Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Gure ondarea irribarre batekin

Urtzi Urkizu -

2015eko irailak 26
Komedia gutxi ikusi dira aurten Zinemaldian. Baina, tarteka, barre egiteko aukera izan da. Ander Lipusek Amama-n aitarentzat dituen ateraldiren batekin, adibidez. Kontseiluak antolatutako film laburren lehiaketako pieza batean, euskaraz hiltzeko eskubidea eskatzen zuen protagonistak. Tabakoak hiltzen du idatzitako Kriston markako paketearekin, euskaraz hil ahal izatea, alegia. Eskela euskarazko komunikabideetan jartzeko ohitura txikiarekin egin zitekeen tankerako pieza bat. Ba al da halakorik?

Eta barre egitea ona bada, are osasungarriagoa da norbere buruaz barre egitea. Josu Martinez zinemagileak Gure sor lekuaren bila dokumentalean bere buruari barre egin diola aitortu du. Hazparneko (Lapurdi) Andre Madre militarrak 1956an egindako Gure sor lekua filmaren bilaketarekin itsututa ageri da Martinez. Euskarazko lehen filma aurkitzeak, berez, kontu serioa dirudi. Hala da, garrantzitsua. Interesgarria bilaketa. Martinezek ironiarekin eta irribarrearekin kontatzea erabakitzen du dokumentalean. Izan zitekeen kontakizuna bestela, baina modu honetan entretenigarri bilakatzen du filma. Gure sor lekuaren bila ez da komedia bat, dena den. Euskal zinemaren historiaren mugarri bat jasotzen du, intriga puntuarekin, Parisko etxe batean gordetako kutxa zahar batzuk direla eta. Hunkigarri egiten diren pasarteak baditu, 1956an Andre Madreren filmean agertu ziren pertsonaiak, hainbeste urteren ondoren, hitz egiten azaltzen direnean. Han agertu zirenen senideak dira kasu askotan. Haien hitzak entzutea gozamen hutsa da. Adineko lagun horien lekukotasunak, gorde beharreko beste ondare bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna