Hizkera beliko eta mezu opakuen urtea

Txema Ramirez de la Piscina ikertzaileak uste du Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako agintarien komunikazio estrategia «iluna eta nahasia» izan dela.

Urkullu lehendakaria eta Miguel Angel Revilla Kantabriako presidentea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Gerran gaude». Metafora belikoak muturrera eraman zituen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, 2020ko martxoaren 16an alarma egoera ezarri zuenean. Espainiako Gobernuak koska bat harago eraman zuen alderaketa, izurriari buruzko agerraldietan, osasun arduradunak ez ezik, armadako ordezkariak paratuz. «Irudi estranbotikoa izan zen hura», gogoratu du Txema Ramirez de la Piscina Kazetaritzan doktore eta ikertzaileak.

Ramirez de la Piscinak urteak daramatza komunikazio kabineteak eta bozeramaile politikoen prestakuntza aztertzen, eta uste du inguruko gobernuek «hanka sartu dutela» izurriaren komunikazioan: «Itxialdian, zeharo aldatu zitzaigun bizitza, baina ez ziguten azaldu zergatik. Hori guztia ongi esplikatu behar da, sarritan, neurriak kontraesanezkoak izan direlako eta, ongi azaldu ezean, horrek haserrea eragin dezakeelako».

Eredu gisa jarri du Zeelanda Berriko Gobernuak izandako jokabidea: «Han, gobernuak lortu du herritarren konfiantza bereganatzea, informazio gardena eta zehatza eman duelako une oro. Together izan da euren leloa: elkarrekin. Sinplea da, baina ederki funtzionatu du. Euskal Herrian, berriz, auzolanaren balioa aldarrikatu dute agintariek, baina ez dute praktikan jarri». Eusko Jaurlaritzarekin bereziki kritiko azaldu da Ramirez de la Piscina: «Jaurlaritzaren kudeaketari nota bat jarri beharko banio, gutxiegi jarriko nioke».

Zehazki, bi hutsegite egotzi dizkio ikertzaileak Iñigo Urkulluren gobernuari: opakutasuna eta enpatia falta. «Alde batetik, oso opakuak izan dira, kazetarien galdera zailei izkin egiten, datuak eman gabe... Oraindik ere, ez dakigu Euskal Autonomia Erkidegoko kutsatzeak non gertatu diren: kasu guztien %90etik gora jatorri ezezagunekoak direla diote. Bestalde, oso egoskor jokatu dute, hanka sartu dutela onartu gabe eta kritikak gutxietsiz».

Neurriak azaltzeko modua ere «oso hotza» izan dela uste du Ramirez de la Piscinak, eta «iraingarritzat» jo du euskarari eman dioten tratua: «Komunikazio garrantzitsu denak egin dira idatzizko erregistroan, naturaltasunik gabe, eta, gainera, gaztelania ardatz hartuta. Euskara periferikoa izan da sailburuen ahotan, eta hori errespetu falta iruditzen zait».

Bihar: Itxialdi garaian auzo eta herrietan sortutako zaintza taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.