Zail, baina ez ezinezko

Gernikak 10 punturen aldea irauli behar du gaur, Valentzian, Eurokopako final-laurdenetarako sailkatzeko. Jokalari dezente min hartuta daude

Juana Molina Gernikako jokalaria jokaldi bat agintzen, Valentziaren aurkako joaneko lehian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaiak erronka zaila du gaur Valentzian, Eurokopako final-zortzirenetako itzulerako neurketan (20:00, ETB4). Bizkaitarrek final-laurdenetan egoteko ilusioarekin ekin zioten kanporaketari, baina aurreko asteazkenean hamar puntuz galdu zuten Malosten, (61-71), eta maldan gora jarri zaie Europan mugarriak gainditzen segitzeko ametsa. Gaur, dena den, valentziarren alde hori ezerezean uzten saiatuko dira, txapelketan jarraitzeko. Itziar Ariztimuñok joaneko lehiako azken segundoan lortutako hirukoa izan daiteke pizgarria.

Azken laurdenean apurtu zen partida Malosten. Ordu arte Gernikak ondo eutsi zion Valentziaren barruko joko indartsu eta fisikoari. Atsedenaldira bitarte, adibidez, Joy Alexix Brownek, Meiya Tirerak eta Julia Reisingerovak osatutako hirukoak zortzi puntu baino ez zituzten sartu. Baina Gernika hiru puntuz aurretik zela, (58-71) Nikolina Milicek laugarren falta egin zuen, eta gauzak aldatzen hasi ziren. Valentzia barruko jokoa gobernatzen hasi zen, eta uztaipean min handia egin zuten Brownek eta Tirerak. Hamazazpi punturekin amaitu zuen lehia lehenak, eta hamaseirekin bigarrenak. Nogaye Lo eta Julie Wotja gabe, hankamotz geratu zen Gernikaren jokoa, eta hori ondo baliatu zuen Valentziak, partidari buelta eman, eta hamar punturen aldea baliotsuhori lortzeko.

Gaurko neurketari begira, jokalari dezente kili-kolo ditu Gernikak. «Fisikoki ez gaude gure garairik onenean. Atzo [herenegun] Milic ezin izan zen entrenatu, Gironaren aurkako partidan jasotako partida batengatik;Mazyonitek, berriz, orkatila bihurritu zuen. Rondtree, berriz, gaixorik egon da, eta Lo ez dago sasoi betean, baina ea ahal den neurrian laguntzen digun», adierazi zuen atzo Mario Lopez entrenatzaileak.

Animoz, haatik, «ondo, gogotsu, eta lehiatzeko prest» daude. «Badakigu kanporaketa zail dagoela, baina denboraldi honetan erakutsi dugu gai garela onenekin nor baino nor gehiago aritzeko». Julie Wotja ere ez da ariko, Lopezek kanporaketa honetarako kanpoan utzi duen Ameriketako Estatu Batuetako jokalaria baita.

Erasora irtengo direla berretsi du Lopezek. «Hamar puntuz atzetik egonda, ezin gara zain egon. Lehen unetik partida irabazteko asmoz irtengo gara, konfiantzaz, azken laurdenera arte aukerekin jarraitzeko».

Defentsan hobetu beharra

Hori lortzeko gakoak azaldu ditu teknikariak. «Joaneko partidan gaizki egindako hainbat gauza konpondu behar ditugu. Defentsan hobetu behar dugu, haiek hain saskiratze errazak ez lortzeko uztaipean. Buruz buruko jokaldietan ere adiago egon behar dugu. Gainera, baloi gutxiago galdu behar ditugu, kontraeraso azkarrak egin ez ditzaten». Erasoan, berriz, «bizkorrago eta argitasun handiagoz» mugitu behar dute baloia. «Horrek ahalbidetuko digu jaurtitzeko aukera hobeak izatea».

Zaila izan arren, ez litzateke Gernikak Valentzian irabaziko lukeen lehen aldia. Aurreko sasoian, han jokatutako bi norgehiagoketan garaipena lortu zuen Mario Lopezen taldeak. Liga erregularren 64-70 irabazi zuen, eta titulurako final-laurdenetako kanporaketan54-66. Nahiz etaValentzia sailkatu zen finalerdietarako, Malosten bi lehiak irabazi baitzituen. Baina hamabi punturen alde hori nahikoa luke Gernikak Europan segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.