Niko Iurramendi.
Kontxako Bandera. ARRANPLATIK

Kaiak bizirik

2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Aurtengo Kontxako Banderako estropadetan ez da izan aurreko urteetako zalapartarik. Atera dira txistulariak Boga-boga jotzera, baina ez dira hurbildu arraunzaleak. Donostiako kaiaren inguruak gaztelua, moila, Pasealeku Berria, Aquariuma eta behin estropadak bukatuta, Parte Zaharra, soinean herriko traineruaren koloreko kamiseta duten zalez bete ohi dira. Une hauetan, bihotzik hotzena duen arraunlaria ere epeltzen da, eta kosta egiten da kontzentrazioa mantentzea. Aurtengo ekitaldian, berriz, ez dugu hori guzti hori sentitzerik eta bizitzerik izan, eta pare bat gauza balantzan jartzera eraman nau. Eta balantza alde batera desorekatu da.

Estropada ia guztiak hasi aurretik urduri egon ohi naiz, eta ez dut ikusleekin imintziorik gurutzatu nahi izaten, nahiz eta hala egin. Denak gogaitu ohi nau, keinurik txikienak ere. Aurten, ordea, COVID-19ak sortu duen egoera madarikatu honen ondorioz, halako egoerak asko gutxitu dira, eta zer esango dut, alde on bat bilatu nahian pozik nengoen. Baina ez dut topatu. Itxuraz, enbarazu egiten duena eskertu egiten da. Nahiago dut animo-oihuek molestatzea, isiltasun ia osoan uretaratzea baino. Gustukoago dut ezezagunaren sorbaldarekin topo egitea, arranpla hutsik ikustea baino. Arrauna ez delako eskifaien joan-etorria soilik. Arrauna denok sortzen dugulako: arraunlari, entrenatzaile, autobus gidari, laguntzaile, epaile eta noski, zaleek. Herri eta auzoetako giroa denek sortzen dugun bezala.

Horregatik, kaiak, arrapalak eta moilak jendez beteak egotea nahi dut. Arrantzale eta marinel, ume eta heldu, turista eta auzotar. Bai Donostian, bai gainerako herrietan. Bai iraileko lehen bi igandeetan eta baita urteko gainerako sasoietan ere. Ea lehenbailehen berreskuratzen dugun denon arranpla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.