Angel Aldarondo.
Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. IGARLEAREN BITAKORA

Intuizioa da konpas bakarra

2016ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Iritsi da Zinemaldia Donostiara, galernak bezalaxe, beroaldiaren ostean, eta hiri guztia buruz behera jartzen. Aurtengoan, aspaldiko partez, ez daukat derrigorrezko pelikularik ikusi beharrik. Aurten libre naiz nahi dudana ikusteko, eta, orain, horren beldur naiz; historiak frogatu digun bezala, gizakia ez dago prest askatasun osoz bizitzeko. Orain, izenburuen zerrenda amaigabea ikusita, askatasunaren-patologiak hartu nau, erabakiak hartzeko unea da. Zer ikusi? Zer aukeratu? Edo zehatzago, zer ekidin? Hori baita —zoriontasunarekin gertatzen ohi den bezala— jaialdi erraldoietako ariketa nagusia: zerrendatik gauzak kentzea.

Hasteko eta behin, Zinemaldiaren ostean erraz estreinatuko diren filmak zerrendatik marratzea erabaki ona da, egun hauetan eskaintzen dizkiguten bitxikeriak aprobetxatu ahal izateko. Izen famatuak ere —bai zuzendariak, bai aktoreak— koarentenan jarri beharko genituzke, ez baitira beti bermerik behinena. Lagunek aurkeztutako lanak ere ezabatu beharko genituzke, baina pantaila erraldoi batean ikusteko aukera bakarra bada, agian laguna babesteko une egokia izango da. Irrika handiz itxaroten ditugun izenburuak saihestea ere ez da ideia txarra, horrela zinema aretoetako ilaretako galdera eta iritziak saihestuko ditugu. Tira, horrelako izenbururen bat aukeratu dezakegu, postureo kuota betetzeko.

Ez ditut hemen nire aukeraketak publikoki botako, ez niri etorri gero kexa-liburu eske. Dantza makabro honetan, bakoitzaren intuizioa da konpas bakarra. Ez fidatu nitaz, azken hiru Zinemaldietan palmaresa igarri izanak epaimahikideen sariak igartzeko dohain inutila dudala adieraz dezake, baina besterik ez, palmaresa ez da izaten, oro har, gehiengoaren gustukoa.

Arriskatu, hori da garaipen bakarra. Joan harrikada harrigarriak ikustera, ihes egin zure konfort-guneko istorioetatik, ziur aski geroko akatsetatik gehiago ikasiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.