Juan Antonio Giner. Kazetaritza enpresen aholkularia

«Sinesgarritasunik, talenturik eta baliabiderik gabe, ez dago miraririk»

Sabino Arana fundazioak antolatutako 'Egiaren ostea: politika eta komunikazioa' jardunaldian parte hartu du asteon Ginerrek. Haren ustez, kazetariek obligazio morala dute jendeari egia kontatzeko.
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2017ko azaroak 12
Zuzenbideko doktorea eta kazetaria da Juan Antonio Giner (Bartzelona, 1947). Galesen bizi da aspaldian. Irakasle izan zen Nafarroako Unibertsitatean, baita Ameriketako Estatu Batuetako Columbia, Stanford eta Harvard unibertsitateetan ere. Haren ibilbidearen parte handiena kazetaritza enpresei aholku zerbitzuak ematen egin du. Haren ustez, Espainiako kazetaritza enpresen kudeaketa «kaskarra» izan da.

Teknologiak komunikazioaren mundua eraldatu du. Hala ere, duela 35 urteko zer aholkuk balio dute 2017rako?

Gure lanaren oinarria ez da aldatu. Kazetariak gara, kazetaritza enpresei aholkuak ematen dizkiegu, eta herrialde guztietan hizkera komun bat dago, kazetaritzarena. Jendeari egia kontatzea obligazio morala da. Sinesgarritasuna, egia eta konfiantza transmititu behar dira. Badaude hedabide batzuk obligazio moral hori urratzen dutenak, eta beste kontu batzuetan aritzen direnak: manipulazioa, propaganda... Teknologiarekin, bestalde, egun multimedia kultura bat dago, kazetariak ere multimedia dira, eta hartzaileek formatu ezberdinetan jasotzen dute informazioa.

Azkeneko urtean, komunikazioaren munduan albiste faltsuen fenomenoa zabaldu da.

Kubako gerran [1898] muntaia bat egon zen, kazetaritza-politika arlokoa. Ezer ez da berria. Gezurra esan daiteke sarean, baita paperarekin eta tintarekin ere.

Mundu globalizatu batean bizitzeak ere badu eragina, ezta?

Agian hor daude aldaketa nabarmenenak. Audientziak globalak dira. Lehen, Bilbon artikulu bat idatzi, eta ez zinen Bizkaitik aterako. Orain, artikulu bat idatz dezakezu, eta New Yorken edo Tokion dagoen euskaldun batek irakur zaitzake, eta hura zuregana irits daiteke. Hori guztia ona dela iruditzen zait.

Innovation International Media Consulting aholkularitza enpresa gidatzen duzu. Zertan zabiltzate orain?

Langile gehienak Londresen ditugu. 65 herrialdetan baino gehiagotan egin dugu lan. Azkeneko proiektua Israelen egin dugu. Askotariko zerbitzuak ematen ditugu: marketin arlokoak, editorialak, finantzaketa arlokoak, teknologikoak... Aitzindariak gara multimedia erredakzio integratuen arloan. Azken hori da dugun eskaera handiena. Negozio ereduaren inguruko eskaera ere asko hazi da.

Egunkarien negozio eredua aldatzen ari da azkeneko urteetan. Zer iritzi duzu egoeraz?

The New York Times duela zazpi-zortzi urte inguru hasi zen Interneten dirua kobratzen. Egun, bi milioi eta erdi harpidedun digital ditu. Azkeneko hiruhilekoan 100.000 harpidedun gehiago lortu ditu. Publizitateak gaizki ordaintzen du, eta ez dute komunikazio plataformak mantentzeko adina dirua ematen. Harpidetzen eredua indartzen ari da.

Harpidetza digitaletarako, hizkuntza hegemonikoetako egunkariek errazago dute, ezta?

Bai, baina susmoa dut itzulpen automatikoak asko aurreratuko direla epe laburrean. Botoi bat klikatzearekin beste hizkuntza batean irakurri ahalko da nahi duzun egunkaria. Ez da hizkuntza eta kokapen kontua, baizik eta esaten duzuna eta esaten duzunaren kalitatea. Tokian tokiko hizkuntzak, bestalde, sustatu egin behar direla iruditzen zait.

Kazetaritza enpresa batzuetan, bankuak eta multinazionalak dira akziodunak. Kazetariek ba al dute aukera kazetaritza kritikoa eta askea egiteko?

Esperientziak ezetz dio. Bankuaren eta egunkariaren arteko ezkontza ez da naturala. Jendea ez da tontoa, eta, ikusten duenean informazioa manipulatuta dagoela, jabetzen da kazetaritzaz haragoko interesak daudela. Prisaren gainbehera adibide ona da. Akziodunei ez zaie axola kalitatezko kazetaritza independentea.

Negozio ereduarekin kezkatuta dauden enpresentzat zeintzuk dira zure oinarrizko aholkuak?

Sinesgarritasuna lortzea —sinesgarritasunik ez baduzu, negozioan ez zara existitzen—, talentua eta baliabideak. Hiru horiek gabe, ez dago miraririk egiterik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna