Unibertsitate sistemaren legea aldatzea babestu du Espainiako Kongresuak

Lege proiektuak aldeko 176 boto jaso ditu, eta kontrako 156; 11 diputatu abstenitu egin dira. Erreformak Senatuan jarraituko du bere bidean

Joan Subirats, atzo, Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (LOSU) alde egin du Espainiako Kongresuak. Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiek EAJren babesa izan dute, besteak beste. Hala, aldeko 176 boto jaso ditu erreformak, eta kontrako 156. 11 diputatu, berriz, abstenitu egin dira; tartean, EH Bilduko kideak. Behin Kongresuan bere bidea eginda, lege proiektua Senatura iritsiko da. Bertan zuzenketa gehiago onartu daitezke. Izan ere, zenbait talde parlamentariok anbizio falta leporatu diote gobernuari. Eskuinak, berriz, «antisistematzat» jo du erreforma.

Unibertsitate eredu berri bat lortzea du helburu Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministro Joan Subiratsek, azken urteetan ohiko bihurtutako endogamia eta lan prekaritatea atzean uzteko. Besteak beste, enpleguaren behin-behinekotasuna murrizteko eta ikertzaile eta irakasleen soldata osagarriak bermatzeko neurriak jaso ditu. Era berean, BPGaren gutxienez %1 unibertsitatera bideratzeko betebeharra ezartzen du.

Kongresuko eztabaidaren ostean, bi zuzenketa ere txertatu dizkiote testuari, berritze tasak ezabatzeko eta «nazioarteko estandarrekin egiaztatu daitezkeen kalitate mailak» bermatzeko. Aurrez, besteak beste, ERCk eta EAJk egindako zenbait zuzenketa txertatu zizkioten legeari. Hala, bi alderdi horiek bat egin dute proiektuarekin. Argudiatu dute aurrerapen esanguratsuak eragingo dituela.

Kontrara, EH Bilduren ustez, aldaketak motz geratzen dira. Hala, koalizio subiranistako diputatuak abstenitu egin dira bozketan. Hala egin dute JxCk eta Coalicion Canariak ere. Kontra bozkatu dutenen artean daude PP, Vox, Ciudadanos, BNG eta CUP.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.