Telesailak

Oinordekotzak odolusturiko familia

HBOren 'Succession' hirugarren denboraldira heldu da; azken urteotako telesail onenen artean dago

Roy familia aberatsa da telesaileko protagonista. Logan Roy aitak enpresarako oinordekoa izendatu beharko du. SUCCESSSION.
Mikel Yarza Artola.
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Bueltan da, inoiz baino sendoago. Pantaila txikiko nobedade esanguratsuenetako bat da Succession telesailaren hirugarren denboraldia, ikusmina eragin duten itzulera handi horietako bat.

Ekonomiaren bidez mundua gobernatzen ahalegintzen den familia bilioidun bat da istorioko protagonista. Finantza merkatuak, hedabideak, entretenimendua, kirola, ontziak, jolas parkeak... Roy sendia itzaleko agintari da alor horietan guztietan, hariak mugitzen dituen eliteko erakundea.

Narratibako ideia klasiko bat da telesailaren zutabea: aitaren gainbehera eta seme-alaben erreleboa. 80 urte bete berri ditu Logan Roy enpresaburuak, Waystar konpainia sortu eta luzaroan gidatu du, baina krisi betean sartuko da inperioaren oinordekoa izendatzeko prozesuan. Semeak altxamendua antolatuko du aitaren aurka, alaba azpijoko baten biktima izango da lekukoa ia esku artean duela, eta eskandalu publikoek Roy sendia amildegiaren ertzera eramango dute. Boterea da telesailaren ardatz kontzeptuala, eta haren inguruan orbitatzen dute konfiantzari, amodioari eta adikzioari loturiko gai sakonek.

Drama, thrillerra, komedia... denetarik dauka kontakizun korporatibo horrek, eta argiak dira haren erreferenteak. Esaterako, zuzenean edan du The Godfather filmetik, baita Shakespearen tragedia klasikoetatik ere. Jesse Armstrong britainiarra da telesailaren sortzailea, pantaila txikirako lanetan ibilbide luzeko profesionala. Hollywoodera igaro aurretik, The Thick of It satira politikoan trebatu zen gidoigile gisa.

Telesailak oroimenean iltzatuta geratzen diren hainbat eszena ditu. Ikusleek ez dute erraz ahaztuko denbora-pasako beisbol partida batean Roman Roy senide gazteenak haur bati home run egiteagatik milioi bat dolar eskaini eta porrota muturraren aurretik pasatzen dioneko unea, Kendallek aitaren aurka antolaturiko zentsura mozioa telefono bidez jarraitu behar duenekoa, edota Shioban alabak aitaren partetik jasotako mespretxu gupidagabea, hautu sentimental zein profesionalak direla medio.

Sortzaileek une gogoangarriz bete zuten lehen denboraldia, eta gidoia findu bigarrenean. Hirugarrena derrapatze bortitzekin abiatu dute, tentsioz beteriko bigarren denboraldia eten zen unean bertan. Roy familia guztiz zatituta dago, eta protagonista bakoitzaren ekintza indibidualek inoizko pisurik handiena hartu dute kontakizunean. Oraingoan, Armstrongek gidaturiko lantaldeak azpimarra egin du ekintza horien kriminaltasunean.

Telesailak trebetasunez eraman du irudietara negoziazioaren eta gerraren artea, Sun Tzu filosofo txinatarraren estrategia klasikoei jarraikiz. Seriotasun horren artean, ordea, barre algararik ere ez da falta, eta horrek balio erantsi bat ematen dio atal bakoitzari.

Ikusleek dagoeneko gertutik ezagutzen dute Roy familia eta pitzaduraz beteriko pertsonaia bakoitza, baina sarritan gidoigileek itzalean uzten dituzte, begietan benda bat jarrita, bilera sekretuetan egosten ari diren ezkutuko hitzarmenen inguruko informazio guztia argitu gabe. Funtsean, ikusmin hori da telesailaren indargune nagusia, eta horregatik dastatuko dute irrikaz mundu osoko milaka jarraitzailek, beste behin ere, oinordekotzaren zapore gazi-gozoa.

'SUCCESSION'
Sortzailea: Jesse Armstrong.
Aktoreak: Brian Cox, Jeremy Strong, Sarah Snook, Kieran Culkin, Alan Ruck.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.