Maitasunari koplaka

Hainbat poema moldatu eta hitz berriak sortu ditu Felipe Juaristik Aldeta taldearen 'Izarrak izaretan' diskorako.Bluesera jo dute bigarren lanean

Aldeta taldeko kideak, Donostiako Etxekalte tabernan, diskoa aurkezten. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2014ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Maitasunaz dihardute Aldeta taldekoek Izarrak izaretan bigarren diskoan. Hala azaldu du Felipe Juaristi taldekideak, diskoko hitz gehienen egileak. «Guk maitasun kantuak baino ez ditugu kantatzen jada; maitasuna, desioa, pasioa... Maitasuna da gaia, edo kontrakoa: maitasunaren absentzia. Baina maitasun metafisikoa da, maitasuna kontzeptualki hartuta». Tarteka, koplaka ere egiten dute hori, kopla alaiekin abesten diote maitasunari. Baina musika lagun errezitatutako hiru poema ere badira diskoan. Zortzi kanta bildu dituzte guztira. Ostiralean Intxaurrondoko Kultur Etxean aurkeztuko dute lana, eta igandean, Bergarako Zabalotegi aretoan.

Orain arteko laukoteak osatzen du taldea: Juan Ramon Unamunok ahotsa, gitarra eta harmonika doinuak jartzen ditu; Vomito taldeko Txitxo Lopez ere gitarrarekin aritzen da; Monica Refojos,kantuan eta gitarran; eta Juaristi, berriz, hitzak egiten eta errezitatzen. Oraingoan, baina, biolina eta kontrabaxua ere entzun daitezke diskoan, Leire Ibarzabal eta Josu Unamunoren eskutik, hurrenez hurren. «Disko aberatsa da, oso konjuntatua». Izenburua azaleko argazkiagatik jarri diote, zintzilik dauden izara izardun batzuk ageri direlako. «Hasieran palindromo bat pentsatu genuen: izarak errearazi», azaldu du Juaristik, «baina oso pedantea iruditu zitzaigun, eta hau, berriz, iradokitzaileagoa».

Apirilean grabatu zituzten diskoko zortzi kantuak, Ergobiako La Txabola estudioan (Gipuzkoa), Iban Martinezen gidaritzapean. Juaristik azaldu du aurreko lana zuzenean joz grabatu zutela hasi eta bukatu, baina orain ezberdin egin dutela, musika tresna eta ahotsak bakoitza bere aldetik grabatuz eta gero nahastuz —Martinezek egin ditu nahasketa eta produkzio lanak ere—. Modu horretan, «askoz ere sonoritate hobea» dauka diskoak.

Iazko apirilean aurkeztu zuen taldeak lehen diskoa, Txorien aberria. Orduan, Juaristik esan duenez, «isilik ezin geratu» eta hurrengo urtean beste lan bat kaleratuko zutela iragarri zuen idazleak. Emandako hitza betetze aldera ondu dute lan berria, umorez azaldu dutenez.

Poemak eta kantatzekoak

Disko berriko zortzi kantuetatik sei Juaristik idatzi ditu: haietatik hiru diskorako berariaz sortu ditu idazleak, eta beste hiru Piztutako etxea (Erein, 2014) bere poesia liburuan jasotako piezak dira, musikatuak izateko moldatuak. Juaristirentzat, poemak idaztearen aldean oso ariketa ezberdina izan da musikatuak izateko hitzak ontzea, zailagoa agian. «Poema poema moduan pentsatzen baduzu, askoz ere askatasun handiagoa duzu idazteko; zuk zure barne erritmoa duzu, eta ez duzu pentsatzen hori musikatua izan daitekeenik. Baina egiten baduzu kantua izateko, pentsatu behar duzu musika behar duela atzetik, eta zailagoa da, erritmo batera errenditu behar duzulako».

Intxaurrondon bizi dira lau kideak, eta, aspalditik elkar ezagutzen zutenez, taldea osatzea erabaki zuten halako batean. Ordura arte nor bere proiektuetan zebilen: kantautore gisa aritu da urteetan Juan Ramon Unamuno; koralean abestu izan du Monica Refojosek; Vomiton gitarra jotzen du oraindik Txitxo Lopezek; eta literaturaren mundua da Juaristirena. Askotariko estilo eta moldeetatik etorri arren, erraz bat egin dute. Akustikoan aritzeko gogoa zuen Lopezek, eta taldeko rockeroena izanagatik ere orain maiz beste kideak hark baretzen dituela diote, barrez: «Bluesera pasatzea lortu dugu». Lopezen hitzetan, «ongi pasatzea» baita helburua. Eta lortzen dutela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.