Errusiako Munduko Kopa

Bata, argia; bestea, parean

Kroazia faboritoa da gaur Danimarkaren aurka (20:00). Parekatuagoa dirudi Espainiaren eta Errusiaren arteko partidak (16:00)

Bata, argia; bestea, parean.
Julen Etxeberria.
2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Espainia-Errusia eta Kroazia-Danimarka. Horra gaur jokatuko diren final-zortzirenetako bi partidak. Aurrenekoa, 16:00etan hasiko da, Moskun, Luzhniki estadioan. Bigarrena, berriz, Nizhni Novgoroden jokatuko da, 20:00etan hasita. Bi partida horietako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute final-laurdenetan, datorren larunbatean, Sotxin.

Itxuraz, aldea dago norgehiagoka baten eta bestearen artean. Batean, Kroazia da faborito argia. Bikain ari da. Ligaxkan, jokatutako hiru partidak irabazi zituen, eta guztietan oso ondo aritu zen. Horri esker, final-zortzirenetan dago hogei urte geroago. Hain zuzen, Frantziako 1998ko ekitaldian lortu zuen bere emaitzarik onena, hirugarren izanda. Orduko hartan egin zuen ere Danimarkak inoizko lanik onena, final-laurdenetara iritsita. Emaitza berdinduko du gaur irabaziz gero, baina, horretarako, asko hobetu beharko du, ligaxka gainditu izanagatikhainbestean ari baita.

Askoz parekatuagoa dirudi Espainiaren eta Errusiaren artekoak. Etxeko taldea bikain hasi zen, lehen bi partidak irabazita, baina,azkenekoan, Uruguairen kontra, eskas aritu zen, eta merezita galdu. Gaur, zaleen babesa izango du, eta hori aprobetxatu nahi du Espainia mendean hartzeko. Espainiarrak oso gorabeheratsu aritu ziren ligaxkan. Lehia guztietan ibili ziren estu eta larri, baina azkeneko orduan ezusteko saria jaso zuten, multzoko lehen postua.

Beste lau lehia bihar eta etzi

Bihar eta etzi jokatuko dituzte final-zortzirenetako azkeneko lau kanporaketak. Bihar, 16:00etan, Brasil eta Mexiko ariko dira Samaran, eta, 20:00etan, Belgika eta Japonia Rostov Donen. Irabazleek elkarren aurka jokatuko dute. Etzi, berriz, Suedia eta Suitza izango dira aurrez aurre San Petersburgon (16:00), eta Kolonbia eta Ingalaterra Moskun (20:00). Irabazleek elkarrekin neurtuko dituzte indarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.