Zientzia. Maria Leunda. Paleoekologoa eta Bernako Unibertsitateko ikertzailea

«Iraganean dago etorkizunean gertatuko denaren giltza»

Duela milaka urteetako landareen fosilak ikertzen ditu, garai hartako landareen bilakaera ezagutzeko, baina, era berean, gaur egungo landareek aldaketen aurrean izan dezaketen jokabidea aurreikusteko.

jakes goikoetxea
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Ikertzaile gazte batek Journal of Ecology aldizkarian 2019an argitaratutako artikulu onenaren saria eman diote Maria Leundari (Beasain, Gipuzkoa, 1990). Duela milaka urteetako landareen fosilak ikertu zituen, talde batekin batera, Huescako Pirinioetako (Espainia) koba bateko izotzetan. Garai hartako basoen gorabeherak zehaztu zituzten. Hori da saritutako artikuluaren muina. Gaur egun Bernako Unibertsitatean lan egiten du, Landareen Zientzia Institutuan, mendiko aintziretako sedimentuak ikertzen. Unibertsitate garrantzitsua da biologia eta ekologia ikerketetan.

Nolako bultzada emango dio sariak zure ibilbideari?

Argitu nahi dut meritua ez dela nirea, jende askoren lana, ahalegina eta buruhausteak daude atzean. Ez dakit sariak zer ekarriko duen, baina oso pozik gaude.

Meritu gehiago dauka paleoekologiari buruzko artikulu bati emateak?

Ekologia ikerketei eman izan dieten sari bat da. Askotan oso zaila da era honetako aldizkarietan paleoekologiari buruzko artikuluak sartzea, ekologoek gaur egungo ikerketak nahi baitituzte. Beraz, artikulua argitaratzea eta saria jasotzea oso ona da, bai guretzat, bai ta paleoekologiarentzat.

Paleoekologia: zure kasuan, duela milaka urteko landareen fosilak ikertzea, orduan izan zuten bilakaera ikertzeko, eta etorkizunean, aldaketen aurrean, izan dezaketena aurreikusteko.

Iraganean klima aldaketa pila bat gertatu da, klima sistema dinamiko bat baita, eta ikertzen dugu aldaketa horiek landareetan zer nolako eragina izan zuten. Atzera egiten dugu, jakiteko etorkizunean zer gerta daitekeen edo ekosistemek nola erantzun diezaioketen klima aldaketari. Ezin dugu erabat ziurtatu, baina datuekin eta eredu klimatikoekin egiten dituzte aurreikuspenak.

Garrantzitsua da aldaketen ikuspegi zabala ematea?

Bai. Garrantzitsua da eskala zabalean, milaka urtean, zer gertatu zen jakitea, etorkizunean gerta daitekeena aurreikusteko. Zeren, normalean, ikerketa ekologikoen eskala bost, hamar edo 30 urtekoa izaten da, asko jota.

Paleoekologia behar beste hartzen al da aintzat klima aldaketari aurre egiteko?

Ez. Ikerketa garrantzitsu asko aridira gaur egun gertatzen dena neurtzen, etorkizunean zer gertatuko den jakiteko; baina milaka urteko ikuspuntuak garrantzi handia dauka aldaketa horien ikuspegi zabal bat izateko, eta ez da behar bezala aintzat hartzen. Iraganean dago etorkizunean pasatuko denaren giltza.

Iraganarekin alderatuta, bada faktore erabakigarri bat: gizakia klima aldaketa azkartzen ari da. Estrapolazioak egitean, nola bereizten da gizakiaren eragina?

Eredu askotan egiten dute bereizketa, gizakiaren eraginarekin eta eraginik gabe. Kurbak oso ezberdinak dira, jakina.

Natura interpretatzen duzue?

Neurri batean, bai. Historialariek, iragana ikertzeko, artxiboetara edo liburuetara jotzen dute, besteak beste. Gu, ordea, mendira joaten gara, eta naturako artxiboak ikertzen ditugu: aintziretako sedimentuak, izotz kobak, glaziarrak, kobetan sortzen diren espeleotemak... Sedimentuak eta izotza sortu eta metatu egiten dira, eta, metatu ahala, garai hartako ingurumen baldintzen informazioa gordetzen dute.

Zein adierazle ikertzen dituzu?

Sedimentuetan eta izotzetan metatutako polena eta landareen makrofosilak. Makrofosilak dira begi hutsez ikus ditzakezun landare aztarnak: hostoak, haziak, loreak, azikulak... Zailagoa da mendiko aintziretako sedimentuetan kontserbatzea, baina izotzetan primeran irauten dute.

Zer proba egiten dizkiezue fosil horiei? Karbono-14 proba?

Lehen gauza adina jakitea izaten da, eta karbono-14 probarekin jakin dezakegu. Horretarako, materia organikoa behar dugu, eta landareen makrofosilak dira onenak.

