'Zimurrak'

Ahanzturaren labirintoan

2015eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Egilea: Paco Roca. Itzultzailea: Bego Montorio. Argitaletxea: Astiberri.

Paco Rocak (Valentzia, 1969) ibilbide luzea du irudigile gisa. Komikigintzaren arloan sari ugari irabazitakoa da, Bartzelonako Komiki Azokako lanik onenaren sari prestigiotsua, besteak beste. Baina haren obrarik arrakastatsuena Zimurrak izenekoa da. Izan ere, harekin Espainiako Sari Nazionala eskuratu zuen 2008an. Gerora komikiaren haria diziplina berri batera egokitu eta izenburu bereko animazio film bihurtuko zuen, eta bi Goya sari irabazi.

Argitaratu zenetik sei urte igaro diren honetan, Astiberriko lagunek —generoan esperientzia handia duen Bego Montorio itzultzailearen eskutik— Zimurrak euskaraz argitaratzea erabaki dute, irakurleon gozamenerako. Ohi duten mimoaz, azal gogorreko edizio zaindua eskaini digute, koloretan. Komikiez ari garela euskarri fisikoak duen garrantziaz jakitun, Astiberrikoek ez dute alde horretatik sekula hutsik egiten. Erabilitako materialei esker, gehiegizko tintaren usain sarkorrak ez digu, sudurretik behera eginez, eztarria erreko, inprentatik atera berri diren komiki batzuk irekitzean askotan gertatzen den bezala.

Zimurrak lanean lehen begiratuan elkarrekiko urrun xamar antzeman ditzakegun hiru kontzeptu uztartzen dira: zahartzaroa, alzheimerra eta komikia. Emaitza oilo ipurdia jartzen dizun narrazio hunkigarri bat da, benetako artelana. Istorioak alzheimerrak jota dagoen Emilio protagonistaren errealitateari heltzen dio. Haren gaixotasuna dela eta, familiak zaharrentzako egoitza batera eramaten du. Gaia, pertsonaiak, egoera, kokalekua... abiapuntutik bertatik deseroso sentiarazten gaituen narrazio bat da. Baina, azken batean, artearen helburuetako bat ez ote da, atsegin hutsetik ihesi, irakurleongan eragitea? Hala bada, komikiak ezin hobeto betetzen du bere funtzioa, dementzia mota ezberdinak pairatzen dituzten agure eta atso talde xelebre baten egunerokoan oso modu errealistan murgiltzen baikaitu, zahar etxea gizarteak bazter utzitako ezleku eta, batez ere, ezdenbora gisa aurkeztuz.

Istorioak modu zintzoan, hau da, pertsonaiok bizi duten drama arintzeko asmorik gabe, ezta hura areagotzeko asmorik gabe ere egiten du aurrera. Obra guztiz orekatua eraiki du Rocak. Alde batetik, emozioei neurri egokia hartu nahian aritu izan balitz bezala, samurtasunaren, tristuraren eta umorearen arteko konbinazioa aparta da, hainbeste non, oharkabean, irakurle gisa behin baino gehiagotan geure burua irribarretsu eta, aldi berean, hunkituta sentitzeaz harrituko gara.

Bestetik, ezohiko istorioaren bertuteez gain, kontatzeko moldean ere Zimurrak lan berezia dugu. Ez digu alferrik erakusten isilune bat edozein hitz baino esanguratsuagoa izan daitekeela. Kolorean tonu horixkak gailentzen dira, giro aproposa sortuz, irudi zaharrei —edo zahartzaroko irudiei— dagokien moduan. Azpimarragarria da, ikuspegia zabalagoa eskaintzeko asmoz, foku aldaketen eta ikusmen mailako flashback-en erabilera. Paco Rocak, trebezia paregabez, marratxo bakar batek aldartea alda dezakeela frogatzen digu bere marrazkietan. Ugariak dira pertsonaien aurpegien lehen planoak, eta ez da kasualitatea jakinik gizakiok elkar identifikatzeko darabilgun erreferentzia nagusia aurpegia dela. Hura da, hain zuzen, nor garen ahazteko mehatxuak lausotzen lehena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.