Gehiegizko euriak eragotzi du Nafarroako labore uztak errekorra ez ontzea

Neguko laborantza estensiboak 871.000 tonako emaitza ekarri du, iazkoaren pare. Gariak eta garagarrak osatzen dute uzta dena kasik
Gari sail baten uzta biltzen, Nafarroan.
Gari sail baten uzta biltzen, Nafarroan. DAVID AGUILAR / EFE

Xabier Martin -

2018ko abuztuak 10
Ez da batere txarra izan Nafarroako laborantza estensiboaren uzta 2018an. 871.000 tona jaso dute laborariek, eta kopuru horrek eragin du uzta «oso on» gisa azaltzea, «desberdintasun handiak egon arren eskualdetik eskualdera». Ez da iritsi 2016. urteak ekarritako uzta historikora: 942.000 tona labore; euri gehiegi egin du maila hori lortzeko. Baina ez da urrun geratu (-%7,5), eta iazkoaren pare ibili da. Horiek horrela, azken hiru urteak historikotzat jo zituzten laborarien ordezkariek, atzo, INTIA enpresa publikoak antolatutako jardunaldian, Erriberrin.

Guztira, 194.625 hektarea erein dituzte, aurreko urtean baino mila inguru gutxiago. Lugorrian utzitako eremua handitu egin delako gertatu da. Labore motari dagokionez, uztaren erdia kasik garia izan da (%48,6); garagarra da beste erraldoia (%42,5); oloa da gainontzekoa (%6), eta labore alternatiboa, koltza (%1,7) eta lekadunak (%0,8).

Beraz, euria ez da oztopo izan uzta oso ona lortzeko, baina hainbat eskualdetan emaitza hobeak eragotzi ditu. Aparteko uzta egon da Nafarroako hegoalde lehorrean; oso ona erdialdean eta normala mendialdean. Hala gariarekin nola garagarrarekin, zenbat eta hegoalderako orduan eta uzta oparoagoak egon dira.

Gariak uzta handiagoa eman duen arren, garagarra da Nafarroako laborariek gehien erein dutena: 84.000 hektarea. Gari landaketak 78.000 hektareatan egin dituzte. INTIAk dio euriak lursailetan sortutako ur putzuek zertxobait mugatu dutela gariaren uzta.

Ekitaldi berean, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko kontseilari Isabel Elizaldek azaldu zuen gobernua jarrera adostu baten bila dabilela NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformaren aurrean. 2020tik aurrera, «Nafarroak asko du jokoan», esan zuen Elizadek: «Gure nekarazaritza, lurraldea, eta erosketa saskia». Beste eduki bat ere aipatu zuen: sektorearen zahartzea eta hura gaztetzeko saioa.

Belaunaldi erreleboa

NPBk Nafarroako nekazaritzan izan duen eraginari buruzko azterketa sakona egiten ari da gobernua, 1997., 2011. eta 2016. urteak alderatuz. «NPBren erreforma inoiz baino beharrezkoa dela erakusten ari da; aldaketa bat behar da nekazaritza laguntzei begira», azaldu zuen kontseilariak. NPBren laguntzen hartzaileen batez besteko adina 63,7 da, eta gero eta gehiago zahartzen ari da. «Argi dago eredu hau ez dela gai izan sektorearen erronkarik handienetako bati erantzuteko: belaunaldien erreleboa erraztea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna