Eukalipto sailen hedapena. Alternatiba bila

Lurra, interes publikoaren mesedetan

Itsasondoko Udala duela dozena bat urte hasi zen lursailak erosten. Alkatearen esanetan, «herritarrek erabiltzeko moduko mendiak» nahi dituzte. Etorkizunean lurrak izango duen garrantziaz ohartarazi du.

Itsasondo. Ariane Vierbücher.
Igor Susaeta.
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Soro eta belardi ez diren eta nekazaritzarako erabiltzen ez dituzten lurzoruek «ahal den neurrian» kudeaketa publikoa izan beharko luketela pentsatzen du Iñaki Aizpuru biologo eta botanikariak. «Menditik ateratzen ditugu ura, aire garbia, biodibertsitatea... Ondare publikoa dira». Itsasondoko Udala (Gipuzkoa) duela dozena bat urte inguru hasi zen lursailak erosten, eta Aizpuru 2019az geroztik da hango alkatea. Politika horrek helburu bat du: «Herritarrek erabiltzeko moduko mendiak izan nahi ditugu. Zein joaten da pasieran eukalipto sail batera? Aukera badu, ez».

Eta ideia hori azaltze aldera, adibide bat jarri du. «Imajinatu Aizkorri edo Aralar pribatizatzen dituztela, ez dakit zer espezie sartzen dutela, eta jendeak ez duela hara joateko gogorik. Denok haserretuko ginateke». Uste du herrietan hori saihestu daitekeela. «Lurrak interes publikoaren zerbitzuan jarri behar dira».

Hamar bat kilometro koadroko azalera du Itsasondok, eta eremu horren barruan dago Murumendi. Hain zuzen, mendi hori eta haren inguruak Eusko Jaurlaritzak natur interesgune izendatu zituztenean hasi zen udala ahalik eta lursail gehien erosten. 100 hektarea ditu jada; hau da, dagoeneko herriaren azalera guztiaren %11-12 ingururen jabe da. Gainera, jabetza pribatuko beste sail batzuk kudeatzen ditu.

Udal aurrekontuan, urtero 15.000 euro jartzen dituzte lurrak erosteko. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak laguntzak ematen ditu horretarako, eta Aizpuruk nabarmendu du sailak erosteko duten gaitasuna baino handiagoa dela eskaintza. Hektarea bakoitzeko 1.500 bat euro ordaintzen ari da udala, batez beste. Txikiak dira gehienak, hektarea bat ere ez dutenak, alkatearen arabera. Beraz, enpresa handiek ez dute interesik agertu. «Sail handiak nahi dituzte».

Egurra salduz etekin ekonomikoa lortzea dute asmo enpresa horiek. «Harizti bat edo pagadi bat baduzu, egurrena ez den beste onura batzuk edukiko dituzu», zehaztu du Aizpuruk. Esaterako, perretxikoetarako erabiliko dituzte sail txiki eta gutxi batzuk. «Joko handia ematen dute». Horretarako, Ultzamako kooperatiba batekin (Nafarroa) ari dira lanean. Interes pribatua eta publikoa aurrez aurre jartzeaz mintzo da, bide batez, alkatea: «Ez dut esan nahi interes pribatuak egon behar ez duenik, baina ahal den lekuetan, egoki denean, eta ez, orain bezala, antolakuntzarik gabe».

«Leku askotan»

Gipuzkoako beste udalerri batzuk zerrendatu ditu: Olaberria, Lazkao, Orendain, Baliarrain... Horietan ere, «beste askotan» bezala, lurrak erosten ari dira udalak. «Etorkizunean lurra, mendia, behar-beharrezkoa izango da; mugatzaileetako bat izango da lurzorua».

Horrekin guztiarekin lotuta, Naturkon plataforma ekologistak mozio bat aurkeztu du Gipuzkoako hainbat udaletan, eta testuak eskatzen du, batik bat, udalek atzeratu ditzatela eukaliptoa landatzeko eskaerei eman beharreko baimenen onarpenak. Oraingoz, mozioren alde bozkatu dute Soraluzen, Aramaion (Araba), Bergaran, Zumaian, Legorretan, Ordizian, Ataunen eta Ikaztegietan. Itsasondon, berriz, debekatu egin dute zuhaitz horiek udalerriko sailetan landatzea. Aizpururen esanetan, EAEko Toki Erakundeen Legean jasota dago udalei dagokiela «mendien kudeaketa», nahiz eta basogintzaren eskumena foru aldundien esku dagoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.