DNA ere atera daiteke?

Orain, DNA lortzeko metodoak hobetzen ari gara. Nahiko berria da. Fosil horien DNA nahiko degradatuta egoten da, zaila izaten da egoera onean edo ez hain degradatuan aurkitzea, gero ondorio batzuk atera ahal izateko.

Saritu duten artikuluan, Pirinioetako izotz koba bat ikertu zenuten: Armeñakoa, Erdiko Pirinioan, Cotiella mendiaren ekialdeko maldan [Huesca, Espainia]. Nola jakin zenuten haren berri?

Kobetan eta izotz kobetan espeleologoek hasten dute lana. Haiek gabe, ez gara ezer. Horrelako kobaren bat aurkitzen dutenean, esaten digute. Koba on bat aurkitzeko pila bat bisitatu behar da.

Zein da Cotiellako kobaren aberastasuna?

Materia organikoaren geruza pila bat duela. Landareen makrofosilez josita dago: pinuen azikulak, landareen hostoak, haziak...

Nola ikertzen da 2.200 metrora dagoen kobazulo bat?

Dirua baldin badago, materiala helikopteroz igotzen da. Armeñara mandoekin igo genuen: espeleologiako materiala, sokak, eskailera, sorgailua, zulagailua, barautsak, poteak, janaria, ura...

Zenbat eguneko landa lana izan zen?

Hiru egunekoa bakarrik; ikerketak, ordea, hiru urte inguru iraun zuen. Kanpamentu moduko bat prestatu genuen. Koba hau ez da hain zaila: hamar metroko putzu bat dauka, baina rappel egiten erraz jaits daiteke, eta segituan iristen da izotz biltegira. Lan egiteko baldintzak ez dira oso erosoak: 0 gradu inguru, sekulako hezetasuna, ordu pila bat lanean... Pentsa, alarma jartzen genuen jan egin behar genuela gogoratzeko. Hala ere, gustura egiten dugu lan.

Koba ikertzen jarraitzen duzue?

Urtean behin joaten gara. Tenperatura sentsoreak jarri ditugu koba askotan, aldaketak ikusteko.

Armeñako izotza oso azkar ari da urtzen.

Bai, erabat urtuta ikusiko dugu.

Ondorioztatu zenuten duela 5.700-4.200 urte mendi pinuak (Pinus uncinata) eta urkiak (Betula) gaur egun baino 200-400 metro gorago zeudela, kobaren parean, 2.250 metrora.

Zuhaitzak edo basoa noraino iristen diren jakitea garrantzitsua da, ekosistemak oso ezberdinak baitira basoekin edo larre alpetarrekin. Basoen fluktuazioak nolakoak izan ziren ikertu genuen duela 5.700 urtetik 2.200 urtera, izotz biltegiaren adin tartean. Duela 5.700 urte basoa gaur egun baino dezente hedatuago zegoen, eta baso muga kobaraino iristen zen. Gorago ere bai, ziurrenik.

Beste ondorioetako bat izan zen klima aldaketarengatik basoek altueran gora egingo dutela, eta landare artiko-alpinoetan eragin kaltegarria izan dezakeela.

Hori ikusten da. Beste ikerketa batzuek erakusten dute ia mendikate guztietan basoak altueran gora egiten ari direla. Izan ere, goian tenperatura jada ez da hain hotza. Basoak igotzeak eragina du beste espezie batzuetan, elkarren konpetentzia handitzen baita. Tontorretan bizi direnek ezin dute gorago egin, eta desager daitezke.

Bernako Unibertsitatean ari zara lanean, doktoretza osteko ikertzaile gisa. Zer ikertzen duzu?

Mendiko aintziretako sedimentuak ikertzen ditut. Bertan kontserbatzen diren alertzeen azikula fosilekin lan egiten dut. Fosiletatik DNA ateratzen dut, eta aztertzen dut iraganeko klima aldaketek nola eragin zuten alertzeen aniztasun genetikoan. Aldaketa klimatikoaren aurrean, espezie bat genetikoki zenbat eta anitzagoa, orduan eta baliabide gehiago edukiko ditu ingurumen berri batera egokitzeko.

Zure ikertzaile ibilbidea egonkortu da edo kolokan dago oraindik ere, beste ikertzaile gazte askoren kasuan bezala?

Ez dakit noizbait egonkortuko den. CSICen [Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia] lau urteko doktoretza beka bat izan nuen, eta Ekologia InstitutuPiriniarrean lan egin nuen. Iazko maiatzean tesia bukatu nuen eta irailean Bernan hasi nintzen. Hemen oso gustura nago,baina kontratua 2021ean bukatzen da. Orduan, auskalo.Beste galdera ikur handi bat. Batek daki honetan jarraitu ahalko dudan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.