Qatarko Munduko Kopa
Belgika eta Alemania, etxera

Munduko Koparen atariko kinieliei erreparatuz gero, inor gutxik aurreikusia zuen atzo jazotakoa. Japoniak pronostiko guztiak hautsi zituen E multzoan, eta sailkapeneko lehen postua eskuratuta igaro da final-zortzirenetara. Gauza bera gertatu zen, aurrez, F multzoan; Maroko sailkatu zen gorengo koskan, Kroaziaren kaltetan. Aldiz, txapelketan ondo aritzera deitutako bi selekziok nahi baino lehen amaitu dute Qatarko jarduna. Alemania da bat, eta Belgika bestea.
Batez ere, alemaniarren kaleratzeak eman du hizpidea. Ez alferrik, une askotan aurrera egiteko moduan izan baitziren. E multzoko talde guztiek zuten aukera aurrera egiteko, eta mataza hori askatzen lanak izan zituzten guztiek ere. Azkenerako, Alemaniak irabazi egin zion Costa Ricari (4-2), baina hirugarren postuan sailkatu zen. Stepahnie Frappartek gidatutako partidan, europarrek gutxika-gutxika lortu zuten gailentzea. Epaile frantziarra izan zen Munduko Kopa bateko norgehiagoka bat zuzendu zuen lehendabiziko emakumezkoa.
Ordea, E multzoko bi partiden arteko emaitzen matematikek piztu zuten iluntzeko sua. Espainiak kale egin zuen Japoniaren aurka, eta, une batez, Luis Enrique Martinezen taldea txapelketatik kanpora geratzeko arriskuan izan zen. Ez alferrik, Japonia nagusi izan baitzen bi selekzio horien arteko partidetan. Espainiarrek aurrea hartu zuten arren, asiarrek irauli egin zuten neurketa, eta horrek zabaldu zuen zalantzarako atea. Realeko Take Kubo hasieratik aritu zen japoniarrekin, eta gauza bera egin zuten Athleticeko Unai Simon atezainak eta Nico Williams aurrelariak, Espainiarekin. Gauza bera egin zuen Cesar Azpilikuetak ere.
Hutsa, mikatza eta gozoa
Aurrez, matematiketarako beharrik ez zen izan F multzoko jardunaldi erabakigarrian. Azken partidetako emaitzei zor, Belgika izan zen multzoen faseko kaltetuenetako bat. Urrezko belaunaldiko jokalariak etxera itzuliko dira, Kroaziaren aurka hutsean berdindu eta gero. Berdinketa batek gutxitan eragiten du halako aldarte ezberdina: balkaniarren poza, sailkatu direlako, eta belgikarren pena. Kalera joan ziren, asmatu ezinagatik.
Izan ere, Romelu Lukakuk asko huts egin zuen neurketan, eta negarrez utzi zuen zelaia. Belgikak gol bakarra nahikoa zuen aurrera egin eta Kroazia bidean uzteko, baina ez zuen alerik egin. Belgikaren kanporatzeak berehalako ondorioa izan zuen selekzio horretan; ametsa eteteaz gain, azken urteetan taldearen gidari izan den Robert Martinez teknikariak kargua utzi du. Hautatzaileak partidaren ostean eman zuen erabakiaren berri, prentsa aretoan.
Hein batean, Maroko izan da deskalabru horren eragilea. Afrikako selekzio hori izan da F multzoko talderik onena. Irabazi egin ditu jokatutako hiru partidetatik bi, eta berdindu egin du bestea. Atzo, hiru puntu gehiago bilduta amaitu zuen ligaxka. Munduko Kopa eskasa osatu duen talde bat menderatu zuen, Kanada (1-2). Garaipenari esker, lehen postuan gainditu du lehendabiziko fasea. Walid Regraguik balentria egin zuen hautatzaile kargua zuenetik hiru hilabete bete ziren egunean.
Behin final-zortzirenetako sailkatuta, Marokok bide beretik segitzea izango du xede. Espainiaren aurka ariko da lehendabiziko kanporaketan. Kroaziak, berriz, Japonia izango du kontrario. Gaur erabakiko dituzte G eta H multzoetako sailkapenak. Bi-bietan, lusofonoak dira sailkatutako bakarrak: Brasil batean, eta Portugal bestean. Gainontzeko taldeek eutsi egiten diote sailkatzeko esperantzari.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.