Egan Bernal

Zama handia kendu du gainetik

Giroa nagusitasunez irabazi du Bernalek, eta, hala, iazko Tourrak utzitako zauriak sendatu ditu. Hamahiru egunez jantzi du maglia arrosa, eta, azken txanpan ahulezia zantzuren bat igorri arren, nahieran aritu da. Bere onera itzulita, Tadej Pogacarrekin lehia ikusgarria izan dezake etorkizunean.

LUCA ZENNARO / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Txirrindularitzaren Olinpora itzuli da Egan Bernal (Ineos) Italiako Giroan. Dagokion tokian da berriro, azken bi urteetako sufrikarioa gainditu, eta maglia arrosa nagusitasunez irabazi ostean. 2019an Frantziako Tourra irabazi zuenean, mundua jango zuela zirudien. 22 urte baino ez zituen. Etorkizuna harena zen. Haatik, zerumuga erabat ilundu zitzaion iaz. Bizkarreko arazoekin heldu zion Grande Boucle irabazteko erronkari, eta etxerako bidea hartu beharrean izan zen hamazazpigarren etapan. Ordurako, hemeretzi minutu zituen galduta. Bizkarreko handia izan zen. Min fisikoa bihotzeko minarekin nahastu zitzaion. Bere buruaz zalantza egiten hasi zen. Beldur zen ez ote zen sekula bere onera itzuliko. Geroa bere eskuetan izan zezakeen kirolari bat, jostailu hautsi bihurtuta. Beste bat gehiago zerrendara? Bada, Giroan gainetik kendu du zeraman zama hori guztia, 24 urte eskasekin bere bigarren itzuli handia bereganatuta.

Besoak altxatuta amaitu zuen Milango erlojupekoa. Bizikletatik jaistean, ordea, lanak zituen lortu berri zuena sinesten. Aurpegian ez zitzaion halako euforiarik sumatzen. Barruan, ordea, «poz ikaragarria» sentitzen zuen, «oso garaipen berezia» lortu ondoren. «Suspertu egin naiz bi urtez sasoitik kanpo egon eta gero», aldarrikatu zuen, eta aitortu «gozatu» egin zuela erlojupekoan. Xabier Artetxek presioa kudeatzen lagundu zion, Girora iritsi aurreko prozesuan bezala. Prestatzaile larrabetzuarrari esker oneko hitzak eskaini zizkion. «Dena zor diot, gidari izan baitut momentu on zein txarretan».

Arrosaren ardura ere izan du Bernalek. Izan ere, hamahiru egun egin ditu arrosaz jantzita: bederatzigarren etapan soineratu zuen jantzi preziatua, bukaeran zegoen asfaltorik gabeko aldapan indar erakustaldia eginda; eta, geroztik, lidergoaren defentsan aritu behar izan du buru-belarri. Horretarako, erasoaren bidea hautatu zuen lehenbizi. Hala nola aurkari guztiak atzean utzi zituen Montalcinora bidean, lurbideen etapan. Haren apustu ausartak jokoz kanpo harrapatu zuen Remco Evenepoel (Deceuninck Quick Step). Aurkari bat gutxiago.

Zoncolanen izan zuen hurrengo azterketa. Simon Yates (BikeExchange) suziria bezala abiatu zen aldapa pikoetan, baina atzera begiratu, eta hor zuen Bernal, gurpilera itsatsita. Hori gutxi ez, eta eraso are bortitzago batekin ihardetsi zuen kolonbiarrak. Euste hutsa ez zen aski harentzat: ongi pasatu nahi zuen. Jostatu egin nahi zuen bizikleta gainean, aspaldiko partez. Bada, beste gozatu bat hartu zuen hamaseigarren etapan, Giaun bakarrik abiatu, eta Cortina d'Ampezzon lasterketako bigarren etapa garaipena poltsikoratuta. Aginte makila nork zuen erakusteko, zira patxada osoz kendu, eta maglia arrosa begi bistan utzi zuen.

Biharamuneko atsedenak ez zion onik egin, eta hortzak estutu beharrean izan zen hamazazpigarren etapan, Sega di Alan gora. Yatesen grina lehen pertsonan apaltzen saiatu zen berriz ere, baina, Zoncolanen ez bezala, lehertu egin zen. Aldamenean izan zuen Dani Martinez taldekidea, animoak ematen. Galera minimizatu zuen haren laguntzari esker. Haatik, txakalaldia hor zegoen. Azken uneko hondoratzea?

Bada, zalantza oro uxatu zuen mendiko azken bi etapetan, egoera kontrolpean mantendu baitzuen taldearen laguntzaz. Martinezekin batera, ezkutari lan bikaina egin zion Jonathan Castroviejok. Getxoztarrari estimu handia dio Bernalek, igandean azaldu zuenez. «Tourrean ere nirekin izan zen, eta gelakide izan nuen egun askoan. Besteak beste, hari esker irabazi dut Giroa». Baita sendotasunez irabazi ere, 1.29ko aldea atera baitio Damiano Carusori (Bahrain), eta 4.15ekoa Yatesi.

Hirukoa lortzeko erronka

Markak apurtzen jarraitzen du Bernalek, etxean nahiz munduan. Giroa irabazten bigarren kolonbiarra da, Nairo Quintanak (Arkea) 2014an lortutako garaipenari segida emanez. Era berean, 25 urte bete aurretik irabazi du Italiak proba, bere garaian Gino Bartalik, Felice Gimondik eta Eddy Merckxek egin bezala. Soilik Bartali eta Mercx ziren Bernal baino gazteagoak Tourrean eta Giroan nagusitu zirenean. Kolonbiarrak aurten Espainiako Vuelta irabaziko balu, hiru itzulietan inoiz gailendu den ziklistarik gazteena bilakatuko litzateke. Giroa lehen saiakeran irabazi badu, zergatik ez Vueltan beste horrenbeste egin...

Beste erronka Tourrean berriro nagusitzea izango da. Etorkizunean, lehia zirraragarria izan dezake Primoz Roglicekin eta, batez ere, Tadej Pogacarrekin (UAE). Bernal erabat eklipsatu du azkenaldian, baina hobe du bertan goxo ez gelditu, kolonbiarra bueltan baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.