua, ezagutarazi zuen eleberri laburrak. Korronte existentzialista eta nouveau roman mugimenduaren eraginpean, 1965ean hasiera eman zion egilearen ibilbide literarioari.

Gauza jakina da Perecen obran bere garaikideen memoria kolektibo baterako zantzuak aurki daitezkeela. Alde horretatik, 60ko urteetako istorio bat eleberriko azpitituluak argi uzten duenez, liburuak 60ko hamarkada hasierako Parisko gazte belaunaldiaren erretratua egiten du. Horrela, autoreak klase ertaineko belaunaldi ameslari eta, aldi berean, kontentagaitza aurkezten digu, bereziki zorigaiztoko sentitzen ez bada ere gizarte mailaketan gora egiteko grina erakusten duena. Bizi egarria duen belaunaldi bat ere bada, harengan aberastasuna, konforta eta askatasuna... hitz bakar batez adieraztearren, zoriontasuna eskuratzeko itxaropenak bizi-bizirik dirauelako.

Liburuko protagonistek, Jeromek eta Sylviek, zoriontasuna bilatzen duen belaunaldi horretako bikote gaztea osatzen dute. Abiapuntu horrek ezer berezirik ez luke, zoriontasun hori gauza baliotsuak pilatzean edo, azken helburu gisa, aberats bihurtzean oinarrituko ez balitz. Autoreak irudikatzen duen egoerak kontrastean eusten dio, hain da nabarmena haien gustu garestien eta gaitasun ekonomiko eskasaren arteko aldea. Inkestatzaile lan prekarioak ez die ongizate maila handiagoa lortzeko aukerarik eskaintzen. Hortik aurrera, bi pertsonaia nagusiek luxua eta hura erosi ahal izateko eskura ez duten dirua obsesio bihurtuta, testua desira aseezinen eremuan barneratzen da.

Bizi nahiko luketenaren eta bizi duten egunerokoaren arteko kontraesana da, hain zuzen, Perecek eleberriko argumentua egituratzeko darabilen baliabiderik sendoena, protagonistei bizitzaren esparru ezberdinetan eragiten dien neurrian. Adibidez, beren jatorri apalagoa arbuiatuz, horretatik urrundu nahian, goi klaseenekin bat datozen ohiturak, manera finak eta jokamodu dotorea bereganatzen saiatzen direnean. Kasu honetan, pertsonaien barne borroka oso modu sotilean islatuz azpimarratzen da kontraesana.

Tramak, bestalde, lana eta bizimodu askearen arteko bateragarritasunaren inguruko eztabaida interesgarria bideratzen du. Lan egin ezean, bizimodu hobea izateko aukerarik ez; lan eginez gero, bizitzaz gozatzeko asti nahikorik ez, eta akabo askatasuna. Ez da, haatik, hausnartzeko gonbitaz aparte, arazo horri buruzko ikuspegi jakin bat bultzatzeko asmorik antzematen; aitzitik, kontu honetan protagonisten jarrera hain da anbiguoa, non interpreta daitekeen azalkeria helburu existentzial gisa proposatzen dela eta pertsonaiek, beren printzipioei irmo eutsiz, berariazko erresistentzia egiten dutela botere profesionala eta ekonomikoa lor dezaten gizarteak eragiten duen presioaren aurka.

Narrazioaren estiloari dagokionez, idazlearen bereizgarri diren izen eta adjektibo zerrenda amaigabeen bidez protagonisten pauso, pentsamendu eta sentipen bakoitzaren deskribapen xehea egiten da. Baina, zalantzarik gabe, are garrantzitsuagoa gerta daiteke Parisko kaleek, inguruko objektuek... espazio fisikoak pertsonaiengan eta haien bilakaeran nola eragiten duen arretaz aztertzea eta egileak bi osagai horien artean zein lotura bitxiak (gaixoak ote?) ezartzen dituen konprobatzea. Horiei tiraka, igaroan doazen subjektuen kontzientzia nahasien eskutik, Perecen mundu liluragarria deskubrituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.