Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta

Hasi eta buka, nagusi

Txapelketa osoan egindako lan bikaina biribildu dute Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak finalean, Jon Ander Peñari eta Jon Ander Albisuri nagusitasunez irabazita: 22-7. Hirugarren txapela du atzelariak; bigarrena aurrelariak. «Bikote ona» egin izana nabarmendu dute.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Zeharo hunkituta eta malkoei eutsi ezinda: halaxe egin zituzten Danel Elezkanok (Zaratamo, Bizkaia, 1994) eta Jose Javier Zabaletak (Etxarren, Nafarroa, 1991) herenegun Binakako Txapelketako finala irabazi osteko lehen minutuak. Txapela irabazitakoak ziren biak, bitan Zabaletak eta behin Elezkanok, baina sentimenduek gainezka egin zieten. «Jende askorekin gogoratu ginen, besteak beste, jada gure artean ez daudenekin, eta hunkitu egin ginen», aitortu dute biek, txapela irabazi osteko egunean.

Eta nola ospatu zuten? Gertukoekin, norekin bestela. «Apur bat berandu iritsi ginen etxera, Dimara. Han, lagunek eta bizilagunek ongietorria egin zidaten. Zaratamotik ere joan zen jendea. Polita izan zen. Nik oso argi dut txapelik handiena dela haien maitasuna sentitzea. Eta nik sentitzen dut. Frontoian haien falta sumatu nuen, eta ederra izan zen haiekin gero txapela partekatzea», kontatu du Elezkanok. «Apala bezain sentitua» izan zen Zabaletaren ospakizuna: «Etxarrenera iritsi, eta zain nuen herriko jendea. Txaloka hartu ninduten. Gero, etxekoak elkartu ginen, afaltzera. Ez genuen gauza handirik egin. Osasun egoerak ez du gehiagorako aukerarik uzten. Baina polita izan zen».

«Finala ez da izango gure artean jokatu genuen azken partida bezalakoa», zioen Zabaletak bezperan. Sinetsita zegoen Peña II.a-Albisuk 22-8 amaitu zen neurketan baino askoz estuago hartuko zituztela. Okertu egin zen erabat. Are gehiago, alde handiagoa egon zen: 22-7. «Ezustea izan zen horrenbesteko nagusitasunarekin irabaztea, baina oso partida ona egin genuen», esan du. «Emaitza ikusita, inork pentsa dezake erraza izan zela, baina ez zen hala izan. Dena ondo egin genuen; horixe izan zen gakoa», dio Elezkanok.

Inor gutxik espero zuen halako nagusitasunik lehia nola hasi zen kontuan hartuta. Baikokoek hobeto ekin zioten, eta 3-6 jarri ziren. «Haiek nagusi izan ziren hasieran. Peñak min egin zigun sakearekin, eta Albisu ere gozatzen ari zen. Ez ginen gustura. Josek beldurrik gabe sartzeko esan zidan, hori egiten nuenean min egiten bainien. Zorionez, asmatzen hasi ginen. Leporatu izan digute bikote moduan ez aritzea, baina une zail horretan erakutsi genuen bikotea bagarela». «Txisparekin nengoen, baina kosta egin zitzaidan pixka bat lehian sartzea. Eta hor, Danelek hartu zuen ardura. Hark heldu zion bikoteari. Finaleko pilotaria izan zen. Ez zuen huts bakar bat ere egin», goratu du Zabaletak Elezkano. «Ni ez nintzen izan finaleko onena. Hau bikote lana da, elkarri laguntzea. Ni saiatu nintzen une zail horretan Joseri laguntzen, eta ondo atera zen. Gero, hura ikusgarri aritu zen», zehaztu du bikotekideak.

«Merezitako» txapela dela, horretan ados daude biak: «Oso txapelketa ona egin dugu, oso erregularra, eta aurkari handi batzuei irabazi diegu finalean. Haiek ere oso lan ona egin dute», azpimarratu du aurrelariak.

Biek nabarmendu dute «oso gustura» aritu direla elkarrekin. «Aspera etorri nintzenean, asko jokatu genuen elkarrekin, eta harreman estua egin genuen. Asko lagundu dit. Aurreko aldian finalerdietara iritsi ginen, eta nik min hartu nuen. Plazera da Jose gustura ari denean ikustea», esan du Elezkanok. «Oso gustura» aritu da Zabaleta ere: «Ordu asko egin ditugu elkarrekin, eta oso gustura egon gara beti. Oroitzapen ederra izango dut Danelekin egindako lau hilabete hauetaz».

Biak ariko dira buruz burukoan. Elezkano klasikoa da: finalerdiak jokatu ditu azken hiru ekitaldietan. «Ez da nire dohainetara ondoen moldatzen, baina saiatuko naiz berriro lehiakorra izaten». Zabaletak, ordea, azken hiru ekitaldietan lehiatu gabe egon ondoren eman du baiezkoa—hura eta Beñat Rezusta izango dira atzelari bakarrak—. «Enpresak eskaini dit jokatzea, eta baietz esan dut. Ahal dudan lanik onena egiten saiatuko naiz». Ingurukoekin hitz egin du; besteak beste, Elezkanorekin. Hark eman du abisua: «Jendea harritu egingo da Jose sakatzen ikusten duenean. Nik oso argi dut buruz buruko pilotari bikaina izan daitekeela». Aurreikuspenak apaldu ditu Zabaletak: «Atzelariontzat zaila da buruz burukoan nabarmentzea. Ea nola doan. Gogotsu nago. Ilusioa egiten dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.