Korrika

Askotarikoak diren uhinak

22. Korrikaren harira, 'Uhinak' dokumentala zuzendu du Txakur Gorria sormen taldeak. Hitzei eta ekiteari heldu die, eta, bederatzi protagonisten bitartez, bederatzi errealitate «linguistiko eta emozional» bildu dituzte.

Ane Labaka, Mariñe Arbeo eta Asier Amondo, Uhinak dokumentalaren aurkezpenean. AEK KORRIKA.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Zein kolore du euskarak?». Beste batzuen artean, galdera hori egin diete Txakur Gorria sormen taldeko kideek Euskal Herriko bederatzi lekutan bizi diren bederatzi protagonistari. Eta bueltan, askotariko erantzunak jaso dituzte: ostadar kolorea, nahasmena sortzen duen kolorea, harrien kolorea, laranja, berdea, ekialdeko egunsentiko kolorea... Uhinak dokumentalaren bitartez, Euskal Herrian dagoen aniztasun hori islatzea izan dute helburu, Ane Labaka Maioz bertsolari eta Txakur Gorria taldeko kideak azaldu duenez: «Jolasaren bitartez, Euskal Herriko eremu desberdinetan euskararekiko dituzten bizipen linguistiko eta emozionalak islatzen saiatu gara. Errealitate ahalik eta anitzena erakutsi nahi genuen». AEKren eskakizunez ondu dute ikus-entzunezkoa, eta Korrika hartu dute ardatz. Egunotan, herriz herri ari dira lana aurkezten, baina ikusgai dago EITBren Nahieran zerbitzuan eta AEKren Youtubeko kanalean ere.

Hitzekin leloari jarraituz, bi zatitan banatu dute dokumentala bera ere. «Lehenengo zatia hitzen jolas gisa planteatu dugu, eta, bigarrengoan, ekitearen ideiaren inguruko hausnarketa bat egin dugu», azaldu du Labakak. Euskal Herriko bederatzi ahots entzungo dira aurreneko zati horretan, eta, horietako bakoitzaren bitartez, euskarari lotutako bederatzi errealitateren berri izango du ikusleak. Protagonisten aukeraketa «nahita» egin dutela kontatu du, «ahalik eta errealitate anitzena eta zabalena islatu nahi genuen». Bigarren zatia, berriz, «sakonagoa» da, eta gogoeta du ardatz. Hasierako edizioetako Korrikako irudi batzuk digitalizatu dituzte dokumentalaren bigarren parterako, eta irudi horiek, Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariaren off-eko ahotsarekin batera uztartu dituzte.

Lehenengo dokumentala

Txakur Gorria taldeak zuzendu duen aurreneko dokumentala da Uhinak. «Jolas moduan planteatuta egon denez, oso polita izan da protagonistak jolasaren parte bihurtu direla ikustea. Oso esperientzia aberasgarria izan da», kontatu du Labakak. Baina, aldi berean, luze ere egin zaie: «Beste eremu batzuetan bezala, pandemiak Korrika urtebetez atzeratu du, eta, horren eraginez, asko luzatu da prozesua. Izugarrizko gogoa genuen egindako lana askatzeko, zabaltzeko eta jendeak ikusteko».

Kamera eta edizio lanetan Haritz Arrizabalaga eta Peru Galbete aritu dira. Horrez gainera, Idoia Hernandez Hatxe-ren musika erabili dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.