Telesailak

Zertarako politika, futbola edukita?

ETBk garatu ez zuen 'Aupa Josu' telesailaren errautsetatik sortu dute 'Vota Juan', Espainiako politikagintzaren satira
Javier Camara aktorea —ezkerretik bigarrena— da telesaileko protagonista.
Javier Camara aktorea —ezkerretik bigarrena— da telesaileko protagonista. BERRIA

Mikel Yarza Artola -

2019ko otsailak 9
Duela sei urte idatzi zuten Borja Kobeagak, Juan Cavestanyk eta Diego San Josek Aupa Josu, bere burua ETAren behin betiko armagabetzea posible izan zedin pertsona giltzarritzat zuen Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuaren inguruko komedia. ETBk, atal pilotua eskaini ostean, baztertu egin zuen, ordea, telesailari jarraipena emateko aukera.

Bertan behera geraturiko proiektuaren fruitu da Vota Juan, Kobeagaren faltan, Cavestanyk eta San Josek Espainiako Estatuko politikagintzara egokitu duten kontakizuna. Prentsaurrekoetan kamerak itzaltzean gertatzen denari erreparatzen dio telesailak, pasilloetan, fokuetatik urrun, politikariek izan ohi duten jarrera zalantzati eta baldarrari. Javier Camara aktore protagonistak irudikatzen du hori nagusiki. Moncloa du helburu, baina bidean aurre egin beharko die alderdi barneko handinahikeriei eta hankasartze propioei.

Hain justu, Rodrigo Sorogoyen zuzendari madrildarraren El Reino filmak Goya sarietan golardo gehien jaso dituenetan estreinatu da Vota Juan. Errealitatean hamaika adibide izanda ere, politikagintza basamortu bilakatua zen fikzioaren esparruan.

Horregatik, esanguratsua da ordezkari publikoen jardunari eta botereak ustelkeriarekin duen loturari erraietatik erreparatzen dioten istorioak ugaritzen hasi izana.

Bide horretan aurrera egin nahian, Cavestany eta San Jose sortzaileek ez dute errealitateko figurarik edota gertakari zehatzik islatu telesailean; horren ordez, alderdien logika gainditzen duten jokaerarik ohikoenak pantailaratu dituzte. Politikari protagonistaren eta inguruan dituen lankideen baldarkeria islatzeko ahalegin horretan topa daitezke, batetik, umorezko eszena hutsalak eta, bestetik, politikagintzan sakontzen duten une mamitsuagoak.

Alde horretatik, telesailak gogora ekar dezake satira politikoan trebaturiko Armando Iannucci sortzaile eskoziarrak Westminsterreko egunerokoaren harira eraikitako The Thick of It saioa, baita Etxe Zuriko zirrikituak hizpide dituen Veep ere. Forma aldetik, Vota Juan ez da Iannucciren obra bezain garratza, baina politikariek kazetariekin duten harremana eta presentzia mediatikoa areagotzeko erabiltzen dituzten trikimailuak fintasunez islatzen ditu.

Politikak mamia galdu eta ikuskizun soil bilakatu izana da telesailak lantzen duen kontzeptu nagusietako bat. Baldarkeria naturaltasun osoz erakusten du, eta horregatik da esanguratsua une jakinetan istorioak narrazio estilo ilunago bati ere tartea egitea. Hedabideak ez ezik, senideak, etxe garbitzailea... inguruan duen oro ere erabiltzen du presidente izan nahi duen protagonistak bere interes pertsonala bete ahal izateko. Azken batean, agintari izateko nahiaren inguruko kontakizuna baita honako hau, eskrupulurik gabeko botere gosearen ingurukoa.

Paradoxa gisara ikus liteke; beraz, presidentetzara bidean den politikariaren inguruko telesailak eztabaida politiko bakar bat ere ez jasotzea. Modu batean, Cavestanyk eta San Josek omisio hori baliatu nahi izan dute mezu jakin bat indartzeko: ikuskizuna, hustasuna eta maltzurkeria gailendu dira, eztabaida publikoaren kaltetan. Protagonistak ere ideia bera haizatzen du laugarren atalaren amaieran: zertarako politika, futbola edukita?

'VOTA JUAN'

Sortzaileak: Juan Cavestany, Diego San Jose.

Aktoreak: Javier Camara, Maria Pujalte, Joaquin Climent, Nuria Mencia, Adam Jezierski, Yael Belicha, Esty Quesada.

Herrialdea: Espainia.

Urtea: 2019.

Non ikusi: TNT, Movistar+.

Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu.

Generoa: Komedia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna