Zelatariaren gaixotasun ilunena

'The Watcher' telesaila estreinatu du Ryan Murphyk, 'American Horror Story' sagaren sortzaileak; urte honetako haren lau nobedadeen artean bigarrena da

THE WATCHER.
Mikel Yarza Artola.
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Alfred Hitchcocken Rear Window film klasikoa aipatu, eta berehala osa liteke haren oinordekoen zerrenda luze bat. Urteen poderioz, zelatari lanetan ibiltzen diren pertsonen inguruko filmak han eta hemen ugaritu dira, eta ez soilik espioitzari loturikoak, baita zelatari arruntei buruzkoak ere. Paul Verhoevenen Elle itogarria, Steven Soderberghen Kimi eta Sam Mendesen American Beauty klasiko garaikidea dira hiru adibide adierazgarri.

Zergatik zelatatu norbait egunero, ezkutuan? Zeintzuk ote dira zelatariaren anbizio eta gabezia ilunenak? Galdera horiek dira The Watcher telesailaren oinarria. Ryan Murphyren nobedadea da, 2022 urteko laugarrena. Dahmer - Monster telesaila aurkeztu du lehenik, duela hilabete, kritikak eta publikoak aho batez goretsi duen true crime generoko lana. Eta datorren astean, American Horror Story unibertsoaren beste bi lan estreinatuko ditu: batetik, New York City izeneko hamaikagarren denboraldia, eta, bestetik, Stories sagako bigarrena. Murphyk joan den urtean abiatu zuen formatu berri hori, atal independentez osaturiko istorioekin, AHS saga eraberritu nahian.

Bada, hain justu, The Watcher telesailean genesira jo du Murphyk, duela hamar urte mundu zabalean ezagun izatera eraman zuen Murder House denboraldiaren espiritura. Brannock familia da istorioko protagonista, etxe berri bat erosi duen familia bat. Ametsezko etxea zirudiena, ordea, berehala infernu bilakatuko da, bere burua «zelatari» izendatu ohi duen pertsona misteriotsu baten agerpena tarteko. Familia gizabanako horren gutunak jasotzen hasiko da lehenik, mezu makurrez jositako gutunak. Ostera, bizilagunak ezagutzen hasiko da, etxearen iragan malkartsua ezin hobeto oroitzen duten sekretuz beteriko bizilagunak.

Fikziora eramandakoak familia estatubatuar baten 2015eko benetako bizipenak dira, eta, kontakizuna are ikusgarriago egiteko, Hollywoodeko bi izar kontratatu dituzte protagonista izateko: Naomi Watts, Oscar sarietan bitan hautagai izandakoa, eta Bobby Cannavale, Emmy sariduna. Bata zein bestea ezin hobeto aritu dira manipulazio eta beldur giroan nahasitako senar-emazte ameslarien rolean; tartean da Mia Farrow beteranoa ere. Murphyk beste aurrerapauso bat eman izanaren erakusle dira hirurak.

Misteriozko istorio nagusiaz gain, telesailak beste hainbat ildo narratibo mamitsu ere jorratu ditu. Esaterako, etxebizitza negozioaren krudeltasuna, zerbitzari publikoen utzikeria eta buru osasunak eragindako samina. Baina The Watcher zazpi ataleko telesaila izan ordez lau edo bostekoa izan balitz, hobe. Protagonistak detektibe izatera jolasten hasten direnean, kontakizunak giharra galtzen du, eta Murphyk informazio gehiegi pilatu nahi izan du elkarrizketetan, irudien kaltetan.

Oraingo honetan, erraiek baino gehiago agintzen du garunak, eta, hala ere, pantailan ageri denak ikuslearen pentsamendua aztoratuko du. Watcher izena du urte hasieran Sundanceko zinema jaialditik igaro ostean Sitgesen aurkeztu berri duten film batek ere, eta, Murphyren nobedadearekin lotura zuzenik ez daukan arren, nolabait, haren unibertso berean bizi da. Rear Window, Elle, Kimi eta American Beauty bezala.

'THE WATCHER'
Sortzaileak: Ryan Murphy, Ian Brennan.
Aktoreak: Naomi Watts, Bobby Cannavale, Mia Farrow, Margo Martindale, Jennifer Coolidge.
Herrialdea: AEBak.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Izua. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.