Miurak izan dira azkarrenak

Ukuiluetatik motel irten diren arren, Udaletxe plazatik aurrera, abiadura bizkortu dute zezenek. Hamahiru lagun eraman dituzte erietxera, guztiak kolpeengatik

Miurak izan dira azkarrenak.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Azkarra bezain liluragarria izan zen sanferminetako zortzigarren eta azken entzierroa. Lora del Rioko (Sevilla, Espainia) Miura ganadutegiko sei zezenek oso azkar egin zuten zezen plazarako bidea. Bi minutu eta hamar segundo besterik ez zuten behar izan helmugara iristeko. Adarkatzeko inolako imintziorik ez zuten egin. Hala ere, Telefonica pareko hesian hainbat lagun pilatu, eta hiru zezenek harrapatu egin zituzten. Korrikalari bat, gainera, airean bota zuten. Harrigarria iduri duen arren, ez zuten inor adarkatu. Denera, hamahiru lagun eraman zituzten Nafarroako Ospitale Gunera, kolpe eta zauriengatik.

Giro berezia zegoen entzierroko ibilbide osoan, atzo. Sanferminetako azken entzierroa zenez, korrikalariek elkar besarkatu eta heldu den urte arte agurtzeko profitatu zituzten zezenak atera aurreko eta ondorengo uneak. Gainera, unai gisa lanean ziharduten azken aldia izan zen Miguel Araiz Rastrojo-rentzat eta Vicente Martinez Chichipan-entzat. Hala, azkenekoz atera zituen Rastrojok zezenak San Domingoko ukuilutik.

Hasiera batean, joaldunak jarri ziren taldearen buruan, baina berehala jarri ziren lehen postuetan Miura ganadutegiko zezenak. Horri esker, korrikaldi politak egiteko aukera izan zuten parte hartzaileek. Udaletxe plazarainoko bidea arazo handiegirik gabe egin zuten. Aurreko egunetan baino toki gehiago zuten korrikalariek ere, eta erorialdi gutxiago izan zen ibilbidearen zati horretan.

Plaza zeharkatzerako, taldea bitan banatu zen. Lehenengo, bost zezen eta joaldunak zihoazen. Bigarren taldean, berriz, zezen bat eta joaldunak. Elkarren artean, bi metro eskaseko distantzia zegoen. Mercaderes karrikara sartzear zirela, zezenetako batek irrist egin zuen, baina berehala jarri zen lau hanketan, eta gainontzeko animaliekin bat egin zuen.

Aurreratuago zihoazen zezenek eta joaldunek Estafetako bihurguneko hesiarekin egin zuten talka, eta ondorioz, atzetik zetozenekin bat egin eta elkarrekin ekin zioten entzierroko kalerik luzeena zeharkatzeari. Ziurrenik, entzierroko unerik ederrenak orduan izan ziren. Zezenen abiadura azkarra zen arren, korrikalariek ederki jakin zuten animalien aurrean ondo kokatzen. Azken egunetako korrikaldirik politenak ikusteko parada izan zen.

Baina Telefonicako bihurgunera iristean goitik behera aldatu zen entzierroa. Izan ere, hiru korrikalari zezenaren aurrean tokia bilatu ezinik zeudela, atzean zuten zezen beltzak adarrarekin bota egin zuen elastiko berdea zeraman gizonezkoa.

Zezenek eta joaldunek osatutako taldeak aurrera egin zuen. Azken egunetan gertatu den bezala, eskuineko hesi aldera gerturatu, eta ezustean harrapatu zituzten dozena erdi bat korrikalari.Horietako bat, hesira igotzen saiatzen ari zela, zezenak adarrarekin airean bota zuen. Harrigarria eman arren, ez zuten inor adarkatu. Hamahiru lagun soilik eraman behar izan zituzten Nafarroako Ospitale Gunera, kolpeengatik edo zauriengatik. Telefonicako gertakariaren ondoren, arazorik gabe sartu ziren zezenak plazara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.