itziar ugarte irizar
Durangoko 56. Azoka. TXANDA HARTUTA

Tuneleko denbora

2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Landakok ateak ireki zituen lehen egunean, larunbatean, itxita egon zen A-8a goiz partean; biharamunean, kazkabar, tximista eta irristaldi arriskutsu artean heldu ziren zenbait, eta atzo jaiki eta lehen notizietako bat zen 6.500 etxebizitzatik gora elektrizitate gabe zeudela Ipar Euskal Herrian —apurtu dut jarri gabe jarria genuen debekua, eguraldiaz aritzearena tarte honetan; aurkakoa zen zaila aurten—.

Maite Berriozabal Berrizbeitiari lapurtu diot txanda hartzeko abiapuntua. Ez dakit irakurri duzuen haren asteko txioa; bikaina da: «Autoan zoazela, euri zaparrada gogor baten erdian tunel bat igarotzen duzu. Bake hori sentiarazten dizun jendea dago. Jende tunela».

Egunotako jasarekin errepidean dabilenarentzat, jende hori den bezala, atseden tartea bilakatzen da tunela. Isiltasunarena. Autoaren haizetakoak minutu batez gelditzeko unea. Beste denbora bat zabaltzen da ilunpe horretan, eta ezin dut saihestu pentsatzea hori dela, hain justu, koadro batek, olerki batek, film, kantu batek eskaintzeko duena, beste denbora bat; are, barrurago, pintzelkada batek, hitz zehatzez eraikitako irudiak, eszena bateko argiak, buruan dabilkizun melodiak dezakeena.

Horren guztiaren inguruan, ordea, oso bestelako erritmo batean dabil egunotan bisitaria Landakoko korridoreetan. Ordu eta erdiko atzera kontaketa bat sumatzen du soinean atea zeharkatu orduko, eta horra paradoxa: leku gehiago egin da erakusmahaien aurrealdeetan aurten, baina espazioan irabazitakoa patxadan galdu da, eta bat baino gehiago penatu da ezin paseatu ahal izateaz nahi bezain lasai, ezin egin ahal izateaz bi hitz aspertu aspaldi ikusi gabeko harekin —akaso aitzakia ere eskertuko zuen norbaitek—.

Hortik aparte, maiz tuneleko bakean bizi nahiko genuke luzexeago. Badu Julio Cortazarrek ipuin bat Hegoaldeko autopista deitzen dena; hirirako sarreran buxadura batean harrapatuta gelditzen dira hainbat auto, eta, egoera egunetan luzatzen dela ikusita, bizimodu berri bat sortzen hasten dira hantxe bertan. Durango Bilbotik gertu egonik, agian hor gaude egunotan.

Baina denbora bazen gaia, Pertsegitzailea da aipatu beharko nukeen Cortazarren ipuina. Charlie Parkerren figuran oinarritutako Johnny Carter du protagonista, eta hartaz idatzi nahi duen kazetaria narratzailea. «Nik uste diat musikak denboran sartzen ninduela», aitortzen dio, «musika denboran sartzen dudan bezala jotzen ari naizenean». Harkaitz Canorena da itzulpena, eta hitzaurretik moldatua ondokoa: «Idazten, margotzen, dantzatzen, irakurtzen duenak sakoneran irabazi gura du bizitzaren kronologia makurrak luzetara lapurtzen diona».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.