Bestako eragileak jokoz kanpo utzi ditu

Herrietako ospakizunak bertan behera gelditu direnez, bestak antolatzen dabiltzan kolektiboen lanak mugatu ditu pandemiak. Nola egokitu asmatu beharko dute.

Iruñeko kale bat iazko uztailean, 2019ko bestetako irudi batekin alderatuta. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Urte osoan bestak dituzte buruan. Honezkero haien hirietako bestak antolatzen ariko ziren Iruñeko peñak, Bilboko konpartsak edota Baionako Zizpa gaztetxea. Baina ez da horrela. Ezegonkortasuna da nagusi, eta itxaropenaren metxa itzaliz joan da denborak aurrera egin ahala. Suzirien eztandak itxaron beharko duela dirudi, eta bestak antolatzeaz arduratzen diren eragileek erronka berria dute aurrean: egoera berrira egokitzen asmatzea.

Iazko uztailaren 6an, goizean goiz alde egin zuen Iruñetik Uxue Baque Alegria peñako kideak. Hamaiketakoa egitekotan ziren, baina bertan behera utzi zuten, «oso tristea» izanen zelakoan. Bilbon itxaropenari eutsi zioten, eta Aste Nahasia antolatzekotan ziren, baina azkenean amore eman zuten. Itsaso Aldaiturriaga Altxaporrue konpartsako kideak kontatu du: «Bilbo piztu nahi genuen jai kutsu bategaz, kontuan izanda urte txarra pasatu genuela. Merezi genuen Aste Nagusi berezi bat». Baina ezin. «Penaz bizi izan genuen, baina argi genuen ardura handiz jokatu behar genuela».

Baionan Patxa plazan ez zen txosnarik izan. «Pena handia genuen, ez dugulako besta antolatzen soilik besta egiteko, helburua beste eredu bat da: euskalduna, feminista eta elkarkidea. Eredu hori ezin dugu garatu eta gizarteratu bestarik ez denean», azaldu du Guilhem Da Costa Baionako Zizpa gaztetxeko kideak.

Baionan ez dira hasi deus antolatzen: «Aurten ez dugu esperantza faltsurik ukan nahi». Iruñean peñak erabat geldirik dira, eta haien elkarteak itxita. «Oso gutxi egin dezakegu. Gure peñan elkartzen ari gara eraikinean lan batzuk egin behar direlako. Beste batzuk ez dira martxotik bildu», azaldu du Baquek. Peñak eta gaztetxea topagune dira, baina ateak itxita, harremanak gertuen diren lagunetara mugatu dituzte.

Tokia aurkitu nahian

Iruñean peñek ez dute deus antolatuko uztailaren 6tik 14ra. Ikusgai da nola egokituko diren egoera berrira. Bilboko Konpartsek lanean jarraitzen dute: «Beti badago lana egiteko». Iaz, sare sozialetan aurkitu zuten aterpea, nolabait animoari eusteko eta harreman sarea ez desegiteko. Baina ez da aski: «Internet eta jaia oximoron bat dira», onartu du Aldaiturriagak. Konpartsek barne hausnarketa abiatu dute dagoeneko: «Zelan moldatu garai honetara? Aldatuko dira kontsumo eta jai ereduak? Bueltatuko gara lehengora? Ez dugu etsiko. Ahal duguna egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.